Donostiak aurrera egin du azken hamar urteetan eta prest dago etorkizunari arrakastaz aurre egiteko

Spread the love

Politika orokorreko urteko adierazpena egin dugu gaur, alkate bezala egin dudan azkena. Bertan, nire lehen hitzak donostiarrei zuzendu nahi izan dizkiet eskerrak emateko. Ardura handia da Alkate izatea, baina ohore handia ere bai. Donostiarrei esker hiria den bezalakoa da eta Udalak bidelagun izaten jakin behar du. Horretan saiatu gara denbora honetan.

 

Donostiak aurrera egin du azken hamar urteetan eta prestatuta dago etorkizunari arrakastaz aurre egiteko. Urte hauetan guztietan egindako apustuek zerikusia dute horrekin. Horri esker, hiriak ia 4.000 biztanle gehiago ditu eta biztanleko errenta 7.000 euro handiagoa da. Egun Donostia aukerak sortzeko gaitasuna duen hiri oparoa da.

 

Hamar urte hauetan hainbat apustu sendo egin ditugu: mugikortasun iraunkorraren alde; Urumeako Ibarra hiriaren erdigune berria izatearen alde; Turismoaren kudeaketa egokiaren alde; eta Donostia Zientziaren eta ezagutzaren hiria izatearen alde.

 

Etxebizitza da gure indarrak bideratzea eskatzen duen atal nagusiena. Hainbat dira hamar urte hauetan burutu ditugun ekimenak. Gustatuko litzaidake hartutako neurriak eraginkorrask izatea donostiarrei gehien axola dien arazoari aurre egiteko.

Etorkizunera begira aurre egin beharko dizkion hainbat erronka garrantzitsu ditu Donostiak: biztanleriaren zahartzea; hiri lehiakorra izaten jarraitzea; aldaketa klimatikoari aurre egitea edota donostiarrei zuzendutako babestutako etxebizitza berriak sortzeko lan egitea.

 

Azkenaldian gure hiritarrek adierazten dizkiguten kezken artean Segurtasunak nabarmen egin du gora. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak euren jarduera areagotu dute, lan sendoa eginez. Baina arazoari ezin diogu bakarrik heldu, lege mailan eta epaitegien funtzionatzeko moduan ere neurriak hartu behar dira.

 

Kudeaketan aurrera pauso garrantzitsuak eman ditugu. Horiei esker, besteak beste, deszentralizazio prozesuak ere aurrera egin du. Ekialdeko Barrutia, Zubietako Herri Batzarra eta Igeldoko Toki Entitate Txikia horren adibide dira. Asko dago oraindik egiteko, baina seguru nago guztion mesedetan izango dela.

Hiritarren parte hartzean, eskaintzen zaien arretan, digitalizazioan, Memoria Historikoan eta Giza Eskubideen defentsan ere aurrera pauso nabarmenak eman dira. Beste ezer baino lehen komunitatea gara eta hori zaindu behar dugu.

 

Munduan populismoek aurrera egiten duen testuinguruan, lortzea hainbeste kostatu diren erakunde demokratikoak babestu behar ditugu. Historia da antidotorik onena egun dauden hainbat tentalditan ez erortzeko.

 

Ziurgabetasun uneak bizi ditugu. Izan gaitezen gai donostiar izateko dugun zortea balioesteko. Saia gaitezen gauza onetaz baliatzen eta txarrak aldatzen, baina beti harrotasunez eta ilusioz.

 

Irakurri hitzaldi osoa hemen: EnekoGoia_PolitikaOrokorra