2019ko Aste Nagusia
Amaitu da 2019ko Aste Nagusia. Aurtengoan ere aktibitate ugari eta parte-hartze handia izan ditugu, eta hori kontuan hartuta, balorazioa positiboa izan behar du, ekitaldi desberdinetan parte-hartzeak horrela ikusarazten digulako.
Eta hori ez litzateke horrela izango Donostiako Festak osatzen duen taldearen lanik gabe. Horregatik eskertu eta zoriondu nahi dut egiten duten lana.
Jaiei hasiera Errealeko jokalariek (futboleko eta belar-hockeyko neskek) eta, Gastronomiako Anaiartearen Ohorezko Batailoiaren buruan, Onintza Mocoroa artillariak eman izanak agerian utzi zuen donostiarrek erabakigarritasunez egin dutela bertako jaietan emakumeek presentzia eta parte-hartze aktiboa izatearen aldeko apustua.
Kanoikada amaitu ondoren, 2019ko Aste Nagusiko ekitaldi arrakastatsuenetako bat, Gazte Nagusi Holi Fest, egin zen Boulebarrean. Bertan ia 4.000 pertsona izan ziren ekimen koloretsu berri honekin gozatzen.
Sagueseko, Kursaaleko, Alderdi Ederreko, Pasealeku Berriko edo Koldo Mitxelenako eremuak gainezka egon dira beste urte batez, bakoitzak bere eskaintza ezberdindu eta zabalarekin, baita Gros, Amara edo Antigua auzoetan antolatutako ekitaldiak ere. Eta lehen aldiz Aste Nagusi inklusiboago eta solidarioago batetaz gozatzeko aukera izan dugu, abuzutaren 9an eta 13an musikarik gabeko bi ordu eskainiz zailtasunak dituzten hainbat pertsonen beharretara egokitutako baldintzetan gozatzeko aukera emanez.
Eta horrekin batera, hainbat eta hainbat kirol, haur, musika, eta folklore ekitaldi aurten ere kolorez, energiaz, dinamismoz eta aniztasunez jantzi dute gero eta donostiarragoa den Aste Nagusia.
Su artifizialen 56. Nazioarteko Lehiaketa
Ikuskizun piroteknikoa Donostiako Aste nagusiaren erakargarri handienetarikoa izaten jarraitzen du. Publiko leialak aurtengo maila altua babestu du, nahiz eta eguraldia lagundu ez izan. 700.000 bat pertsona gerturatu dira Scarsella Fireworks (Italia) etxeak irabazi duten edizio honetaz gozatzera. Horrek erakusten du, donostiarrok su artifizialak benetan gureak sentitzen ditugula.
Segurtasuna eta eraso sexistak
Baina egitarauaz gain, berriro ere gure hirian nahi ez ditugun hainbat jarrera jasan behar izan ditugu, hain zuzen ere, emakumeen aurkako hainbat eraso. Jaien hasieran desio bat adierazi nuen, balantzean eraso sexistei buruz ez hitzegiteko beharra izatea, baina tamalez ez da horrela, eta beraz horiek ekiditeko lanean jarraitu behar dugu. Eta horretarako, gure prestutasuna adierazi nahi dut hiritar eta eragile guztiekin elkarlanean aritzeko.