Aukeren hiria bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko

Goiza hainbat gazterekin pasatzeko aukera izan dut Loiolan, euren beharrei buruz hitz egiten. Gauza askori buruz hitz egin dugu, baina bereziki etxebizitza beharrari buruz, euren bizitza proiektuak hirian egiten jarraitu ahal izateko.

 

Horren harian, laster hasiko dira 2.000 etxebizitza eraikitzen hainbat eremutan, eta Loiolako Kuartelen salerosketari esker beste 1.700 egingo dira, eta asko babes publikoko etxebizitzak izango dira. Horretarako, Udalak 73 milioi euroko inbertsioa egingo du, eta bertan, auzo moderno bat sortzeko aukera izango dugu,  XXI. mendeko arkitekturarekin, berdeguneekin, Intxaurrondo eta Erdigunearekiko loturarekin, Urumearekin integratuta eta ekipamendu publikoak eta zerbitzuak sortzeko aukerekin.

Eta hori lortzeko, nazioarteko arkitektura-lehiaketa bat sustatuko dugu, eremu horrek merezi duen kalitatearekin eta altuerarekin definitzen eta diseinatzen lagunduko diguten hirigile onenek parte hartu dezaten.

 

Lau seme-alabaren aita naizen aldetik, gazteek gure hirian beren bizi-proiektua egiteko zailtasunak izateak kezkatzen nau, eta, beraz, hurrengo belaunaldiari zentzu horretan ondare bat uztearekin tematuta nago.

 

Gainera, beharrezkoa da etxebizitza berri horiek familia mota ezberdinak hartzeko egokiak izatea, izan familiabakarra, bi senidez osatuak; eta mota ezberdinetako etxebizitzak izan behar dira: publikoak, tasatuak, jabetzan, iraupen laburreko edo luzeko alokairuan, errenta altu, ertain edo baxuetarako, dauden tipologia eta eskaera desberdinei erantzun ahal izateko.

Aukeren hiria

 

Lan egiteko hiriak eskaintzen dituen aukerei buruz ere hitz egin dugu. Donostiak Euskadiko eta Estatuko langabezia-tasa baxuena duen hiria izaten jarraitzen badu, gazteek hemen lan egin ahal izango dute. Horrekin batera, etxebizitza berriak egiteko gai bagara, gazteak hemen bizi ahal izango dira. Eta hemen lan egiten badute eta hemen bizi badira, hemen gozatu ahal izango dute.

 

Hortaz, konpromiso argia hartu dugu: Hiri oparo bat izateko lan egiten jarraituko dugu, kalitatezko enplegua eta aukerak sortzen dituen hiria, hainbat arlotan erreferente den hiria. Horretarako osagaiak baditugu, izan ere, Donostia bizitzeko, gozatzeko, kirola egiteko, gastronomiaz eta kulturaz gozatzeko hiria da, eta hala izaten jarraitzeko lan egingo dugu.

 

Gure helburua da aurreko belaunaldiek gurekin egin zuten bezala, ondorengo belaunaldiei hiri hobeagoa uztea.

Anoetako kirol instalazioen berritze-lanei ekingo diogu

Anoetako instalazioak ikusten egon gara gaur, hain zuzen ere, hurrengo legealdian berritze-lanei ekingo diegun instalazioak. Donostiak bere tamainako hiri askok eduki nahiko luketen instalazioak ditu. Baina aitzitik, zaharkituak gelditzen ari dira. Horregatik honako konpromisoa hartu dugu: Anoetako kirol hiria modernoa eta puntakoa izatea, eta bertan, Illunbeko erabilera anitzeko instalazioa integratzea.

Aurreko legealdian Anoeta Estadioaren txanda izan zen, eta gutxi gorabehera 78 milioi euroko inbertsioa egin zen. Urte amaieran miniestadioa berritzeko lanei ekingo diegu, atletismoa eta errugbia hartzeko instalazioa izango da, eta udan zehar Hipodromoaren ondoan hiriak hainbeste behar duen hockey zelaiaren lanak amaituta egongo dira.

Hortaz, behin horiek amaituta edo martxan jarrita, beste hiru instalazio berritzeko helburua dugu: lehena, Illunbe, hiriak behar duen erabilera anitzeko instalazioa izateko; bigarrena, Gasca kiroldegia eta Atano III pilotalekua; eta hirugarrena, Belodromoa – atletismo pista berritua duen instalazioa.

