2025eko aurrekontua: soziala, inbertitzailea eta hiri seguru eta garraio publikoarekin konprometitua

Kanpoko arazoak direla-eta, bereziki pandemiak eragindako ondorioak direla-eta, ezin izan dugu azken urteetan hurrengo ekitaldirako aurrekontua urtea amaitu aurretik onartu. Aurten, beraz, esan dezakegu, normaltasunera itzuli garela.

 

Baina, nola azaldu dezakegu Udal aurrekontua zenbaki handietan galdu gabe? Bideo honetan saiatu gara aurrekontuaren ildo nagusienak minutu batean laburbiltzen:

Ikusi duzuen moduan, aurrekontuari esker gehien behar dutenei lagundu diezaiekegu, autobus elektriko berriak kaleetan zirkulatzen ikusi ditzakegu, kaleak zainduak eta garbiak izan ditzakegu, parkeak eta lorategiak zainduak, kiroldegiak eta kultur etxeak funtzionatzen, edo udaltzainak eta suhiltzaileak zerbitzu ematen Donostia hiri segurua izateko.

 

Era berean, behar diren baliabideak ematen dizkigu proiektu berriak garatzeko, hain zuzen ere, hiria zein auzoetako – eta bereziki gehien behar duten auzoetako –  bizi kalitatea hobetzeko proiektu berriak.

 

Eta besteak beste, proiektu horiek honakoa bilatzen dute: etxebizitza berria sortzea – donostiarrek duten behar eta kezka nagusienetako bati, etxebizitza beharrari, erantzuteko -, Anoetako miniestadioa edo Haizearen Orrazia birmoldatzea, Bretxako Arraindegia eraikinaren obrak amaitzea, edo hirian hiru Haurreskola berri jartzea. Hementxe dituzue garatuko diren hainbat proiektu:

 

 

Guztira, Udalak 517,4 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du, eta horri esker segidako helburuak betetzen saiatuko gara:

 

1- Inor atzean ez uztea: Gizarte Ekintzako departamentuak 37,4 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du;

 

2- Mugikortasun jasangarria sustatzea: 71 milioi euro bideratuko dira garraio publikoa bultzatzeko autobus elektrikoak erosiz eta tarifen beherapenak mantenduz;

 

3- Hiri zaindua eta kalitatezko zerbitzuak izaten jarraitzea: Hiri-Mantentze eta Zerbitzuetako departamentuak 105,4 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du, eta hainbat zerbitzutan langile berriak kontratatuko dira;

 

4- Hiri segurua izatea: Udaltzaingoaren eta Suhiltzaileen aurrekontua %5,8 eta %6,6 handituko dira, hiritarrei zerbitzua emateko erabiltzen duten materiala berrituz eta euren instalazioetako ekipamenduak hobetuz.

 

Donostia hiri bizia da, eraldaketa etengabean dagoena eta erritmo onean aurrera egiten jarraitzen duen hiria da. Hiri kohesionatua, aberastasuna sortzen duena eta hiritarrei bizi kalitatea eskaintzen diena euren bizitza proiektuak hirian egiten jarraitzeko, eta beti, behar gehien dutenei lagunduz.

 

Espero dut aurrekontu proiektu berri hau modu erraz eta ulergarrian azaldu izana. Aurrekontu honi esker Udalak behar dituen tresnak izango ditu harro sentiarazten gaituen hiria izaten jarraitzeko.

 

Informazio gehiago

Donostiarron kezkak, elkarlanean heltzeko erronkak

Politika Orokorreko urteko adierazpena egin dugu gaur. Bertan, luze eta zabal hitz egin eta eztabaidatu dugu hiriaren egoerari buruz. Nire hitzaldian zehar eduki dudan asmoa ez da izan “idilikoa” den Hiria irudikatzea, guztiok kezkatzen gaituzten gai nagusiei ekitea baizik. Eta horretarako, duela gutxi ezagutu genuen pertzepzio inkestaren emaitzaz baliatu naiz, izan ere bertan adierazten diren kezkak hurrengo urteetarako ditugun erronkak direlako.

 

Hiru dira une honetan hiritarrek adierazten dituzten kezka eta erronka nagusienak: Etxebizitza, Segurtasuna eta Turismoa. Horiek eta beste hainbat kontuan hartuta, 2030.urtera begira eraiki behar dugun Donostiaz hitz egin dut. Uste dut, gai horiekin batera, 2030.urtera begira eraiki nahi dugun Donostiak ezagutza eta zientziaren aldeko apustua egiten, Mugikortasun eredu berria sustatzen, eta hiri kohesionatu, abegikor eta inor atzean uzten ez duen politiken aldeko apustua egiten jarraitu behar duela.

