Ostatu erabilera berriak mugatzeko neurriak

Hotel eta erabilera turistikoko etxebizitza berriak jartzeko baimenak bertan behera uzteko erabakia hartu dugu. Neurriak ostatu erabilerak arautzeko Plan Orokorraren aldaketan du oinarri, eta behin martxoko udalbatzarran onartuta sartuko da indarrean.

 

Helburua da jarduera turistikoa arautzea, hain zuzen ere, zaindu beharreko hiriko jarduera garrantzitsu bat arautzea. Duela hamar urte Donostiak hoteletako plazatan defizita zuen, eta ondorioz, ez zuen gaitasunik bisitariak erakartzeko edota hainbat kongresu eta ekitaldi antolatzeko. Azken urteetako hazkundea, aldiz, handia izan da. Hortaz, hotel berrien irekiera mugatzeko unea da.

 

Azken urteetan hainbat neurri hartu ditugu, eta horiei esker barmen eskaerak nabarmen gutxitu dira. Erabakiak seriotasunez, irmotasunez eta berme juridiko guztiekin hartu behar dira. Eta arrazoi honen helburua da turismo jasangarria lortzea.

 

Gure lehentasuna donostiarrak dira. Hori dela-eta, neurri hauek hartu ditugu Donostian bizi garenok gustura egon gaitezen eta hazkunde handi batek izan ditzakeen ondorio negatiboak ekiditeko.

Informazio gehiago:  Oharra_Martxoak9

Martxoak 8: Gora emakumeak!

 

Martxoaren 8ko bezperan, Frankismoa amaitu zenetik orain arte Udalak izan dituen zinegotzi emakume guztiei merezitako aitortza egin nahi izan diegu.

 

Izan ere, gezurra baldin badirudi ere, orain arte Udaletxe honek ez due mota honetako ekitaldirik egin, emakumeak Donostiaren gertuko historian jokatu duen papera azpimarratuz.

 

Eta uste dut garaia dela politikan eta erakundeetan emakumezkoek jokatu duten eta egun jokatzen duzuen papera aldarrikatzeko.

61 emakumek izan dute donostiar guztiok ordezkatzeko ardura Frankismoaren ondoren osatu zen lehengo udalatik hasita, Demokraziaren lehen Gorporaziotik igarota eta gaur egun arte. Horiei guztiei Ane Picaza artistaren oroigarri bat oparitu diegu.

 

Uste dut gauzak asko aldatu direla 1978tik Udaletxean, erakundeetan eta politikan. Baita gizartean ere. Eta zorionez, egun emakumeen presentzia arlo publikoan eta ardura jardueratan ez du zerikusirik duela urte batzuetakoarekin. Eta hori emakume askoren lana, borroka, irmotasuna eta jarraikitasunari esker izan da; horien artean, gaur udalbatzar aretora hurbildu direak eta bidai horietan bidelagun izan zituztenak. Zuei guztiei eskerrak eman nahi dizkizuet Udalaren eta hiri osoaren izenean.

 

Hala ere, lortutako aurrerapenek ez dute esan nahi lana bukatuta dagoenik. Oraindik arlo askotan insistitu beharra dago aurrerapausoak eman daitezen, hain zuzen ere, kontsolidatuko diren aurrerapausoak, atzera egingo ez dutenak.

Uste dut lan hori emakume eta gizonek partekatu beharrekoa dela. Elkarren artean egin behar dugu. Bi alaba eta bi semeren aita naizenez, uste dut gure lana badela guneak irekitzea guztiek bere bidean berdintasunean egin ahal izateko, generoa oztopo ez izteko.

 

Eta bide horretan uste dut alderdi politiko guztion adostasuna dagoela, eta bultzatzen ditugun politikek emakume eta gizonen arteko berdintasuna indartzeko bidea jarraitzen dutela.

 

Feminismo barneratzaile baten alde egiten dugu, hain zuzen ere, sentsibilitate eta ikuspegi ezberdinak batzen dituen feminismoaren alde. “Emakumea gora!” …. dio aurtengo Emakunderen leloak. Utziko didazue hitz joku txiki bat egiten hitz hauei amaiera emateko. Eta horrelaxe amaitu nahi nuke: Gora martxoaren 8a, Gora berdintasuna eta Gora emakumeak!

Irudi galeria

Gizarte Ekonomiaren Hiriburutza: Pertsonak ekonomiaren erdigunean

Gureak-era egin dugun bisitarekin hasiera eman diogu Gizarte Ekonomiaren hiriburutzari. Santiago de Compostelari lekukoa hartu diogu eta erronka ilusio handiz eta arduraz hartzen dugu.

