Datorren Donostia: pertsonak mugikortasun eredu berriaren erdigune

Hiriko mugikortasunaren eredu berriaren proposamena aurkeztu dugu gaur: Datorren Donostia. Helburua da oinezkoen, txirrindularien eta garraio publikoa erabiltzen duten hiritarren mugikortasuna hobetzea. Jakina, plana eztabaidara eta ekarpenak jasotzera irekita dago eta hurrengo urteetan mugikortasun eskema eraldatzea bilatzen du. Izan ere, hiritarrek disfrutatzeko hainbat hirigune berreskuratzeko aukera emango du.

Donostiako hiri mugikortasuna eratzeko une garrantzitsuan gaude. Gaur partekatzen dugun proposamena hiriaren berrantolaketa integralerako planteamendu bat da, oinezkoentzako espazioak indartuz,  bideak eta garraio publikoa diseinatuz, eta beti, Topoaren sarearen handitzea kontuan hartuz.

Eraldaketa hau modu gradualean eta progresiboan ezarriko da datozen urteetan. Donostiarako mugikortasun diseinu berria nahi dugu, hain zuzen ere, emisio kaltegarriak murrizteko eta klima aldaketaren aurkako borrokarekin dugun konpromisoarekin bat datorren diseinua, donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko gai izango dena. Pertsonak erdigune diren hiria nahi dugu, osasungarriagoa, inklusiboagoa, bizitzeko egokiagoa, biziagoa, eraginkorragoa eta ederragoa.

Abiapuntua

Nahiz eta hiriko trafiko ezberdinak diseinatzeko proposamena orokorra den, Alde Zaharreko eta Erdialdeko eremuetarako proposamen zehatzak diseinatzeko balio izan du. Hori izango da abiapuntuta. Ondoren, auzo bakoitzaren neurrira egindako proiektu bat landuko da, eta horretarako, auzo bakoitzaren berezitasunak, beharrak eta nortasuna kontuan hartuko dira.

Lehenengo fase horri esker, Bertakoen Lehentasuneko Eremu bat sortu ahal izango da, eta horretara bertakoen eta baimendutakoen ibilgailuak bakarrik sartu ahal izango dira. Erdigunearen eredua eta bide nagusien funtzioak birpentsatzeko balio izan du.

Eraldaketa garraio publikoan

Era berean, aldaketa horiek guztiek eraldaketa ekarriko dute garraio publikoarentzat. Izan ere, garraio publikoak bi ardatz nagusi izango ditu (ekialdetik mendebaldera eta iparraldetik hegoaldera). Eta ardatz horiek linea nagusi batzuk izango dituzte, hain zuzen ere, hiriko edozein tokitatik erabiltzaileei gehienez ordu erdian euren helmugatara iristeko aukera emango dieten lineak. Hortaz,  eremu periferikoek zerbitzu hobeagoa izango dute.

Topoaren igarobidea hiriko garraio publikoaren sarearen elementu nagusia bilakatuko da. Eta horri esker, garraio publikoaren zerbitzua hobetuko da, izan ere, eskaintza zabalagoa, efizienteagoa eta jasangarriagoa eskaintzeko aukera emango du. Eta, era berean, Dbus, Topo, Dbizi eta Taxi zerbitzuen edo bidegorri-ibilbideen arteko lotura eraginkorragoa izango da, pertsonen hiri barruko mugikortasuna hobetuz.

Aldaketa horiek guztiek eskema bat osatzen dute, hain zuzen ere, auzoetara pixkanaka hedatzen joango den eskema, betiere, auzo bakoitzeko berezitasunak kontuan hartuz. Horiei esker, auzo guztietan hiritarren gozamenerako gune berriak sortuko dira.

Behobia-Donostia, udazkeneko klasikoa itzuli da

“Ez dira betiko garai onenak” dio abestiak. Hala ere, hiriko kirol proba esanguratsuenetako bat bueltan da, Behobia eta Donostiaren arteko lasterketa. Iaz probak bertan behera gelditu behar izan zuen, eta hirian utzi zuen hutsunea nabaria izan zen. Tristura somatzen genuen, zerbaiten falta. Animo oihurik ez zen, ezta helmugako poz eta neke aurpegiak ere. Girorik ez. Aurten ordea, hori guztia tamainan, alegia, egoerak agintzen dituen neurri guztiak betez, berreskuratuko dugu. Eta hori, garai onenak berreskuratzeko bidean gaudelaren seinale izango da.