Inbertsio handia egin behar da instalazio hauetan guztiean, beraz, dagoeneko Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin hitz egiten hasi gara instalazioen berrikuntzan inplikatzeko. Eta behin akordioa lortuta, hiriko eragileekin egoteko unea izango da euren beharrak kontuan hartuta instalazio horiek berritzeko.

Beste hainbat instalazio

Egun Donostiak 17 kiroldegi ditu. Laster Bretxan kirol anitzerako pista berria zabalduko da, eta hurrengo urteetan Merkaer-en kirol instalazio berria egingo da. Era berean, azken urteetan hainbat gimnasio berritu dira – Benta Berri, Paco Yoldi edo Bidebieta – eta asmoa da beste hainbat instalazio berritzen jarraitzea, besteak beste, Etxadi edo Intxaurrondoko gimnasioak edo Antiguo eta Igeldoko frontoiak.

Kirol urbanoa

Halaber, azken urteetan parkour edo kalistenia bezalako modalitate berriak iritsi dira hirira, hain zuzen ere, gazte askok praktikatzen dituzten modalitateak. Eta horiei egokitzeko, hirian hainbat gune sortu dira kirol horiek egiteko, eta laster Benta Berrin edo Arrobitxulon instalazioak ere egingo dira.

Hiria bera kiroldegi handi bat da. Bakarrik ikusi behar da zenbat jendek egiten duen kirola pasealekuetan zein parkeetan, baita Urumean ere. Eta azken hau, arrauna bezalako uretako kirolak egiteko eskaintzen dituen aukerak baliatu behar ditugu, baita surfak kirol-, gizarte- eta ekonomia-ekimenak sustatzeko ematen dizkigun aukerak ere.

Eta hori guztiarekin batera, emakumeen goi mailako kirolari merezi duen babesa ematen jarraitu behar dugu, eskola kirolatik hasita; kirol txartelaren erabilera sustatzen jarraitu behar dugu; eta nazioarteko kirol-ekitaldiak antolatzeko gai den hiria erakusten jarraitu behar dugu. Hau da, Donostia kirol eta osasun bizi kalitate mailagatik nazioartean erreferente izateko lan egingo dugu.

Garraio publiko eta iraunkorrari bultzada emango diogu

Iñigo Urkullu lehendakariarekin igaro dugu arratsaldea Eider eta biok Easoko tren geltokian eta inguruan, Donostian eta Gipuzkoan egiten dugun garraio jasangarriaren aldeko apustua berresten. Eta apustu hori benetakoa izateko trena da indartu beharreko garraioa. Izan ere, hiritik trafikoa gutxitzeko alternatibarik onena da. Horregatik, Lehendakariaren laguntzaz gaurkoan Topoaren eta Abiadura Handiko Trenaren aldeko apustua berretsi dugu.

Argi dugu, Topoaren igarobidea, Abiadura Handiaren iritsiera, autobus elektriko eta garbien hedatzea eta bizikleta publikoaren sistema indartzea dira gaur egun eraikitzen ari garen hiri konektatuaren zutabeak. Eskema berri horrek donostiarron eta bisitatzen gaituztenen mugitzeko modua aldatuko du eta hirigunean espazio zabalak eraldatzea ahalbidetuko du, oinezkoentzako eremuak irabazi ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren eskutik hiria egiten ari den apustuetan trenbide bidezko hiri garraioa indartu behar da, Topoaren igarobidearen obrarekin. Horri esker, Irun eta Zumaia lotuko dira, tartean Donostiaik igarota. Azpiegitura horrekin batera, Loiolako Erriberako aldageltokiak Topoa eta Renferen Irun-Brinkola zerbitzuaren prestazioak biderkatuko ditu, bi zerbitzuak elkarrekin konektatuz eta bi lineak moldakorragoak eginez. Azkenik, Abiadura Handiko Trena hirira iristeak triangelu hori itxi egingo du eta tren bidezko garraioa funtsezko pieza bihurtuko da Donostiarako eta Donostiatik egindako mugikortasunerako.

Helburu horretan aurrera egiteko, mugikortasuna berrantolatzea ezinbestekoa da. Oinezkoek izan behar dute hiriaren protagonistak, garraio publiko jasangarriago eta garbiago batekin. Horri esker, hiritarrei euren eguneroko bizitzarako eta gozamenerako espazio osasungarri eta seguruak itzultzeko aukera izango dugu.

