Kultur-gune berriak bertako sormena sustatzeko

Kultura da zalantzarik gabe Donostiaren ezaugarri nagusienetako bat. Izan ere, gure nortasunaren adierazle da. Beraz, ezinbestekoa da sortzaileak babesten jarraitzea, Donostia kultur erreferente izaten jarrai dadin. Kultura hiriko ekonomia- eta gizarte-motoreetako bat izan da, egun da, eta izaten jarraituko du. Eta horretarako, oinarrizko kultura indartzen jarraitu behar dugu.

 

Kultur Etxeen zein Liburutegien sarea hobetu behar dugu. Izan ere, hiritarrek asko maite duten zerbitzua da. Eta zerbitzu horrek partekatutako hausnarketa bat egin behar du aro berriei egokitzeko modu berritzaileak bilatzeko . Hori dela eta, hurrengo legealdian Liburutegi Nagusia berritzeko konpromisoa hartzen dugu, baita Bidebietako Kontadores eraikina hiriko Kultur Etxeen sarean integratzeko ere, etorkizuneko Kultur Etxea nolakoa izango den proiektatzeko. Eta era berean, Espainako Gobernuari Pio XII. Eraikinaren lagapena eskatzen jarraituko dugu, Amaran kulturaren erreferente izango den zentroa egiteko.

 

Argi dugu, bertako sortzaileek izan behar dute gure kultur eskaintzaren protagonistak. Hala izan ziren pandemia garaian, kultura jarduerak eta hiriko festibalak berreskuratzeko egin genuen apustuan, eta horrela izaten jarraitu behar du, Donostia euskal sortzaileen erakusleiho handi bat da eta programadoreen erreferente izaten jarraitzeko. Eta horretarako, San Telmo Museoa eta Tabakalerak paper garrantzitsua jokatuko dute.

 

Beraz, gure apustua argia da: eragile publiko eta pribatuen arteko sinergiak indartzearen alde egiten dugu, bertako sortzaileen alde egiten duen hiri-erreferente izaten jarraitzeko.

Donostia eta artea

 

Hurrengo urteetan hirian bi mugarri izango ditugu, hain zuzen ere, Donostia artean erreferente izaten lagundu duten bi bertako sortzaile unibertsaleen lana goraipatuko duten bi mugarri: Esther Ferrer eta Eduardo Chillida.

 

Lehenengoak, Zenbaki lehenen poema artelana estreinatuko du, Abiadura Handiko Trenaren geltokiaren gainean sortuko den Gipuzkoa plazaren tamaina duen lorategi plazan. Bigarrena, aldiz, protagonista izango da, 2024ean bere jaiotzaren mendeurrena ospatuko dutugulako. Eta horretarako, Chillida Bidea sortuko dugu, hau da, Haizearen Orrazia eta Chillida Leku oinez zein bizikletaz lotuko dituen bidea. Helburua da bide horretan zehar dauden eskulturen balio artistiko eta arkitektonikoa, artea eta eraikin bereziak balioan jartzea.

Elkarlana arrakastaren giltzarri

 

Kultura sortzen eta eskaintzen duten eragileen arteko elkarlana da hiriak duen kultura-eskaintza handiaren arrakastaren giltzarria. Hortaz, erronka bat jarri dugu hurrengo legealdirako: Donostia ikus-entzunezko edukien sorkuntzaren hiria izatea. Eta horretarako, EiTB, Tabakalera, Zienamaldia eta Donostia Kulturaren parte hartzea izango lukeen ikus-entzunezko Hub-a sustatuko dugu.

 

Eta hori guztia hiriko Arte Galerien arteko elkarlana; edo arte, musika, dantza, antzerkia, zinea edo beste hainbat adierazpen artistiko berrien jarduerak egitearen alde jarraitzeko apustua ahaztu gabe. Izan ere, Donostiaren irudia, nortasuna eta kulturaren proiekzioa indarzen dute.

 

Hiriak mota guztietako kultur adierazpenak behar ditu. Eta horiei , eskaintza publikoak sortzen dituenei eta Udalak lagundu behar dituen eskaintza berriei esker, donostiarrok kulturarekin gozatzeko aukera izaten jarraituko dugu.

 

Aukeren hiria bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko

Goiza hainbat gazterekin pasatzeko aukera izan dut Loiolan, euren beharrei buruz hitz egiten. Gauza askori buruz hitz egin dugu, baina bereziki etxebizitza beharrari buruz, euren bizitza proiektuak hirian egiten jarraitu ahal izateko.

