Aurrekontuak Donostian
Aitortu behar dut ez dela erraza aurrekontu alternatibo baten oinarriak adostea gure Hiriak duena bezalako Udal Gobernu batekin. Jarduera balantze eskasa aurkezten duen Udal Gobernua baita Donostiakoa, gehiegitan, hiri anitz eta konplexu batetan erabakiak hartzea baino “etxekoei” keinuak egitea gustatzen zaion Gobernua. Guzti hori Donostiaren etorkizuna jokoan dagoenean gainera.
Udal Gobernuak berak aurkeztu zuen aurrekontu proiektua da diodanaren adierazgarri argia. Gatibua den aurrekontu mugatua, Udaletxea Hiriaren jarduera ekonomikoa pizteko eta laguntzeko motore izan behar duela sinesten dugunontzat guztiz desegokia. Inbertsioen beherakada zekarren aurrekontua, zerga bidez eta Udal Finantzaketarako Foru Fondoaren bidez (alegia, Aldundiak jasotzen dituen zergetatik dagokigun partea) dauzkagun sarrera ia guztiak agortzen zituen gastu korrontearen gorakada zekarren aurrekontua. Udalaren inbertsiorako ahalmena lursailen salmentatik edo zorpetzetik lortu zitekeenera mugatua geratzen zen horrela. Bi kontzeptu hauegatik lortzen diren diru sarrerak minimotan dauzkagu eta ez dago esan beharrik, egun bizi dugun egoerak eta Udal Gobernuaren kudeaketarako trebeziak ez dutela 2014rako panorama hoberik irudikatzen.
Eta horrela genbiltzala denboralea etorri zitzaigun. Donostiak Otsailaren 2an jasandako denboraleak eragindako kalteak begi bistan utzi zuten Udal kontuek horrelakoei aurre egiteko zeukaten ahuldadea. Bilduren Udal Gobernuak aurkeztu zituen aurrekontuek ez zuten margenik eskaintzen, seguruak diren diru sarrerak (hiritarrek txintxo-txintxo ordaintzen ditugun zergetatik datozenak alegia) zuzenean gastu korronteak jaten zituelako. Egia da gastu korrontea behar beharrezkoa dela zerbitzu publiko egokiak eskaintzeko, baina egia da ere honen igoerari eutsi ezean Udalaren etorkizuna hipotekatuta geratzen dela.
Egia esanda, gustatu ala ez, jasandako denboraleen eraginek markatutako urtea izango da aurtengoa, bereziki otsailaren 2koaren eraginek. Poz gutxi eta esfortzu dezente beharko ditugu oraindik gure Hirian ikusi daitezkeen matxurak konpontzeko. Dudarik gabe Erakunde guztiek bat egin beharko dutela lan horretan, baina baten batek pentsatzen badu Udalari hau doan irtengo zaiola oso oker dabil. Oraingoz 1.800.000 eurotako partida irekia sortuko da guzti honi aurre egiteko. Zabaldu egin beharko delakoan nago, ikusiko dugu zenbateraino.
Aurrekontu berria zekarren Osoko Zuzenketa eztabaidatu eta onartu zen Otsailaren 20ko Plenoan, oposizioko beste taldeek zioten denboralearen eraginei aurre egiteko partida sortzeak guztien babesa erraz izango zuela. Beraien ustez beraz, ez zen beharrezkoa aurrekontu batzuk onartzea. Ez dut talde horien borondatea zalantzan jarriko, baina ez da egia aurrekontua behar ez denik, partida hori diruz hornitzeko ezinbestekoa baita sarrerak nonbaitetik izatea. Hori da hain zuzen ere ostiraleko Plenoan onartu den aurrekontu alternatiboak lortzen duena. 251 aldaketa egin ondoren, 6,2 miloi euro tokiz aldatzen dira (aurrekontu osoaren %1,8a da hori, zuzenak ez diren informazioei so egiten dieten kazetariek dioten %0,7tik dezente gorago). Gastu korronte netoa 2,5 miloi eurotan jaistea lortzen da, inbertsio ahalmenean gora eginaz. Honela, denboralearen eraginei aurre egiteko poltsa sortzen da, eta beharrezkoak diren hiri mantenu eta birgaitzeak egiteko kopuruak ere handitzen dira. Azken honen beharra hiritarrek adierazten digute euren kexen bitartez, eta baita gure begiek ere, bistakoa baita Hiriak arlo honetan txukuntasuna galdu duela. Beste diru partida berriak ere sartu ditugu, Altzan polikiroldegi berria egiteko urtez urteko konpromisoa edo ikerketa proiektuak garatzeko kopuruak adibidez. Gauza batzuek ezin izan ditugula sartu? Jakina, baina gero ez egiteko nahiago genuen ez sartzea.
Guzti hau gastu soziala ukitu gabe, lehena pertsonak direla garbi daukagulako. Are gehiago bizi dugun egungo egoera berezian.
Donostiak 2014ean aurrekontuak izango ditu beraz. Poztasunerako gauza handirik gabe baina behar denari aurre egiteko egokiak. Eta gure Hiriari eman dizkiogu ona delakoan gaudelako, zailtasun une honetan beharrezkoa delako. Gure obligazioa da arduraz jokatzea eta horrela egin dugu. Batzuei ez zaie nonbait gustatu, Bilduri airea eman diogula diote. Batzuetan badirudi Bildu airerik gabe uztearren ez zaiela axola Donostia airerik gabe uztea. Ba guri ez.