Era berean, Topoa zabaltzeak donostiarrentzako lur gaineko espazioak berreskuratzea ahalbidetuko du, modu berezian Easoko trenbidean sortuko diren 21.000m2. Bertan, Arabako parkea zabaltzeko lan egingo dugu, hiriaren erdiguneko biriketako bat zabalduz, eta etxebizitzaren garapena eta Kontserbatorio berriaren kokapen posiblea bultzatuko ditugu.

Anoeta eta Errondo pasealekuaren artean Topoaren trenbidearen lurperatzea lortzeko konpromisoa hartuko dugu; baita Anoetatik Loiolako Erriberako aldagailuaren artean trenbidearen soinu-inpaktua minimizatuko duten hesi akustikoak ezartzeko ere. Horrela, Amarak espazio atseginagoak izango ditu.

Tren bakoitzak 400 pertsona eraman ditzake, hau da, 5 autobus edo 100 auto pribatu adina, horrek kutsaduran duen eragin guztiarekin. Gainera, gainazal azpiko garraioa izateak fidagarritasun handiagoa ematen dio, ez baitago baldintzatuta hiriko bizitzaren funtsezko uneetan bestelako jarduerek sor ditzaketen trabetara.

Hori guztia, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren eskutik lortuko dugu. Elkarlanean etorkizuneko mugikortasunari,  hain zuzen ere, garraio publiko eta iraunkorrari bultzada berri bat emango diogu.

Konfiantza eta partehartzea aurrera egiten duen Donostiarentzat

Gaurkoan hiri-ereduei buruz hitz egiteko aukera izan dugu, kalean gelditu gaituzten hainbat hiritarrekin. Guk argi esan diegu nolako Donostian bizi nahi dugun: hiritarren beharrak, nortasuna eta ikuspegia hartzen duen hiri jasangarri, atsegin, seguru, adimentsu eta inklusiboan. Hain zuzen ere, inor atzean utzi gabe aurrera egiten duen Donostian erakargarri batean.

Egun Donostia eboluzio eta eraldaketa prozesuan dago Europan parerik izango ez duen hiria izateko; bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko. Baina aitzitik, badago atzera egin nahi duenik, aurrerapauso guztiei oztopoak jartzen duenik. Eta, beraz, argi gelditzen da donostiarrok bi ereduren artean hautua egin behar dugula maiatzaren 28an.

Alde batetik, guk proposatzen dugun eredua: Anoeta berriaren hiria, konputazio kuantikoarena, Bayer enpresaren iritsiera posible egin duena, Topo berriarena, abiadura handikoarena, auzoetan hobekuntzak egiten dituena, Altzako kiroldegia egin duena, Eskusaitzea industrialdearena, Tabakalerarena edo nazioarte mailako proiekzioa duen hiria.

Eta bestetik, EH Bilduk proposatzen duena: eztabaida amaitezinen eta endredoen hiria, iraungita dauden proposamenak eta iraganeko blokeo egoerara itzularazi nahi duena, guztiari ezetz esaten diona, eta okerrena, hiria hobetzeko erabakiak hartzen direnean hiriarekin zerikusirik ez duten beste lehentasun batzuei begira dagoena. Eta hori egun hauetan agerian gelditu da. Izan ere, iraganean izan zuten estrategia anker eta okerraren ondorioaz sortutako beste lehentasun batzuk kudeatzen ari dira.

Horregatik, gaur komunitatea egiteko deia luzatu diegu kalean topo egin ditugun donostiar guztiei, hiritarren ziurgabetasunak eta beldurrak erabili nahi dituzten populismoei aurre egiteko.

Donostia dagoen tokira iritsi da donostiarrok azken hamarkadetan erabaki estrategikoetan asmatu dugulako, eta betikoen pankartei eta oztopoei aurre egin diegulako. Egia da hainbat arazo daudela, eta hainbat hobekuntza martxan jarri behar direla, baina egun hiria ez dago geldi, hobetzeko lanean ari da, eta laster egindako inbertsio horiekin disfrutatzeko moduan egongo gara.

Gaur itxaropenari heltzen dion ereduaren alde egiteko deia egiten dugu, EAJ-PNVren eredua, konfiantzari, ausardiari eta lanari lotuta dagoena. Konbentzituta gaude maiatzaren 28an donostiarrek aurrera egiteko hautua egingo dutela, eta ez ordea, geldi egon ginen urteetara itzultzekoa.

Eskusaitzeta Gipuzkoako industrialde garrantzitsuena izango da

Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburu Arantza Tapiarekin Eskusaitzetako industrialdean ibili gara, dagoeneko bertan lanean ari diren enpresak eta eraikitzen ari diren lur-sailak ikusten.

