Bizitoki formula berriak eta gazteentzako etxebizitza gehiago bultzatzea izango da gure helburua
Hauteskunde kanpainako lehen astea bete da, eta etxebizitzari buruzko proposamenak aurkeztu ditugu gaur goizean Jolastokieta eremuko Harrobieta plazan. Eta aurkezpena gazteentzat zuzendutako ekimenetan oinarritu dugu. Izan ere, ezinbestekoa da gazteek hirian euren bizitza-proiektua garatzeko aukera izatea. Eta horretarako beharrezkoa da ikuspegi eta estrategia berriak gehitzea, hain zuzen ere, etxebizitza berriak eraikitzearekin uztartu daitezkeen ikuspegi eta estrategia berriak.
Horren harian, proposatu dugu bizitoki formula berriak bultzatzea, besteak beste, lankidetzako edo kooperatibako etxebizitzak lur-sail publikoetan, erabilpenerako lagapen erregimenean; eta era berean, gazteentzako alokairuzko etxebizitza publikoak eskaintzeko modalitate berriak sustatzearen alde egiten dugu, esaterako etxebizitza partekatuak.
Hortaz, lanean jarraituko dugu etxebizitza dotazionalak egiteko, gehienbat gazteentzat, Grosen, Amara Zaharrean, Morlansen, Loiolako Erriberetan, Antiguan eta Altzan. Eta halaber, etxebizitza dotazionaletara bizitzera joaten diren adineko pertsonen etxebizitzak Etxegintzaren esku uztearen alde egiten dugu, besteak beste Kanpandegin biziko diren adineko pertsonenak, gazteei alokairuan eskaintzeko.
Hutsik dauden etxebizitzak erabilgarri jartzea eta baremoen sistema
Era berean, beharrezkoa da alokairua adostutako prezioan sustatzea, betiere Alokabide programaren bidez, hutsik dauden etxebizitzak erabilgarri jartzeko.
Alokabide programa sustatzeari esker hutsik dauden etxebizitzak erabilgarri jartzeko aukera emango du, izan ere, alokairu pribatua arrazoizko prezioan jartzea sustatzen du, Udalaren bitartekaritzari esker, ez ordaintzeari aurre egiteko bermeak ezarriz.
Argi dugu, bai alokairuzko udal etxebizitza parkeko etxebizitzak, bai hurrengo urteetan eraikiko diren etxebizitzak, behar gehien dituzten pertsonentzat izan behar dute. Eta horretarako, egungo zozketa sistema baremoen sistema batengatik ordezkatu behar da, eta bertan, hainbat kolektiboentzako kupoak jarri behar dira, besteak beste, 35 urtez azpiko gazteentzat edo genero-indarkeriaren biktimentzat, eta beti, eskatzaileen gizarte- eta ekonomia-baldintzak kontuan hartuta.
Eraikitako hiriari begirada
Horiek horrela, beharrezkoa da bi esparrutan lan egitea hiritarrei gehien kezkatzen dien gaiari irtenbidea bilatzeko, hau da, etxebizitzaren gaiari. Lehena da, eraikitako hiriari begiratzea eta ekimenak sustatzea. Eta horretarako, lan egingo dugu arauetan malgutasun handiagoa izateko, dagoeneko eraikita dagoena optimizatzeko eta birgaitzeko. Helburua da etxebizitza-eredu jasangarria bultzatzea, hain zuzen ere, pertsonen bizi-zikloetako beharretara moldatu ahal izango den eredua.
Halaber, etxebizitzen tamaina familien gaur egungo neurrietara moldatzearen alde egiten dugu, etxebizitza handiak horizontalki zatitzeko erraztasunak emanez. Izan ere, horietako asko behar bezala aprobetxatu gabe daude. Eta horretarako, Plan Orokorreko etxebizitzen tamainari buruzko xedapenak aldatzearen alde egiten dugu.
Horrenbestez, bizi-kalitate hobea izango dute etxebizitzetan bizi direnek, eta, ondorioz, pertsona helduek errazagoa izango dute beren inguruean bizitzen jarraitzea. Izan ere, etxebizitza txikiagoak izango dira, ekonomikoki errazago eskuratzeko moduan egongo dira eta jasangarriagoak izango dira, bai lurzoruaren erabilera kontuan hartuta, bai efizientzia energetikoari erreparatuta.
Garapen berriak
Bigarren esparrua etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko garapen berriak egitea da. Horren harian, proposatu dugu, hurrengo urteetako hirigintza-ekimena garatzeko pendiente dauden eremuetan egitea.
Ildo beretik, Urumeako Ibarra da ardatz nagusietako bat. Antzieta, Sarrueta, Trinkete, Lorategi-hiria eta Txomin Eneako garapenek aukera emango digute hiri bezala hazten jarraitzeko. Era berean, Aldakonea, Mundaiz, El Pilar, Illarra, Infernua edo Jolastokieta hiri-birsortze proiektu edo auzo berrien adibide izango dira etxebizitza aukera berriak sortzeko. Eta horrenbestez, 4.000 etxebizitza berri sortzeko aukera egongo da, horietatik 2.000 babes publikokoak.
Eta hori guztia, Loiolako Koartelen lur-sailen berreskuratzeari uko egin gabe. Eta gai horrek lehentasuna izaten jarraituko du, izan ere, gune estrategikoa da hiriaren hirigintza-garapenerako, 1.600 etxebizitza eraikitzeko lur-saila delako.