 

Pertsonak ekonomiaren erdian jartzea da Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzarako hartu dugun goiburua. Uste dut goiburu horrek ondo baino hobeto laburbiltzen duela aurten zertan oinarrituko den hiriburutza.

 

Zifra ekonomiko handiak protagonista diren unean, uste dugu Donostiako hiriburutzan antolatuko diren topaketa eta foroetan azpimarra jarriko dela jarduera ekonomikoaren azken helburua den horretan: pertsonetan.

 

Eta gaur bisitatu dugun enpresa gizarte ekonomiaren adibide argia da.

Enpresa ororen helburua baztertu gabe – produktu eta zerbitzu onak eskaitnzea – Gureakek onurez gain doan misioa du.

 

Bere benetako onura soziala da, gizatiarra. Eta bere jarduerak aberastasuna ekartzen dio gure lurraldeari aspaldidanik. Eta aberastasun hori ez da ekonomikoa bakarrik, hobekuntza soziala ere bada. Pertsonekin, erdigunean.

 

Arrakasta-eredu den leku batean gaude, eta uste dut, umiltasunetik abiatuta, gure ingurutik haratago esporta dezakegula.

 

Eskerrak eman nahi dizkiet Donostia Gizarte Ekonomiaren Hiriburu izatea ahalbidetu duten parte-hartzaile eta erakunde guztiei. Ziur nago guztiok elkarlanean diruaz gain beste gauza asko axola duten arloa honetan ekarpenak egingo ditugula.

Kirolari bikainak, hiriaren erreferente

Udaletxean hainbat harrera egiten ditugu urtean zehar, baina Kirolari Bikainei eskainitakoa beti da berezia. Oso harro sentitzeko moduko harrera da, izan ere, hiria kirolean erreferente bada hainbat modalitate ezberdinetan ditugun kirolariei esker da.

Osasun larrialdiak azkeneko bi urteetan ez digu harrera hau egiten utzi. Gaurkoa beraz, benetan polita izan da Udalbatzar aretoan bizi izan duguna. 58 kirolari indibiduali eta 4 talderi Urrezko Kirol txartelak eman dizkiegu, gure babesa adierazteko.

Kirolari Bikainak izateko lan handia egin dute, lorpen handiak izan dituzte. Eta horri esker gaur Munduko, Europako, Espainiako eta Euskadiko txapeldunez inguratuta egon gara. Horrek sortzen duen harrotasuna benetan handia da.

Beti esan ohi da astelehenak asteko egunik tristeenak eta zailenak direla. Baina Donostian, Kirolari hauei guztiei eta beste askori esker, astelehen asko ospakizun eguna izaten dira.

Ziur naiz aurten ere lorpen handiak ospatzeko aukera izango dugula! Segi lanean eta lehiatzera joaten zareten lekura zoaztela beti izango duzue hiri bat zuei guztioi animoak emanten.

Zorionak, baina batez ere eskerrik asko hiria hain ondo ordezkatzeagatik, eta erreferente izateagatik.

Argazki galeria

San Sebastian 2023: zirrara eta harrotasuna

Azkeneko bi urteetan ezin izan dugu gure jai kutunenaz gozatu. Aurtengoa, beraz, San Sebastian egun oso berezia izan da, hasieratik amaiera arte; festak eztanda egin aurreko orduetatik, bandera jaitsi eta azken danborradak euren egoitzetara iritsi arte.

Hiritar Merezimenduaren dominak

Hunkigarria izan da urtarrilaren 19an Udalbatza aretoa beteta ikustea, hiriko bi elkarte eta hiru hiritarri merezimenduaren domina emateko. Musuko gabe, guztiok elkartuta hiriaren alde hainbeste urtetan egindakoak eskertzeko. Lola Horcajok, Maite Sabadellek, Gurutz Linazasorok, Agifesek eta Easo Abesbatzak jaso dituzte hiritar merezimenduaren dominak, emozio handiko ekitaldian. Urtetik urtera zenbat hautagaitza aurkezten diren ikusteak argi erakusten du Donostia hiri bizia dela.

Banderaren igoera

Hiru urte igaro ondoren Konstituzio plaza guztiz bete da. Igoera baino ordubete lehenago ehunka hiritar plazan zain zeuden gaueko hamabiak iritsi eta Gaztelubideren eskutik Sarriegiren Donostiako Martxaren lehen doinuekin festari ekiteko. Hiru urte ondoren Udaletxe zaharreko erdiko balkoira atera eta bandera igotzea oso hunkigarria izan da, baina batez ere, gehien hunkitzen duena plazan zein Udaletxe zaharran zeuden pertsonen aurpegi alaiak ikustea da. Donostiarra izatearen horratasuna.

