San Sebastian eguna gertu… danbor hotsa nonahi
Badator, gertu daukagu San Sebastian eguna. Egun hauetan kalean zoazela edonon entzuten da danbor hotsa. Norbaitek ez al du entseguetatik datozen danborren hotsik entzun oraindik? Arratsaldeko 19:00etatik hasi eta gaueko 21:00ak pasa arte adi egotea besterik ez da behar. Donostiarrok ba dugu abilezia berezi bat, danborren erritmoa entzunda zein pieza entseatzen ari den asmatzeko, hala da bai. Edo hala zen orain dela gutxi arte, pieza berriak sartzeari ekin zioten arte.
Aurreko urtean Hiria erre zutela bi mende pasa zirela eta Donostiako Zortziko martxa zaharra jotzen zuten batzuek. Ez zen batere erraza izan ikastea. Aurten, Peter Ansorenak bota digu berea. San Sebastian egunaren aurretik ohikoa den bezala, Igandean ospatu zen Txistularien kontzertuan (kontzertu aparta bestalde) Kresalako gaztetxoek «Maritxu» abestu ziguten danbor hotsez lagundurik. Abesti famatua, emakumearen libertatearen adierazgarri diren iturriko abestien generokoa dela kontutan hartuta eta emakumen parte hartzea bultzatzeko asmotan, danborrarien errepertorioan sartzea proposatu zuen Ansorenak.
Helburua laudagarria izanda ere, ez dakit ordea musika aldetik hain egokia ote den honelako abestia danborrez laguntzea. Gainera, danbor eta upelekin jokoa eginaz, danborrak Bartolorena eta Upelak Maritxurena egiten zuten, mutilek «Maritxu nora zoaz…» eta neskek «Iturrira Bartolo… abesten zuten bitartean. Nire danborradan danborra jotzen duten emakume dezente daudela eta upela jotzen dugun gizonezko asko gaudela kontutan hartuta, nahaspila ederra… Inongo izaera martzialik ez duen doinua izanda gainera, ez dakit nik hau ote den ba danborrada batentzat abestirik egokiena…
Egokiagoa iruditu zitzaidan Kontzertua ixteko aukeratu zen pieza, guztiok ezagutzen dugun Pablo Sorozabalen «Debako martxa». Edo hobeto esanda, «irugarren kalez kale» deiturikoa. Danborradaren errepertorioa zabaldu nahi bada, horra hor pieza egokia. Ez dut Donostian gustatzen ez zaionik ezagutzen. Ba du oilo ipurdia jartzeko gaitasun berezi hori, Sarriegik bere piezekin hain trebeki erabiltzen zuena bezalakoa. Eta jo dezatela upelarekin gizonek zein emakumeek edo danborrarekin mutilek nahiz neskek, bakoitzak nahi duen uniformez jantzita eta trebezia handiena duenak zuzenduta, Pablo Sorozabal donostiarraren omenez eta batez ere guztion barruko sua piztuta. Hori baita San Sebastian eguna munduan bakarra egiten duena!