Anoetako kirol instalazioen berritze-lanei ekingo diogu
Anoetako instalazioak ikusten egon gara gaur, hain zuzen ere, hurrengo legealdian berritze-lanei ekingo diegun instalazioak. Donostiak bere tamainako hiri askok eduki nahiko luketen instalazioak ditu. Baina aitzitik, zaharkituak gelditzen ari dira. Horregatik honako konpromisoa hartu dugu: Anoetako kirol hiria modernoa eta puntakoa izatea, eta bertan, Illunbeko erabilera anitzeko instalazioa integratzea.
Aurreko legealdian Anoeta Estadioaren txanda izan zen, eta gutxi gorabehera 78 milioi euroko inbertsioa egin zen. Urte amaieran miniestadioa berritzeko lanei ekingo diegu, atletismoa eta errugbia hartzeko instalazioa izango da, eta udan zehar Hipodromoaren ondoan hiriak hainbeste behar duen hockey zelaiaren lanak amaituta egongo dira.
Hortaz, behin horiek amaituta edo martxan jarrita, beste hiru instalazio berritzeko helburua dugu: lehena, Illunbe, hiriak behar duen erabilera anitzeko instalazioa izateko; bigarrena, Gasca kiroldegia eta Atano III pilotalekua; eta hirugarrena, Belodromoa – atletismo pista berritua duen instalazioa.
Inbertsio handia egin behar da instalazio hauetan guztiean, beraz, dagoeneko Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin hitz egiten hasi gara instalazioen berrikuntzan inplikatzeko. Eta behin akordioa lortuta, hiriko eragileekin egoteko unea izango da euren beharrak kontuan hartuta instalazio horiek berritzeko.
Beste hainbat instalazio
Egun Donostiak 17 kiroldegi ditu. Laster Bretxan kirol anitzerako pista berria zabalduko da, eta hurrengo urteetan Merkaer-en kirol instalazio berria egingo da. Era berean, azken urteetan hainbat gimnasio berritu dira – Benta Berri, Paco Yoldi edo Bidebieta – eta asmoa da beste hainbat instalazio berritzen jarraitzea, besteak beste, Etxadi edo Intxaurrondoko gimnasioak edo Antiguo eta Igeldoko frontoiak.
Kirol urbanoa
Halaber, azken urteetan parkour edo kalistenia bezalako modalitate berriak iritsi dira hirira, hain zuzen ere, gazte askok praktikatzen dituzten modalitateak. Eta horiei egokitzeko, hirian hainbat gune sortu dira kirol horiek egiteko, eta laster Benta Berrin edo Arrobitxulon instalazioak ere egingo dira.
Hiria bera kiroldegi handi bat da. Bakarrik ikusi behar da zenbat jendek egiten duen kirola pasealekuetan zein parkeetan, baita Urumean ere. Eta azken hau, arrauna bezalako uretako kirolak egiteko eskaintzen dituen aukerak baliatu behar ditugu, baita surfak kirol-, gizarte- eta ekonomia-ekimenak sustatzeko ematen dizkigun aukerak ere.
Eta hori guztiarekin batera, emakumeen goi mailako kirolari merezi duen babesa ematen jarraitu behar dugu, eskola kirolatik hasita; kirol txartelaren erabilera sustatzen jarraitu behar dugu; eta nazioarteko kirol-ekitaldiak antolatzeko gai den hiria erakusten jarraitu behar dugu. Hau da, Donostia kirol eta osasun bizi kalitate mailagatik nazioartean erreferente izateko lan egingo dugu.