Ibilbide orri sendoari baliabideak emango dizkion aurrekontua
2024ko aurrekontua onartu dugu gaurko udalbatzarrean, eta ondorioz, Donostiako Udalak 484,7 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du, hau da, iazkoa baino %4,7 handiagoa.
Aurrekontua, beste behin bere, diseinatuta dago behar gehien dutenei udal administrazioaren aldetik erantzun egokiena eta baliabide gehiago jasotzeko. Eta horren adibide da, Gizarte Ekintza departamentuaren aurrekontu-sailek izan duten %8,5eko igoera.
Mundu osoan bizi den ziurgabetasun egoerak eragin zuzena du Udalaren kudeaketa politiko zein ekonomikoan. Osasun larrialdia igarota bada ere, Ukrainako inbasioak eragindako krisi energetikoa, prezioen gorakada edota Gazan gertatzen ari dena ziurgabetasun egoera areagotzen ari dira, eta horrek eragina zuzena du Udalaren kudeaketan. Horregatik, ezinbestekoa da ibilbide orri sendo bat izatea.
Gizarte-gastua eta kalitatezko zerbitzuak
Gizarte-gastuarekin batera udal gobernuaren lehentasuna da Udalak donostiarrei eskaintzen dizkien kalitatezko zerbitzuak hobetzeko aurrekontu-sailak handitzea. Horregatik, aurrekontua martxoan eta ez aurreko urtea amaitu baino lehen onartuko bada, murrizketarik gabeko aurrekontua onartzea nahiago izan dugulako da. Izan ere, garraio publikoaren tarifetan %50eko deskontua ezartzeko dekretua onartuko zen ala ez ziurgabetasuna areagotu du, udalaren diru-kutxan izan zezakeen eragina handia zelako.
Hori argituta, gure helburua hiritarrei eskaintzen zaizkien kalitatezko zerbitzuak ematen jarraitzea da. Eta horregatik, gastuaren ia bi heren kalitatezko zerbitzu publikoak ematen jarraitzeko bideratzen dira. Eta horietaik 71,8 milioi euro aurreikusi dira Donostia hiri txukuna, garbia eta ederra izaten jarraitzeko behar diren mantentze zerbitzuak eskaintzeko.
Inbertsioak eta etxebizitza
Era berean, inbertsioak egiten jarraitzeari garrantzi handia ematen diogu, eta 67,3 milioi euro bideratu ditugu auzo ezberdinetan hainbat jarduketa garatzeko, eta horien artean hiritarrek proposatutako eta bozkatutako hainbat proiektu daude.
Halaber, etxebizitza da gure programaren ardatz nagusienetakoa. Horiek horrela, Udalaren aurrekontuak aurreikusten du 83,2 milioi euroko inbertsioa egitea hiriko hainbat eremutan 2024tik 2027ra arte 282 babestutako etxebizita publiko eta 38 zuzkidura bizitoki berri eraikitzeko eta eremu horien urbanizazio lanak egiteko. Eta hori guztia Loiolako Kuartelen lursailean garatuko den eremua kontuan hartu gabe.
Kontu orekatuak
Udalak kontu orekatuak ditu, eta horri esker legealdi honetarako adostu dugun ibilbide orria gauzatzeko beharrezkoak izango dituen baliabideak eskura izango ditugu. Hiri dinamiko baten alde egiten dugu; hiritarren bizi kalitatea bermatzen duen hiria; auzo guztietan inbertsioak egiten dituena; egoera zaurgarrienean dauden donostiarrak zaintzen dituena; eta hiriaren garapena eta iraunkortasuna sustatzeko neurriak martxan jarri eta burutzen dituena. Hau da, harro egoteko eta gustura bizitzeko hiria.
Eta aurrekontu honek helburu horiek guztiak lortzeko eta Donostiak etorkizunean izango dituen erronkei aurre egiteko bideratuta dago.