 

Eta kohesio hori bermatzeko, ezinbestekoa da, Gizarte Zerbitzuak indartzen jarraitzea. Eta bide horretan gure konpromisoa irmoa da, eta datuek hala erakusten dute. 2023An 172,19 euro bideratu genituen hiritar bakoitzeko. Eta gizarte zerbitzuen karterak ezarritakoarekin betetzen jarraitzen dugu, eta hori ezin dute esan Gipuzkoako udalerri gehienek.

Etxebizitzak Donostiarren kezka nagusienetakoa izaten jarraitu du. Gure lehentasuna izan behar du mota ezberdinetako eskaintza sustatzen jarraitzea eta bereziki babestutako etxebizitza egiten jarraitzea. Eta horretarako, ezinbestekoa dugu Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzea. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko eskua zabaldu digu eta prest gaude elkarlanean aritzeko hirian eskaintza berria sortzeko, eta hiritarrek duten kezka nagusi horri erantzunak emateko.

 

Segurtasunaren gaineko kezka asko nabarmendu da hiritarren artean azken urteetan. Arazoa ez da neurririk ez dela hartzen. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak bere lana egiten ari dira, baina hiritaren artean inpunitate sentsazioa da nagusi, eta hori arazoa bihurtu da. Gure jarrera irmoa izaten jarraituko du delituen aurka, baina ezinbestekoa da ondorengo kateak ondo funtzionatzea, inpunitate sentsazio horrekin amaitu ahal izateko.

 

Turismoa da hiritarrek adierazten diguten hirugarren erronka. Azken urteetan turismoari buruzko kudeaketa eredua aldatu da. Erakartzea sustatzetik kudeaketa eta zaintza sustatzera pasa gara. Eta gainera, urteak daramatzagu jarduera arautzeko neurriak hartzen, eta hiriaren turismo estrategia hiriaren garapenari lotzen, eta beti, donostiarrak lehenetsiz.

Aldaketa klimatikoak asko kezkatzen gaituen gaia da, eta horretarako hiri bezala apustu sendoa egiten ari gara energia berriztagarrien alde, baita benetako garraio publiko jasangarri baten alde, non eta trena eta autobus elektrikoen bidezko zerbitzuek ardatz izango diren. Gainera, Ixuri Gutxiko Eremua aurrerapena izango da aldaketa klimatikoaren erronkari hiri bezala aurre egin ahal izateko.

 

2016an elkar bizitzeko kultura leloa erabili genuen balioen hiria, Giza Eskubideen eta demokraziaren aldarrikapena egiteko. Mezu ezkor eta nostalgikoak ari dira gailentzen. Eta horiei aurre egiteko komunitate sentimenduaren defentsa egitea ezinbestekoa da.

 

Hirian hizpide diren gai nagusienak aukeratu ditut aurtengo Politika Orokorreko adierazpena egiteko. Gure atentzioa eta ekintza merezi dituzten gaiak dira. Eta horiei heltzeko, gure borondatzea da elkarlanean aritzea, betiere, hiri hobeagoa egiteko.

 

2024.urteko Politika Orokorreko adierazpena

Hiritarren pertzepzio inkesta 2024: hirian bizitzeaz pozik eta hobetzeko tartea

Aurtengo maiatzetik uztailera bitartean herritarren pertzepzioari buruz egindako inkestaren emaitza ezagutu berri dugu. Inkesta horrek etengabe eboluzionatzen ari den hiri bizi baten argazkia uzten digu, duela zazpi urteko hiriaren antzekoa dena, baina beste lehentasun, larrialdi eta premia batzuk dituena.

 

Oro har, donostiarrak oso pozik gaude hemen bizitzearekin, baina, era berean, zenbait gai hobetzeko eskatzen diegu erakundeei, hala nola hiriaren zaintza edo osasun-arreta. Eta gure kezken artean bi daude: etxebizitza eskuratzea eta segurtasunik ezaren sentsazioa.

Inkestaren emaitzak irakurri eta sakon aztertu ondoren, kontuan hartzen ditugu herritarren pertzepzioak, eta esan dezaket, hain zuzen ere, gure ekintza- eta kudeaketa-lehentasunen artean daudela herritarrek finkatzen dituztenak.

