2021eko aurrekontua, adostasunaren aurrekontua
400 milioi euroko aurrekontua onartu berri dugu gaurko Udalbatzarran.
2020ean onartutakoa baino %8 txikiagoa da, osasun-larrialdiaren ondorioz diru-sarrerak gutxitu direlako. Baina inoiz baino adostasun gehien lortu duen aurrekontua da. Izan ere, Elkarrekin Donostia eta PP udal taldeekin batera lau milioi euroko zuzenketak onartu ditugu.
Zuzenketa horiek, alde batetik, COVID19a gehien jasaten ari diren saltoki txikierentzat zein ostalaritzarentzat aurreikusitako neurriak indartzen dituzte, eta bestetik, beste hainbat alorretako aurrekontu-sailak hobetzeko balioko dute – mugikortasuna, hiri-zerbitzuak, gizarte ekintza, berdintasuna…-.
Era berean, 2021eko aurrekontuak gizarte babeserako aurrekontu-sailak handitu ditu, eta beraz, behar gehien dutenei erantzun egokiak emateko eginda daude. Izan ere, nahiz eta aurrekontuak behera egin duen, gizarte babeserako aurrekontu-sailek gora egin dute, eta 2019ko aurrekontuarekin alderatuta – legealdiaren lehenengo aurrekontuarekin – %8,5 handitu dira, eta 2,6 milioi euro gehiago aurreikusi dira.
Gainera, aurrekontuak hiriko auzoetan inbertsioak egiteko 55 milioi euro ditu. Horri esker, hiriko auzoetan 80 bat inbertsio egin ahal izango dira.
Era berean, aurrekontutik harago doan akordioa sinatu dugu Elkarrekin Donostia taldearekin etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurriak hartzeko. Eta horrekin batera, Infernua, Illarra, Matia Fundazioko eremuak garatzeko konpromisoak jasotzen ditu, baita Loiolako Kuartelak erosteko negoziazioari ekiteko 15 milioi euro ere.
Hasieratik gure asmoa izan da ahalik eta akordio gehien lortzea aurrekontuak babes handiena izan dezan. Eta uste dut, lortu dugula. Beraz, eskerrik asko posible egin duzuen guztioi.