Konpromiso sendoa etorkizuneko donostiarrei hiri hobea uzteko

Spread the love

Hainbat astetako negoziaketen ondoren, “Donostiarrekiko konpromisoa” izeneko ituna egin dugu EAJ-PNVk eta PSE-EEk. Bertan, konpromiso sendoa hartzen dugu etorkizuneko donostiarrei hiri hobea uzteko.

 

Itunak bost konpromiso jasotzen ditu, eta helburua da hiriko proiektu estrategikoak amaitzea eta donostiarren bizi kalitatea hobetzea, auzoak ekintza politikoaren erdigune izango diren politika batetik abiatuta.

 

Gobernu akordioa gaur aurkeztu dugu Udaletxeko Pleno Aretoan, eta bertan, donostiar guztiei adierazi nahi izan diegu pertsonak izango direla gure ekintza politikoaren erdigunean. Eta horretarako kalitatezko enpleguak sortzeko politikak bultzatuko ditugu, gizarte kohesiorako tresna gisa; etxebizitza politika berritzaileen bidez gaztetu den hiri batean bizi eta gozatzea ahalbidetuko duten erabakiak hartuko ditugu; elkarrizketatik eta herritarren konplizitatetik hiri partekatu baten alde lan egingo dugu; eta, azkenik, gure hiriaren etorkizun iraunkorra izateko pausoak adostu ditugu.

Behin akordioa lortuta, legealdirako Gobernu Programa lantzen hasiko gara. Eta programa horretan, besteak beste,  etxebizitza politikak, mugikortasun jasangarria, jarduera ekonomikoaren bultzada, ikerketa zientifikoa, hiriko proiektu estrategikoak burutzea, turismoaren arautzea, gizarte politiken indartzea, hiriko kirol azpiegiturak hobetzea edo udal zerbitzuen eta baliabideen kudeaketa aurreratua sustatzeko konpromiso zehatzak  zehaztuko dira.

 

Akordioak, zalantzarik gabe, udal gobernuari egonkortasuna emango dio eta, horrenbestez, Donostiak aurrera egiten jarraitzea ahalbidetuko duten erabakiak bultzatzen jarraituko dugu.

Azken zortzi urteetan sinatutako koalizio gobernuek desberdinen arteko akordiotik gobernatzeko aukera eman digute, eta horrek hiria eta donostiarren bizi baldintzak hobetzea ekarri du. Gure helburua da, horri eustea, hiritar guztiek, eta bereziki, gazteek euren bizitza proiektua hirian garatu ahal izateko.


Aurretik erronka garrantzitsuak ditugu. Gauza asko ditugu egiteko, eta horretarako funtsezko erabakiak hartu beharko ditugu. Hortaz, behin akodioa sinatuta, Udal gobernua osatzen dugun kideok gogotsu ekingo diogu lanari.

 

Donostiarrok hiri handi bat jaso dugu ondare gisa. Orain, etorkizuneko donostiarren belaunaldiei utziko diegun Donostia eraikitzea da gure konpromisoa. Eta horretarako donostiar guztion elkarlana ezinbestekoa izango da.