 

  • Etxebizitza:

 

Etxebizitza-parkeari bultzada bat eman nahi diogu, eta garapen asko ditugu bultzatzear. Loiolako kuartelek etxebizitzari ematen zaion irtenbidearen zati bat ematea dute helburu. Eta horrekin batera, beste garapen batzuk daude: Infernua, Igara, Illarra edo Lorategi Hiria. Horietako batzuetan hasi dira etxebizitza berriak eraikitzeko lanak, eta beste batzuetan aldiz, laster hasiko dira.

 

  • Herritarren segurtasuna:

 

Segurtasunarekin kezkatuta eta lanpetuta gaude: duela hilabete batzuetatik, Ertzaintzarekiko koordinazioa eta kaleetan egiten den zaintza-lana areagotu ditugu, eta era berean, epaileei eskatu diegu gaiari heltzeko.

 

Donostia hiri segurua da, baina are seguruagoa izan behar du. Jendeak seguru sentitu behar du, eta hori da gure egitekoa.

Bestalde, donostiarrok gai askori buruzko balorazio positiboa dugu, besteak beste segidakoak: uraren kalitatea, garraio publikoa, bidegorrien sarea, hezkuntza-sarea, kultura-espazioak eta kirol-ekipamenduak, ongizaterako eta gizarte-laguntzarako zerbitzuak, baita espazio publikoak (merkatuak, plazak edo oinezkoentzako eremuak) ere.

 

Item horiek guztiek % 80tik gorako gogobetetze-maila dute, baina batez besteko horren azpitik bi gauza daude: hiriaren zaintza eta kontserbazioa eta osasun- eta ospitale-laguntza.

Udalaren helburua da donostiarren bizi-kalitatea hobetzea, beraz, okerrera egin duten gaiak hobetzeko lan egiten jarraituko du.

 

Hobetzeko tartea dugu, eta gure ahalegina da hobetzeko dauden gai horietan sakontzea hiritarren pertzepzioa hobeagoa izateko.

Aste Nagusia 2024: festa, emakumeen kirola, bikaintasuna eta alaitasuna

 

Igandean aurtengo Jazzaldiari agur esan genion, eta gaur badatorren hurrengo hitzorduari diosala egin diogu.

 

2024ko Aste Nagusia begibistan daukagu, eta dagoeneko hiria ari da motorrak berotzen.

 

Hainbat eta hainbat auzoetan festak egin dituzte dagoeneko, eta hori Abuztuko Festa nagusiaren atarikoa izaten da. Aste Nagusiaren aurretik ia gertukoen ditugun festak, Loiola auzokoak izaten dira. Eta Aste Nagusiaren aurkezpena egiteko Loiolatik oso gertu dagoen Txomineneako ur-parkera etorri gara. Izan ere, Urumea ibaiak protagonismo berezia izango du.

Aurtengo programazioak hainbat ekimen, jarduera eta ekitaldi izango ditu ibaiaren bueltan. Urteak dira garai batean bizkar ematen genion gure ibaiak geroz eta protagonismo haundiagoa hartu duela hiriko bizitzan. Eta 2024ko Aste Nagusiak ibai-hiri izaera horren erakusleiho izango da.

 

Donostiaren ubidea, Donostiaren ardatza ez da Kontxa bakarrik, ibaia ere bada. Eta orain programak emango ditu hainbat aitzaki ibaiari nagusitasuna emateko eta Donostiak ibaian eta ibaitik disfrutatzeko.

 

Orain, Parisen Joku Olinpikoak burutzen ari diren honetan, guk ere kirol ikutua eman nahi izan diogu aurtengo Aste Nagusiaren hasierari. Kanoikadaren aurretik Donostiako Klasikoa izango dugu, eta Artillero abesten Bera Berako jokalariek lagunduko gaituzte.

Horren arrazoia ez du azalpen askorik behar: sekulako denboraldia burutu dute, beste askotan bezala, eta Artillero abesteko gonbitarekin gure hiriaren alde egiten duten lan handiari aitortza egin nahi diogu.

 

Donostiak modu askotan adierazten ditu hiri bezala dituen balioak.

 

Kirola da gure nortasunaren parte nagusi bat, eta hiri honek asko sinisten du, eta praktikatzen du kirola, bai egunekoan, baita elite mailan ere. Hiri bezala definitzen gaituzten balioetako bat da.

 

Festa, emakumeen kirola, alaitasuna, bikaintasuna, ondo egindako lana eta dibertsioa. Horik izango dira kanoikadak erakutsiko dituen balioak.

 

Hortik aurrera, programa zabala, ehundaka ekitaldi, suak, nola ez, musika, sukaldaritza lehiaketak, herri kirolak, zaldi lasterketak, erraldoiak….

