Asumitu, partekatu eta bizikidetza sustatzen duen Turismo plan zuzentzailea

Spread the love

Turismoak garrantzi handia hartu du azken urteetan, bai ekonomian duen pisuagatik, baita ondorioengatik ere, hain zuzen ere, kasu batzuetan positiboak ez diren ondorioengatik.

 

Donostiak tradizio turistiko handia izan du historian zehar. Turismo kontzeptua sortu aurretik bisitariak izan ditugu, eta horregatik duela mende bat baino gehiago hiri erreferente izan gara.

 

1.929an Donostiak 78.000 biztanle zituen eta alojamendurako 20.000 plaza eskaintzen zituen. Gaur, 188.000 biztanle gara eta 18.000 plaza eskaintzen ditugu. Datuak eta perspektiba historikoa kontuan hartzea ezinbestekoak dira turismoaren fenomenoa edo beste edozein aztertzerako orduan.

Donostia erakargarria da arrazoi asko direla-eta: hondartzak, gastronomia, DIPC bezalako ikerketa zentroak, kirola, zinema… Hiri irekia gara, hain zuzen ere bere ezaugarriak kanpotik egiten diren ekarpenekin uztartzen dituen hiria. Eta hori gabe ez ginateke izango egun garena.

 

Donostia hiri kosmopolita da. Nazioartean gure tamainako hiri batek duen proiekzioa baino askoz handiagoa dugu. Mundu osoko jende askok ezagutu nahi gaitu, eta hori gaurko aurkezpenean egon diren pertsona eta eragile askoren lanari esker da.

 

Hiri dinamikoa izaten jarraitu behar dugu, kalitate handiko industria turistikoa sortzen duen hiria, eta beti, donostiarren iritzia entzunda. Badakigu turismoak hainbat eragozpen sortu dituela azkenaldian, horregatik erronka da hirian garrantzi handia duen jarduera kudeatzea donostiarren ongizatea kaltetu gabe.

Izan ere, gure lehentasuna da donostiarrak hirian gustura bizitzea. Horregatik donostiarrak estrategiaren erdian jarri ditugu. Turismo jasangarri baten alde egiten dugu, hain zuzen ere, onartzeko, partekatzeko eta bizikidetza sustatzeko gaitasuna duen turismoa.

Plan zuzentzailea egiteko eragile askoren ekarpenak jaso ditugu. Hauek duten ezagutza oso baliagarria izan da plana osatzeko. Erabakiak datuek ematen diguten errealitatea kontuan hartuta hartu behar ditugu, eta beti donostiarren bizipenak eta sentitzeko moduak entzunda.

 

Era berean, ezinbestekoa da industria turistikoarekin zein gainerako erakundeekin elkarlanean aritzea. Gai izan behar dugu bizikidetza hobetuko duten sinergiak lortzen eta desestazionalizazioa eta lurraldearen oreka sustatzen, Donostia eta Gipuzkoaren berezitasunak azpimarratuz.

 

Gure nortasuna eta ondarea gure sustraien parte dira, eta hori da bereizten gaituena. Aukera dugu bisitatzen gaituzten pertsona gutziak gonbidatzeko hirian donostiar sentitzeko, jasangarritasunetik eta donostiarrak eta gure ohiturak errespetatuz.