 

Horren harian, laster hasiko dira 2.000 etxebizitza eraikitzen hainbat eremutan, eta Loiolako Kuartelen salerosketari esker beste 1.700 egingo dira, eta asko babes publikoko etxebizitzak izango dira. Horretarako, Udalak 73 milioi euroko inbertsioa egingo du, eta bertan, auzo moderno bat sortzeko aukera izango dugu,  XXI. mendeko arkitekturarekin, berdeguneekin, Intxaurrondo eta Erdigunearekiko loturarekin, Urumearekin integratuta eta ekipamendu publikoak eta zerbitzuak sortzeko aukerekin.

Eta hori lortzeko, nazioarteko arkitektura-lehiaketa bat sustatuko dugu, eremu horrek merezi duen kalitatearekin eta altuerarekin definitzen eta diseinatzen lagunduko diguten hirigile onenek parte hartu dezaten.

 

Lau seme-alabaren aita naizen aldetik, gazteek gure hirian beren bizi-proiektua egiteko zailtasunak izateak kezkatzen nau, eta, beraz, hurrengo belaunaldiari zentzu horretan ondare bat uztearekin tematuta nago.

 

Gainera, beharrezkoa da etxebizitza berri horiek familia mota ezberdinak hartzeko egokiak izatea, izan familiabakarra, bi senidez osatuak; eta mota ezberdinetako etxebizitzak izan behar dira: publikoak, tasatuak, jabetzan, iraupen laburreko edo luzeko alokairuan, errenta altu, ertain edo baxuetarako, dauden tipologia eta eskaera desberdinei erantzun ahal izateko.

Aukeren hiria

 

Lan egiteko hiriak eskaintzen dituen aukerei buruz ere hitz egin dugu. Donostiak Euskadiko eta Estatuko langabezia-tasa baxuena duen hiria izaten jarraitzen badu, gazteek hemen lan egin ahal izango dute. Horrekin batera, etxebizitza berriak egiteko gai bagara, gazteak hemen bizi ahal izango dira. Eta hemen lan egiten badute eta hemen bizi badira, hemen gozatu ahal izango dute.

 

Hortaz, konpromiso argia hartu dugu: Hiri oparo bat izateko lan egiten jarraituko dugu, kalitatezko enplegua eta aukerak sortzen dituen hiria, hainbat arlotan erreferente den hiria. Horretarako osagaiak baditugu, izan ere, Donostia bizitzeko, gozatzeko, kirola egiteko, gastronomiaz eta kulturaz gozatzeko hiria da, eta hala izaten jarraitzeko lan egingo dugu.

 

Gure helburua da aurreko belaunaldiek gurekin egin zuten bezala, ondorengo belaunaldiei hiri hobeagoa uztea.

Anoetako kirol instalazioen berritze-lanei ekingo diogu

Anoetako instalazioak ikusten egon gara gaur, hain zuzen ere, hurrengo legealdian berritze-lanei ekingo diegun instalazioak. Donostiak bere tamainako hiri askok eduki nahiko luketen instalazioak ditu. Baina aitzitik, zaharkituak gelditzen ari dira. Horregatik honako konpromisoa hartu dugu: Anoetako kirol hiria modernoa eta puntakoa izatea, eta bertan, Illunbeko erabilera anitzeko instalazioa integratzea.

Aurreko legealdian Anoeta Estadioaren txanda izan zen, eta gutxi gorabehera 78 milioi euroko inbertsioa egin zen. Urte amaieran miniestadioa berritzeko lanei ekingo diegu, atletismoa eta errugbia hartzeko instalazioa izango da, eta udan zehar Hipodromoaren ondoan hiriak hainbeste behar duen hockey zelaiaren lanak amaituta egongo dira.

Hortaz, behin horiek amaituta edo martxan jarrita, beste hiru instalazio berritzeko helburua dugu: lehena, Illunbe, hiriak behar duen erabilera anitzeko instalazioa izateko; bigarrena, Gasca kiroldegia eta Atano III pilotalekua; eta hirugarrena, Belodromoa – atletismo pista berritua duen instalazioa.

Inbertsio handia egin behar da instalazio hauetan guztiean, beraz, dagoeneko Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin hitz egiten hasi gara instalazioen berrikuntzan inplikatzeko. Eta behin akordioa lortuta, hiriko eragileekin egoteko unea izango da euren beharrak kontuan hartuta instalazio horiek berritzeko.

Beste hainbat instalazio

Egun Donostiak 17 kiroldegi ditu. Laster Bretxan kirol anitzerako pista berria zabalduko da, eta hurrengo urteetan Merkaer-en kirol instalazio berria egingo da. Era berean, azken urteetan hainbat gimnasio berritu dira – Benta Berri, Paco Yoldi edo Bidebieta – eta asmoa da beste hainbat instalazio berritzen jarraitzea, besteak beste, Etxadi edo Intxaurrondoko gimnasioak edo Antiguo eta Igeldoko frontoiak.