Denontzat eta denon nahiak hasetzeko moduko eskaintza izango dugu. Eta hori guztia ez litzateke posible izango DK Festak-en koordinaziopean lan egiten duten profesional eta boluntariorik gabe. Ia 4.000 persona Aste Nagusia ondo garatu dadin.

 

Uste dut donostiarrok zein bisitan etortzen diren pertsonek aukera izango dugula ondo pasatzeko, katxondeorako eta hiriaz disfrutatzeko. Beraz, guzti guztiak animatu nahi zaituztet errespetuz eta elkar zainduz ondo pasatzera.

 

Gora Aste Nagusia! Gora Donostia

Donostia eta Ezetzaren kluba

1912an Victoria Eugenia Antzokia ireki zenean, hainbat donostiarrak proiektuari kontra egin zioten. Hiru argudio nagusi zituzten: zuhaitzak moztu beharko zirela; ez zela beharrezkoa Antzoki Zaharra zegoelako; eta esku pribatutan bukatuko zuen proiektu espekulatzailea zela. Jarrera hau ezaguna egiten zaizue?

 

Hainbat urtetan salto egingo dugu: Anoetako Estadioa berritzeko proiektua; Topoaren igarobidea; Abiadura Handiko Trena; Hondalea; Grosen Basque Culinary Centereko eraikin berria; Añorgako, Jolastokietako (Herrera), Igarako, Illarrako, Loiolako Erriberetako, Uliako mintegietako garapen urbanistikoak; Miramongo Teknologia Parkearen handitzea; San Bartolome…

 

Aipatutako proiektu guztiak, eta hainbat gehiago, oposizioa izan dute. Batzuetan handiagoa beste batzuetan baino, bainta beti oposizio tinkoa, hain zuzen ere, hiriko hainbat pertsona, talde, alderdi politiko eta elkarteren oposizioa.

 

Aspalditik Donostia bi indar antagonikoen artean bereizita dagoen hiria da: alde batetik, hiriak aurrera egin dezan eta kritikoak izateari utzi gabe lan egiten duten hiritarrak, enpresak, elkarteak eta gizarte zibila; eta bestetik, kontra egiten duen beste energia bat, ekimen guztiei kontra egiten duena, eta hiria paralisira zuzentzen duena.

 

Azken talde hau, guztiari kontra egiten diona, osasun larrialdiaren ondoren indarra hartu duen taldea da, eta nire iritziz, gauza bat komunean duten bi bektore ditu.

 

Alde batetik, gizartearen haserre lauso baina errealean, jatorri eta motibazio oso desberdineko talde eta erakundeek humusa aurkitu dute, haserre horri forma emateko eta kapitalizatzeko. EH Bilduren alkategaiak hauteskundeen aurretik argi utzi zuen: bere helburua zen gizartearen haserre hori bideratzeko tresna izatea. Nire iritziz, haserre horrek hainbat kasutan arrazoi objektiboak ditu, baina beste batzutan hainbat “gizarte-eragilek” nahita erabili dute modu ezkutu eta inteligentean.

 

Euren buruak Donostiaren denfendaitzailetzat duten horiek, irudikatu nahi dute gainerakok ez dugula defendatzen. Are gehiago: zabaltzen saiatzen ari dira Donostia erakundeetan daudenengandik defendatu behar dela – izan Udala, izan Foru Aldundia, izan Eusko Jaurlaritza – eta nahita ahaztu egiten dute hiritarrek euren botoekin erakunde horietako ordezkariak aukeratu dituztela. Beraz, argi eta garbi atzeko atetik hauteskundeen emaitzen deslegitimazioa egiten saiatzen ari dira.

 

Estrategia horrek bi aurpegi ditu. Orain erakundeetan parte hartzen dute, modu formalean gehiengoak onartzen dituzte, eta bitartean, beste hainbat aktore zaratatsu subkontratatzen dituzte gizartea asaldatzeko.

 

Gainera, hirian antzina maite duten talde bat dugu (retro-fans edo nostalgistak deituko nieke nik). Hauek ere duela urteak, hamarkadak ez esateagatik, guztiari ez esaten diote. Napoleon balira, hiriaren eta politikaren bozeramailetzat dituzte euren buruak. Inork ez die eskatu horrelakorik egiteko, eta ez dira ere hauteskundeetara aurkeztu, baina hiriaren borondatearen gidaritzat dute euren burua.

