Politika Orokorreko Adierazpena: Giza balioetan eraikitako hiri irekiago, erosoago eta moderno baten alde
Pandemiak erabat baldintzatu duen urtea izan da 2021. Horregatik, hasteko, gure artetik joan diren guztiak gogora ekarri nahiko nituzke. Donostia horiek guztiak oroitzeko leku bat bilatzea proposatzen dizuet
Pandemiak eragin sozialak, psikologikoak eta ekonomikoak utzi ditu. Udalak erantzun egokia eman die sortu diren egoerei. Gehien sufritu duten sektoreak lagundu ditugu eta gizarte ekintzako aurrekontu saila %4,2 handitu dugu inor bazterrean gelditu ez dadin.
Bigarren urtez kultur ekitaldi nagusiak antolatu ahal izan ditugu, eta hori hainbeste sufritu duen sektoreari laguntzeko modua izan da. Orain, jai nagusienak berreskuratzeko prestatzen ari gara, beti arduraz eta zuhurtziaz.
Hurrengo urteetan aurrera pauso handiak eman ditzakegu arlo askotan. Europatik etorri daitezkeen next funtsek horretan lagundu dezakete. Udal gobernuak helburuak argi ditu, eta horiek lortzeko lanean jarraituko dugu.
Enplegua, garapen ekonomikoa eta etxebizitza
Kalitatezko enplegua eta garapen ekonomikoa sustatzearen alde egiten dugu. Donostiak talentua erakartzen jarraitu behar du. Horretarako, ikerketaren arloan duen erakarpen gaitasunaz baliatu behar dugu eta indartzen jarraitu behar dugu.
Etxebizitza eta hirigintza arloan, legealdia amaitu aurretik 1.700 etxebizitza eraikitzen hasteko aukera izango dugu, horietatik %40 babestutako etxebizitzak izango dira. Eta hori guztia kontuan hartu gabe Loiolako kuartelen lursaila hiriarentzat izateko lortzeko negoziazioa.
Giza eskubideak eta hizkuntza politika
Pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituen hiria eraikitzen jarraitu behar dugu. Donostiak Giza Eskubideen alde egiten duen apustua da gure nortasunaren berizgarri. Duela 10 urte aro berri batean sartu ginen, guztion konpromisoa behar duen aroa.
Donostia beti izan da aitzindari hizkuntza politikan. Eta aitzindari izaten jarraitu nahi badu ezinbestekoa da euskara biziberritzea. Horretarako Etorkizuneko Euskara Zerbitzua diseinatzeko gogoeta prozesuari ekin diogu.
Mugikortasuna, ingurumena eta auzoetan inbertsioak
Aldaketa klimatikoaren aurkako borroka eta mugikortasunaren eraldaketa bi ardatz nagusi izango dira hurrengo urteetan. Oinezkoa protagonista den hiria nahi dugu. Eta horretarako ezinbestekoa da guztiok elkarlanean aritzea etorkizuneko mugikortasun ereduaren diseinuan.
Altzako kiroldegia, Marrutxipiko lotunea, AƱorgako bulebarizazioaren bigarren fasea, AstiƱeneko zubia eta beste hainbat inbertsio ditugu martxan hiriko auzoetan. Horiek guztiek donostiarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko dute.
Osasuna, partaidetza
Osasun fisikoa zaintzeko kirola sustatzea ezinbestekoa da. Eta osasun mentala zaintzeko hirian zabaldu diren eta zabalduko diren osasun zentro berrietan horretara bideratutako guneak egongo dira. Horiekin batera, uraren eta airearen kalitatea hobetzeko lanean dihardugu. Horiek eta zarata gutxitzeko martxan dauden egitasmoak donostiarren osasuna hobetzera bideratuta daude.
Hiritarren partaidetza hainbat politika diseinatzeko orduan ezinbestekoa da. Amara Berri eta Loiolako erriberetan eratu diren Auzo Mahaiak martxan jarri dira, eragile ezberdinekin elkarlanean auzoen ongizatea hobetzeko. Gure asmoa da ekimena auzo guztietara hedatzea.
Era berean, izaera berezia duten hainbat eremuetako deszentralizazioa sustatzen jarraituko dugu. Ekialdeko Barrutiko, Zubietako eta Igeldo Tokiko Entitate Txikia abian jartzeko ekimenek aurrera pauso nabarmenak eman dituzte.
Aurrera begiratzen duen hiria
Estrategia 2030 lantzeko unea da. Donostiak 15 helburu jarri ditu, hain zuzen ere, hiriko motorea izango diren helburuak. Eta horiek lortzeko hiriko eragile ezberdinekin elkarlanean aritu behar dugu.
Gure helburua da donostiarren bizi kalitatea hobetzea. Eta hori lortzeko elkarlanerako prest gaude, gure ondorengoek hiri irekiago, erosoago eta modernoagoa ezagutu dezaten. Giza balioetan eraikitako hiria. Aurrera begiratzen duen hiria.