Kirol urbanoa

Halaber, azken urteetan parkour edo kalistenia bezalako modalitate berriak iritsi dira hirira, hain zuzen ere, gazte askok praktikatzen dituzten modalitateak. Eta horiei egokitzeko, hirian hainbat gune sortu dira kirol horiek egiteko, eta laster Benta Berrin edo Arrobitxulon instalazioak ere egingo dira.

Hiria bera kiroldegi handi bat da. Bakarrik ikusi behar da zenbat jendek egiten duen kirola pasealekuetan zein parkeetan, baita Urumean ere. Eta azken hau, arrauna bezalako uretako kirolak egiteko eskaintzen dituen aukerak baliatu behar ditugu, baita surfak kirol-, gizarte- eta ekonomia-ekimenak sustatzeko ematen dizkigun aukerak ere.

Eta hori guztiarekin batera, emakumeen goi mailako kirolari merezi duen babesa ematen jarraitu behar dugu, eskola kirolatik hasita; kirol txartelaren erabilera sustatzen jarraitu behar dugu; eta nazioarteko kirol-ekitaldiak antolatzeko gai den hiria erakusten jarraitu behar dugu. Hau da, Donostia kirol eta osasun bizi kalitate mailagatik nazioartean erreferente izateko lan egingo dugu.

Konfiantza eta partehartzea aurrera egiten duen Donostiarentzat

Gaurkoan hiri-ereduei buruz hitz egiteko aukera izan dugu, kalean gelditu gaituzten hainbat hiritarrekin. Guk argi esan diegu nolako Donostian bizi nahi dugun: hiritarren beharrak, nortasuna eta ikuspegia hartzen duen hiri jasangarri, atsegin, seguru, adimentsu eta inklusiboan. Hain zuzen ere, inor atzean utzi gabe aurrera egiten duen Donostian erakargarri batean.

Egun Donostia eboluzio eta eraldaketa prozesuan dago Europan parerik izango ez duen hiria izateko; bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko. Baina aitzitik, badago atzera egin nahi duenik, aurrerapauso guztiei oztopoak jartzen duenik. Eta, beraz, argi gelditzen da donostiarrok bi ereduren artean hautua egin behar dugula maiatzaren 28an.

Alde batetik, guk proposatzen dugun eredua: Anoeta berriaren hiria, konputazio kuantikoarena, Bayer enpresaren iritsiera posible egin duena, Topo berriarena, abiadura handikoarena, auzoetan hobekuntzak egiten dituena, Altzako kiroldegia egin duena, Eskusaitzea industrialdearena, Tabakalerarena edo nazioarte mailako proiekzioa duen hiria.

Eta bestetik, EH Bilduk proposatzen duena: eztabaida amaitezinen eta endredoen hiria, iraungita dauden proposamenak eta iraganeko blokeo egoerara itzularazi nahi duena, guztiari ezetz esaten diona, eta okerrena, hiria hobetzeko erabakiak hartzen direnean hiriarekin zerikusirik ez duten beste lehentasun batzuei begira dagoena. Eta hori egun hauetan agerian gelditu da. Izan ere, iraganean izan zuten estrategia anker eta okerraren ondorioaz sortutako beste lehentasun batzuk kudeatzen ari dira.

Horregatik, gaur komunitatea egiteko deia luzatu diegu kalean topo egin ditugun donostiar guztiei, hiritarren ziurgabetasunak eta beldurrak erabili nahi dituzten populismoei aurre egiteko.

Donostia dagoen tokira iritsi da donostiarrok azken hamarkadetan erabaki estrategikoetan asmatu dugulako, eta betikoen pankartei eta oztopoei aurre egin diegulako. Egia da hainbat arazo daudela, eta hainbat hobekuntza martxan jarri behar direla, baina egun hiria ez dago geldi, hobetzeko lanean ari da, eta laster egindako inbertsio horiekin disfrutatzeko moduan egongo gara.

Gaur itxaropenari heltzen dion ereduaren alde egiteko deia egiten dugu, EAJ-PNVren eredua, konfiantzari, ausardiari eta lanari lotuta dagoena. Konbentzituta gaude maiatzaren 28an donostiarrek aurrera egiteko hautua egingo dutela, eta ez ordea, geldi egon ginen urteetara itzultzekoa.

Eskusaitzeta Gipuzkoako industrialde garrantzitsuena izango da

Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburu Arantza Tapiarekin Eskusaitzetako industrialdean ibili gara, dagoeneko bertan lanean ari diren enpresak eta eraikitzen ari diren lur-sailak ikusten.