Gure lehentasuna argia da: Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin elkarlanean, behar diren neurriak sustatzea Eskusaitzetako industrialdea osatzeko eta industria sektorean enplegua eta aberastasuna sortuko duten inbertsio berriak erakartzeko.

Industrialde hau Gipuzkoak duen zerbitzu eta lur industrialaren erreserba handiena da. Eta hiriak bere ekonomia-, industria- eta zerbitzu-jarduerak sendotzeko eta indartzeko duen apustu nagusiena da. Honez gero Udalak 25 milioi euroko inbertsioa egin du bere urbanizazioan.

Dagoeneko, OTIS, DFG edo Supresu enpresak bertan ari dira lanean, baita Naturklima ere. Eta martxan dira Mubil Elektromugikortasun poloaren eta Biotech Foods enpresaren egoitza berrien lanak. Beraz, Eskusaitzetako industrialdea errealitate bat da.  Hala ere, lanean jarraitu behar dugu Donostian enpresa berriak euren jarduera ezartzeko, industrialde honen kokapena, loturak eta industria eta kalitatezko zerbitzuen inguruan aukerak sortzeko ematen duen gaitasuna baliatuz.

Donostia ere industria da eta nazioartean erreferente diren enpresak daude, hain zuzen ere, hirian hazteko edo berritzeko baldintza onenak izan behar dituzten enpresak. Eskusaitzetako industrialdea horretarako aproposa izango da. Helburua da, 2027rako Eskusaitzetak bete-betan jardutea, Donostialdearen eta inguruko eskualdeen jarduera, fakturazio eta lanpostu gehien eskaintzen dituen industrialde nagusiena izan dadin.

Hiriaren segurtasuna hobetzeko proposamenak

Hiri-segurtasuna da donostiarrek dituzten kezketako bat. Eta horrela izanik, ezin da demagogiaz jokatu edo promesa faltsurik egin. Horiek horrela, lehenik eta behin, lasaitasun mezu bat bidali nahiko nuke: egia da zenbait delitu hazi egin direla, baina orohar Donostian segurtasun maila altua dugu.

Segurtasun sistema malgu baten alde egiten dugu, partekatua eta auzoetako errealitate ezberdinei egokitzen zaiona, herritarren bizi kalitatea eta ongizatea zaintzeko asmoz, guztien errespetua ziurtatuz eta guztion bizikidetza bermatuz.

2022 urtean delitu gehiago izan genituen, baina parean igo zen atxilotuen kopurua. Dena den, delituen igoerak beharrezko egiten dute neurri berriak hartzea kopuru orokorra jeitsi ahal izateko.

Aurten bertan f, eta hori bideratzeko 2023ko aurrekontuan diru gehiago aurre-ikusi da. Halaber, Udaltzaingoak kalean bere presentzia areagotu egingo dugu. Sinistuta gaude udaltzain gehiagorekin eta kaleko presentzia indartuz, delitu kopurua jeitsi egingo dela.

Ekialdeko Barrutian Udaltzaingoaren komisaldegi berri bat irekiko dugu, eta horrek segurtasun zerbitzua auzoetara hurbilduko du eta hiriko zonalde honi gaur egun ez daukan gertuko polizia zerbitzua eskeiniko dio. Horrekin batera, lanean ari gara Egian Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren polizia-bulego bateratu bat irekitzeko, horrek hiriko presentzia indartzen lagunduko digun neurrian.

Poliziaren lana hobetzeko teknologiak eskaintzen dituen aukerak ere baliatu behar dira. Eta horretarako, hiriko hainbat gune zaintzen lagunduko duten segurtasun kamaren erabilpena zabaltzeko lan egingo dugu. Eta delitu informatikoei aurre egiteko, profesionalen formakuntza hobetzeko eta baliabide egokiak indartzeko urratsak emango ditugu.

Era berean, hiritarrei aisialdi segurua eskaintzeko lan egingo dugu, eta horretarako, ekitaldien antolaketa eta jarduerak zainduko ditugu. Horrek baliabide gehiago eskatuko dizkigu, baita Ertzaintzarekin lankidetza ere, eta horretara bideratuko ditugu esfortzu guztiak.

Segurtasun maila egokia eskaintzeko ezinbestekoa da datuak ondo aztertu, behar diren lekuetan segurtasuna indartu, eta batez ere profesionalei, alegia, poliziei, lan egiten utzi. Eta mezu argi bat: gaizkileen aurrean, zero tolerantzia, baina demagogiarik egin gabe eta beldurra bultzatu gabe.