Behobia-Donostia, udazkeneko klasikoa itzuli da
“Ez dira betiko garai onenak” dio abestiak. Hala ere, hiriko kirol proba esanguratsuenetako bat bueltan da, Behobia eta Donostiaren arteko lasterketa. Iaz probak bertan behera gelditu behar izan zuen, eta hirian utzi zuen hutsunea nabaria izan zen. Tristura somatzen genuen, zerbaiten falta. Animo oihurik ez zen, ezta helmugako poz eta neke aurpegiak ere. Girorik ez. Aurten ordea, hori guztia tamainan, alegia, egoerak agintzen dituen neurri guztiak betez, berreskuratuko dugu. Eta hori, garai onenak berreskuratzeko bidean gaudelaren seinale izango da.
Duela hilabete batzuk Donostiako Klasikoa egin ahal izan genuen, baita Kontxako Bandera ere, uneko edukiera arauak errespetatuz. Kirol ikuskizunek publikoa berreskuratu dute, edukiera mugatuarekin, eta modu arrakastatsuan. Eta horretarako antolakuntza ezberdinek lan handia egin behar izan dute. Ez da erraza izan, baina lortu dute jendeak berriro ikuskizun horietaz guztietaz gozatzea, eta lan handi hori eskertzeko unea dela uste dut. Eskerrik asko hiriko klub eta eragile guztioi egiten ari zareten esfortzu eta lanagatik.
Orain, besteak beste, Behobia eta Donostiaren artekoaren unea da, eta dena ondo joateko Fortuna KE gogor aritu da lanean azken hilabeteotan. Horri esker, lasterketa dagokien neurri eta hobekuntzekin egin ahal izango da. Horretarako Udala bidelagun izan du, eta lasterketaren egunean ere gure lankidetza izango du. Izan ere, Donostiako udazkeneko kirol ekitaldi esanguratsuenetakoa berriro egin ahal izateak merezi du.
Behin baino gehiagotan aipatu dut, Behobia-Donostia ez dela bakarrik egun bateko gauza. Hiriak asko nabaritzen du kaleetan lasterketa gerturatzen ari dela, bereziki Zinemaldiaren argiak itzaltzen direnean kaleak korrikalariz betetzen dira, goizeko ordu txikitatik gaua arte, kilometroak egiten urteko helburu nagusienetako bat lortzeko. Eta horrek hiriari xarma berezia ematen dio.
Eta korrikalariek helmugara iristeko prestatzen diren bezala, gu ere horiei guztiei eta laguntzera etortzen diren senide zein lagunei harrera beroa egiteko prestatzen ari gara. Urtero Behobia-Donostia dela-eta bisitatzen gaituzten aspaldiko lagunak zein lehen aldiz Donostiara lasterketa dela-eta etorriko diren lagun berriak agurtzeko gogo handiak ditugu. Besoak zabalik izango gaituzue helmugan! Animo!
Irudi gehiago: https://flic.kr/s/aHsmX7r6wt