2025eko aurrekontua: soziala, inbertitzailea eta hiri seguru eta garraio publikoarekin konprometitua
Kanpoko arazoak direla-eta, bereziki pandemiak eragindako ondorioak direla-eta, ezin izan dugu azken urteetan hurrengo ekitaldirako aurrekontua urtea amaitu aurretik onartu. Aurten, beraz, esan dezakegu, normaltasunera itzuli garela.
Baina, nola azaldu dezakegu Udal aurrekontua zenbaki handietan galdu gabe? Bideo honetan saiatu gara aurrekontuaren ildo nagusienak minutu batean laburbiltzen:
Ikusi duzuen moduan, aurrekontuari esker gehien behar dutenei lagundu diezaiekegu, autobus elektriko berriak kaleetan zirkulatzen ikusi ditzakegu, kaleak zainduak eta garbiak izan ditzakegu, parkeak eta lorategiak zainduak, kiroldegiak eta kultur etxeak funtzionatzen, edo udaltzainak eta suhiltzaileak zerbitzu ematen Donostia hiri segurua izateko.
Era berean, behar diren baliabideak ematen dizkigu proiektu berriak garatzeko, hain zuzen ere, hiria zein auzoetako – eta bereziki gehien behar duten auzoetako – bizi kalitatea hobetzeko proiektu berriak.
Eta besteak beste, proiektu horiek honakoa bilatzen dute: etxebizitza berria sortzea – donostiarrek duten behar eta kezka nagusienetako bati, etxebizitza beharrari, erantzuteko -, Anoetako miniestadioa edo Haizearen Orrazia birmoldatzea, Bretxako Arraindegia eraikinaren obrak amaitzea, edo hirian hiru Haurreskola berri jartzea. Hementxe dituzue garatuko diren hainbat proiektu:
Guztira, Udalak 517,4 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du, eta horri esker segidako helburuak betetzen saiatuko gara:
1- Inor atzean ez uztea: Gizarte Ekintzako departamentuak 37,4 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du;
2- Mugikortasun jasangarria sustatzea: 71 milioi euro bideratuko dira garraio publikoa bultzatzeko autobus elektrikoak erosiz eta tarifen beherapenak mantenduz;
3- Hiri zaindua eta kalitatezko zerbitzuak izaten jarraitzea: Hiri-Mantentze eta Zerbitzuetako departamentuak 105,4 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du, eta hainbat zerbitzutan langile berriak kontratatuko dira;
4- Hiri segurua izatea: Udaltzaingoaren eta Suhiltzaileen aurrekontua %5,8 eta %6,6 handituko dira, hiritarrei zerbitzua emateko erabiltzen duten materiala berrituz eta euren instalazioetako ekipamenduak hobetuz.
Donostia hiri bizia da, eraldaketa etengabean dagoena eta erritmo onean aurrera egiten jarraitzen duen hiria da. Hiri kohesionatua, aberastasuna sortzen duena eta hiritarrei bizi kalitatea eskaintzen diena euren bizitza proiektuak hirian egiten jarraitzeko, eta beti, behar gehien dutenei lagunduz.
Espero dut aurrekontu proiektu berri hau modu erraz eta ulergarrian azaldu izana. Aurrekontu honi esker Udalak behar dituen tresnak izango ditu harro sentiarazten gaituen hiria izaten jarraitzeko.