Danborrada jotzea

Donostiar askorentzat bezala danborrada jotzea urteko gauza handienetako bat da. Eta aurten oso berezia izan da. Besarkadak, algarak, alaitasun aurpegiak. Danborradako kide eta lagunak, handia izan da zuek besarkatu eta ibilbidean zehar ditugun hainbat momentu berezirekin disfrutatzea.

Haur danborrada

Astearen hasieran eguraldiaren iragarpena ikusita, inork ez genuen pentsatuko eguzkia aterako zenik. San Sebastian-ek miraria egin zuen eta, horri esker, Alderdiederren urteko irudi politena ikusteko aukera izan dugu. Kolore eztanda. Danbor eta upelen burrunba. San Sebastian egunak eta danborradak etorkizuna du. Harrobia ziurtatuta dago. Gora Haur Danborrada!

Urrezko danborra

Zer esan aurtengo Urrezko Danborrari buruz. Plazer handia izan da Javier García Cogorrori hiriak duen sari maitatuenetako bat ematea. Urrezko Danborrak zientzia eta ezagutza saritu ditu. Donostiak arlo horretan onenen artean egotea da gure helburua, eta hori ez litzateke posible izango, Javier bezalako pertsonak gabe. Hunkigarria izan da hainbat testigantza entzutea. Uste dut aurten Urrezko Danborrak bere hasierako izaera berreskuratu duela. Zorionak Javier!

Danborradak hiri osoan zehar

158 danborrada ditugu hirian auzo guztietan banatuta. Jaiak duen osasunaren seinale. Festa hasi zenetik 425 urte bete direnean, hainbat danborradek euren 25. 50. eta 75.urteurrenak ospatu dituzte. Zorionak Intxaurra, CD Lagun Artea, Jatorra, Argazkilari Elkartea, CD Donosti eta CD Vasconia. Eskerrik asko zuei eta gainerako guztiei hiriko txoko guztietan danbor hotsak iristeko egiten duzuen lanagatik. San Sebastian eguna zuek egiten duzue.

Bandera jeitsiera

Eta nola ez, ohi bezala bandera jaitsieraren unea ere berezia izan da. Plaza beteta jaia hasi eta 24 orduren ondoren, kolorez beteta, festa gogoarekin, eta Union Artesanak, hiriko danborradarik zaharrenak, gogo horiek asetzeko oholtzan ikuskizun polita eman zuen.

Dagoeneko bandera ez dago Konstituzio plazako eraikinean jarrita. Laster Artzak Ortzeok-eko egoitzan egongo da. Dagoeneko hurrengo urteko San Sebastian egunaren ospakizunean hasi gara pentsatzen. Aurretik 365 egun ditugu, baina bitartean, bizitako emozioek, emandako besarkadek eta hiri osoaren alaitasunak gogoratuko ditugu. Horiek guztiek eguneroko lana egiten jarraitzeko indarra emango digute.

Eskerrik asko Donostia, egun handia izan da!

 

Inbertsio-maila handiko eta zerbitzuak hobetuko dituen aurrekontua

Aurtengoa Donostiako Udalak historian izan duen aurrekonturik handiena izango da. %8,73 handiagoa izango da, ematen diren zerbitzuen kalitatea bermatzeko gastu arrunta handituko delako.

Aurtengoa Donostiako Udalak historian izan duen aurrekonturik handiena izango da. %8,73 handiagoa izango da, ematen diren zerbitzuen kalitatea bermatzeko gastu arrunta handituko delako.

Aurrekontu proiektuak 39,7 milioi euro aurreikusten ditu hirian babestutako etxebizitza gehiago egitea ahalbidetuko duten hainbat garapen egiteko. Besteak beste, Lorategi Hiria, Inpernua, Illarra edo Apostolutza errealitate bihurtzen hasiko dira 2023an. Eta horiekin batera, Loiolako Kuartelen salerosketa burutuko da urtean zehar. Bertan, etxebizitza garapen handia egin ahal izango da datozen urteetan.

Inbertsio-maila handiko aurrekontua izango da. 56,9 milioi euro bideratuko dira garatzen ari diren proiektuekin jarraitzeko zein proiektu berriei ekiteko. Eremu ezberdinetan hainbat hobekuntza egiten lagunduko duten inbertsioak.

Guztira 90 aurrekontu-sail daude 2023 aurrekontu-proiektuan inbertsioetara bideratuta. Besteak beste, 23,2 milioi euro zenbatzen dituzten hainbat aurrekontu-sail daude ingurumen arloan inbertsioak egiteko.

 

Aurrekontuak 1,5 milioi euro bideratuko ditu hiritarrek proposatutako hainbat proiektu garatzeko. Gainera, aurten 2024 eta 2025eko aurrekontuak ostatzeko partehartze prozesua martxan jarriko dugu hiritarrek proiektuak proposatu ditzaten.