Gure lehentasuna argia da: Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin elkarlanean, behar diren neurriak sustatzea Eskusaitzetako industrialdea osatzeko eta industria sektorean enplegua eta aberastasuna sortuko duten inbertsio berriak erakartzeko.

Industrialde hau Gipuzkoak duen zerbitzu eta lur industrialaren erreserba handiena da. Eta hiriak bere ekonomia-, industria- eta zerbitzu-jarduerak sendotzeko eta indartzeko duen apustu nagusiena da. Honez gero Udalak 25 milioi euroko inbertsioa egin du bere urbanizazioan.

Dagoeneko, OTIS, DFG edo Supresu enpresak bertan ari dira lanean, baita Naturklima ere. Eta martxan dira Mubil Elektromugikortasun poloaren eta Biotech Foods enpresaren egoitza berrien lanak. Beraz, Eskusaitzetako industrialdea errealitate bat da.  Hala ere, lanean jarraitu behar dugu Donostian enpresa berriak euren jarduera ezartzeko, industrialde honen kokapena, loturak eta industria eta kalitatezko zerbitzuen inguruan aukerak sortzeko ematen duen gaitasuna baliatuz.

Donostia ere industria da eta nazioartean erreferente diren enpresak daude, hain zuzen ere, hirian hazteko edo berritzeko baldintza onenak izan behar dituzten enpresak. Eskusaitzetako industrialdea horretarako aproposa izango da. Helburua da, 2027rako Eskusaitzetak bete-betan jardutea, Donostialdearen eta inguruko eskualdeen jarduera, fakturazio eta lanpostu gehien eskaintzen dituen industrialde nagusiena izan dadin.

Hiriaren segurtasuna hobetzeko proposamenak

Hiri-segurtasuna da donostiarrek dituzten kezketako bat. Eta horrela izanik, ezin da demagogiaz jokatu edo promesa faltsurik egin. Horiek horrela, lehenik eta behin, lasaitasun mezu bat bidali nahiko nuke: egia da zenbait delitu hazi egin direla, baina orohar Donostian segurtasun maila altua dugu.

Segurtasun sistema malgu baten alde egiten dugu, partekatua eta auzoetako errealitate ezberdinei egokitzen zaiona, herritarren bizi kalitatea eta ongizatea zaintzeko asmoz, guztien errespetua ziurtatuz eta guztion bizikidetza bermatuz.

2022 urtean delitu gehiago izan genituen, baina parean igo zen atxilotuen kopurua. Dena den, delituen igoerak beharrezko egiten dute neurri berriak hartzea kopuru orokorra jeitsi ahal izateko.

Aurten bertan f, eta hori bideratzeko 2023ko aurrekontuan diru gehiago aurre-ikusi da. Halaber, Udaltzaingoak kalean bere presentzia areagotu egingo dugu. Sinistuta gaude udaltzain gehiagorekin eta kaleko presentzia indartuz, delitu kopurua jeitsi egingo dela.

Ekialdeko Barrutian Udaltzaingoaren komisaldegi berri bat irekiko dugu, eta horrek segurtasun zerbitzua auzoetara hurbilduko du eta hiriko zonalde honi gaur egun ez daukan gertuko polizia zerbitzua eskeiniko dio. Horrekin batera, lanean ari gara Egian Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren polizia-bulego bateratu bat irekitzeko, horrek hiriko presentzia indartzen lagunduko digun neurrian.

Poliziaren lana hobetzeko teknologiak eskaintzen dituen aukerak ere baliatu behar dira. Eta horretarako, hiriko hainbat gune zaintzen lagunduko duten segurtasun kamaren erabilpena zabaltzeko lan egingo dugu. Eta delitu informatikoei aurre egiteko, profesionalen formakuntza hobetzeko eta baliabide egokiak indartzeko urratsak emango ditugu.

Era berean, hiritarrei aisialdi segurua eskaintzeko lan egingo dugu, eta horretarako, ekitaldien antolaketa eta jarduerak zainduko ditugu. Horrek baliabide gehiago eskatuko dizkigu, baita Ertzaintzarekin lankidetza ere, eta horretara bideratuko ditugu esfortzu guztiak.

Segurtasun maila egokia eskaintzeko ezinbestekoa da datuak ondo aztertu, behar diren lekuetan segurtasuna indartu, eta batez ere profesionalei, alegia, poliziei, lan egiten utzi. Eta mezu argi bat: gaizkileen aurrean, zero tolerantzia, baina demagogiarik egin gabe eta beldurra bultzatu gabe.