2022ko aurrekontua: Donostiak izan duen aurrekontu sozialena

Spread the love

Donostiako Udalak 2022an 424,8 milioi euroko aurrekontua izango du, 2021ekoa baino 24,8 milioi euro gehiago. Datu horrek 2020an onartutakoari hurbiltzen zaio, baina oraindik badago bidea osasun-larrialdiaren aurreko egoerara itzultzeko.

Egia da, adierazle guztiek erakusten dutela bizi dugun osasun larrialdiak eragindako ondorio latzei irtenbidea gertu dela. Baina horrek sortzen dituen zalantzak eta Auzitegi Konstituzionalaren epaiak, hain zuzen ere, oker deitutako gainbalion gaineko zerga kobratzeko modua konstituzioaren kontrakoa dela ebatzi duen epaiak, zuhurrak izaten jarraitzea behartu gaitu onartu berri dugun aurrekontua egiteko.

Inor atzean ez uzteko

2022ko aurrekontua osatu da behar gehien duten pertsonek udal administrazioaren erantzun hobeta eta baliabide gehiago izan dezaten. Ezin dugu inor atzean utzi. Horregatik, gizarte babeserako eta sustapenerako aurrekontu-sailak gehiago indartu dira.

Are gehiago, Donostiak inoiz izan duen aurrekontu sozialena dela esan dezakegu. Eta datua oso argia da: 2015ean 25,3 milioi bideratzen ziren gizarte babesa eta sustapenerako; 2022an, aldiz, 34,6 milioi bideratuko dira.

2022ko Gastu Politika

Auzoetan inbertsio gehiago

Era berean, azpimarragarria da 2022ko aurrekontuan aurreikusitako inbertsioa 2021ekoa baino %22,7 handiagoa dela. Hortaz, auzoetan jarduerak egin ahal izateko 54,4 milioi euro izango ditugu. Eta, gainera, Estatutik zein Europatik Next Generation funtsen bidez beste hainbat inbertsio egiteko iritsi daitekeen finantziazioa jasotzeko aurrekontu-sail hedagarriak daude.

Kalitatezko zerbitzuak

Halaber, Udalaren mendeko erakunde eta sozietateei 10 milioi euroko ekarpen gehigarria egiten zaie, osasun-larrialdien ondorioei aurre egiteko. Hortaz, Udalak 89 milioi euroko ekarpena egingo die, donostiarroi ematen zaizkigun kalitate handiko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko.

Baina, 2022ko aurrekontuak err epe luzera begiratzen du. Izan ere, 2023rako 38 milioi euro aurreikusten ditu; 2024rako 35 milioi; eta 2025erako 19 milioi euro.

Akordioak

Azken asteotan udal talde guztiekin aurrekontua hobetzeko proposamenak negoziatzen saiatu gara. PP eta Elkarrekin taldeekin hainbat akordio egin ditugu, eta EH Bildurekin, aldiz, nahiz eta 9 milioi euroko eskaintza egin diogun, ezin izan dugu akordiorik lortu. Dena den, talde guztiei eskua luzatu diegu egoerari aurre egiteko elkarlanean jarraitzeko.