
Eskerrik asko denoi!
Iritsi da agur esateko ordua. Orain dela 14 urte eta lau hilabete sartu nintzen Donostiako udaletxe honetan, ate horretatik, nire hiriaren alde lan egitera. Azken hamar urte eta lau hilabetetan nire hiriko alkatea izatea egokitu zait. Egokitu zaizkidan ardura politiko guztietatik, hau izan da, zalantzarik gabe, zoragarriena. Gogorra batzuetan, arduraz betea beti. Baina zoragarria.
Ez dago maite duzunaren alde lan egiteko aukera bezalakorik. Alkate izateak aukera aparta eskaini dit maite dudan Donostia amestuko ez nukeen bezala ezagutzeko. Horregatik, agur esaterakoan eskerrak ematea dagokit, jende askori eskerrak ematea:
Lehenik eta behin, donostiarrei, zuen konfiantzagatik. Bihotzean daramat hori, beti betirako.
Nire alderdiari, Eusko Alderdi Jeltzaleari, hautagai izateko aukera eman zidalako.
Udala eta Udalaren menpekoak diren entitateetan diharduten langile guzti-guztiei. Ez dago gure hiritarren zerbitzura lan egitea bezalakorik. Eta hori zuekin partekatzeko pribilegioa izan dut denbora guzti honetan.
Udalbatza honetako kide guztiei, orain zaudetenak eta 14 urte hauetan hemendik pasa diren guztiei. Eztabaidak eztabaida, ezberdintasunak ezberdintasun, gure arteko errespetuan oinarritutako harremana eraiki dugulako. Mesedez, hori ez inoiz galdu.
Nire udal taldeari, legealdi honetakoa eta aurreko legealdietakoak eta baita zinegotzi taldearekin lanean egon diren gertuko laguntzaileei. Zuek zarete hemendik aurrera gehien faltan botako dudana. Oparia izan da niretzat zuekin lan egin ahal izatea.
Eskerrik asko, Jon, maite dugun hiria gidatzeko ardura onartzeagatik.
Niretzako abentura bat izan den bidaia honetan lagundu didazuen guztiei.
Eta, batez ere, gaur hemen ez zaudeten senitartekoei. Eskerrik asko. Hemen egon zineten 2011ko ekainaren 11an, zinegotzi kargua hartu nuenean, eta 2015eko ekainaren 13an alkate aukeratua izan nintzenean. Gaur nirekin zaudetela sentitzen dut.
Eta, azkenik, eskerrak nire familiari, niretzako hau garrantzitsua zela ulertu duzuelako, nahiz eta zuen kaltetan izan. Zuen laguntzarik gabe ez zen posible izango.
Euskaraz esaten dugun bezala, “Gaizki esanak barkatu eta ondo esanak gogoan hartu”.
Eskerrik asko denoi!