 

Komunitate hori guztia estrategia politiko jakin bat duten pertsonez osatuta dago. Horiek eta euren ego handiaren zuzentarauak jarraitzen dituzten beste horiek, baimena ematen badidazue, Ezetzaren kluba osatzen dute. Honi ez, horri ere ez, ezta hangoari ere. Oposizioa egitea zilegi da, eta beharrezkoa, baina edozer gauzak ez du balio, hau da, ezin dira donostiarrei mesede egiten dizkieten ekimenak blokeatu. Hori bai da kritikatzeko zerbait.

 

Hirian aukera falta dagoela salatzen dute, baita etxebizitza eskaintza ere, eta jarraian sustatu nahi diren garapen guztien kontra egiten dute. Azken adibidea aste honetan bertan izan dugu, 500 etxebizitza egiteko bi helegite aurkeztu dituzte. Etxebizitza horiek Igaran eta Illarran egin behar dira eta %45ek babes publikoa izango dute. 6.300 familiak interesa azaldu dute bi promozio horietan. Horren aurka egin du Donostia babesten duela esaten duen elkarte horietako batek. Hiritarrak defendatzeko modu harrigarria da hori, etxebizitza gehiago egiteko eskaerari erantzuna gelditzea.

 

Ez gara itsuak eta ez dugu esaten hirian arazoak ez daudenik. Arazoak ditugu, edozein taldek eta erkidegok bezala, edozein herrik edo hirik bezala. Gure kasuan, hainbatek loak kentzen dizkit: esaterako, etxebizitzaren prezioari aurre egitea edo higiezinen parkean ekimenak garatzeko zailtasuna.

 

Baina arazo horiek ez dira arrazoi Donostiaren indarra, kemena eta anbizioa balioan ez jartzeko. Izan ere, Donostia mundu mailako proiektuak erakartzeko gai da, eta gertuko zein hurrutiko hiri askok Donostia bezalakoak izan nahi dute gure dinamismoa eta erakartzeko gaitasuna direla-eta.

 

Gauza bat da kritikoak izatea, baina oso bestelakoa da kexa iraunkorrean kokatzea, ikuspegi indibidualista (zer dago nireaz) izatea, erabat kontserbadorea, komunitate-izpiriturik ez izatea, hain zuzen niri txikitatek transmititu didaten komuniate-izpiritua. Ezetzaren klubaren aurrean, Udalak beti baietzaren alde egingo du. Donostiak aurrera egiteari, bai. Donostiaren etorkizunari, bai. Baikortasunari, bai.

Parte Zaharrean suteak prebenitzeko eta segurtasuna bermatzeko plana

Parte Zaharreko arriskuen prebentziorako plana aurkeztu dugu gaur. Plan hau elkarlanean egin dugu auzoko hainbat eragilerekin, auzotarren zein ostalaritza eta markataritzaren baldintzak hobetzeko sortutako lan-esparruan.

 

Besteak beste, erkidegoen presidenteekin, ostalarien zein merkatarien elkarteekin, eta zer esana duten beste bi eragileekin, hain zuzen ere, Iberdrola eta Eusko Jaurlaritzaren Industria atalarekin, landutako plana da.

 

2021etik gaur arte egon diren suteetatik gehienak, hain zuzen ere 34, etxebizitzetan gertatu dira; 9 ostalaritza establezimenduetan eta beste 5 beste motatako establezimenduetan. Horrek erakusten digu auzo osoari begira egin beharreko gauza dela, eta horretan saiatu gara azken hilabeteotan.

Planak eragiten dio Parte Zaharra osoari, baita Ekialdeko zabalguneari zein Kaiari, eta hiru ekintza nagusi aurreikusten ditu:

 

  • Auzotarrei zuendutako informazio, formazio eta sentsibilizazio kanpaina, suteak prebenitzeko hartu beharreko hainbat neurri kontuan har ditzaten.

 

  • Arriskuen prebentziorako datuak hartu eta establezimenduen egongo egoera aztertu. Horretarako, Udalaren lau departamentuk esku-hartuko dute: Hirigintzak, Suhiltzaileek, Udaltzaingoak eta Osasun publikoak.

 

  • Establezimendutetako langileei suteak prebenitzeko eta itzaltzeko formazioa. Helburua da, sute batek eragindako larrialdi egoera baten aurrean nola erantzun ikastea.

 

Helburu nagusiena da, Parte Zaharreko segurtasuna bermatzea. Horregatik, aipatatutako ekintzez gain, planak etengabeko hobekuntza prozesua zabalik izango du. Hortaz, uneoro informazioa eguneratuta izatea da asmoa, epe ertain eta luzera prebentzio arloko promosamen eta aholku berriak egin ahal izateko.