Duela hilabete batzuk Donostiako Klasikoa egin ahal izan genuen, baita Kontxako Bandera ere, uneko edukiera arauak errespetatuz. Kirol ikuskizunek publikoa berreskuratu dute, edukiera mugatuarekin, eta modu arrakastatsuan. Eta horretarako antolakuntza ezberdinek lan handia egin behar izan dute. Ez da erraza izan, baina lortu dute jendeak berriro ikuskizun horietaz guztietaz gozatzea, eta lan handi hori eskertzeko unea dela uste dut. Eskerrik asko hiriko klub eta eragile guztioi egiten ari zareten esfortzu eta lanagatik.

Orain, besteak beste, Behobia eta Donostiaren artekoaren unea da, eta dena ondo joateko Fortuna KE gogor aritu da lanean azken hilabeteotan. Horri esker, lasterketa dagokien neurri eta hobekuntzekin egin ahal izango da. Horretarako Udala bidelagun izan du, eta lasterketaren egunean ere gure lankidetza izango du. Izan ere, Donostiako udazkeneko kirol ekitaldi esanguratsuenetakoa berriro egin ahal izateak merezi du.

Behin baino gehiagotan aipatu dut, Behobia-Donostia ez dela bakarrik egun bateko gauza. Hiriak asko nabaritzen du kaleetan lasterketa gerturatzen ari dela, bereziki Zinemaldiaren argiak itzaltzen direnean kaleak korrikalariz betetzen dira, goizeko ordu txikitatik gaua arte, kilometroak egiten urteko helburu nagusienetako bat lortzeko. Eta horrek hiriari xarma berezia ematen dio.

Eta korrikalariek helmugara iristeko prestatzen diren bezala, gu ere horiei guztiei eta laguntzera etortzen diren senide zein lagunei harrera beroa egiteko prestatzen ari gara. Urtero Behobia-Donostia dela-eta bisitatzen gaituzten aspaldiko lagunak zein lehen aldiz Donostiara lasterketa dela-eta etorriko diren lagun berriak agurtzeko gogo handiak ditugu. Besoak zabalik izango gaituzue helmugan! Animo!

Irudi gehiago: https://flic.kr/s/aHsmX7r6wt

Politika Orokorreko Adierazpena: Giza balioetan eraikitako hiri irekiago, erosoago eta moderno baten alde

Pandemiak erabat baldintzatu duen urtea izan da 2021. Horregatik, hasteko, gure artetik joan diren guztiak gogora ekarri nahiko nituzke. Donostia horiek guztiak oroitzeko leku bat bilatzea proposatzen dizuet

Pandemiak eragin sozialak, psikologikoak eta ekonomikoak utzi ditu. Udalak erantzun egokia eman die sortu diren egoerei. Gehien sufritu duten sektoreak lagundu ditugu eta gizarte ekintzako aurrekontu saila %4,2 handitu dugu inor bazterrean gelditu ez dadin.

Bigarren urtez kultur ekitaldi nagusiak antolatu ahal izan ditugu, eta hori hainbeste sufritu duen sektoreari laguntzeko modua izan da. Orain, jai nagusienak berreskuratzeko prestatzen ari gara, beti arduraz eta zuhurtziaz.

Hurrengo urteetan aurrera pauso handiak eman ditzakegu arlo askotan. Europatik etorri daitezkeen next funtsek horretan lagundu dezakete. Udal gobernuak helburuak argi ditu, eta horiek lortzeko lanean jarraituko dugu.

Enplegua, garapen ekonomikoa eta etxebizitza

Kalitatezko enplegua eta garapen ekonomikoa sustatzearen alde egiten dugu. Donostiak talentua erakartzen jarraitu behar du. Horretarako, ikerketaren arloan duen erakarpen gaitasunaz baliatu behar dugu eta indartzen jarraitu behar dugu.

Etxebizitza eta hirigintza arloan, legealdia amaitu aurretik 1.700 etxebizitza eraikitzen hasteko aukera izango dugu, horietatik %40 babestutako etxebizitzak izango dira. Eta hori guztia kontuan hartu gabe Loiolako kuartelen lursaila hiriarentzat izateko lortzeko negoziazioa.

Giza eskubideak eta hizkuntza politika

Pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituen hiria eraikitzen jarraitu behar dugu. Donostiak Giza Eskubideen alde egiten duen apustua da gure nortasunaren berizgarri. Duela 10 urte aro berri batean sartu ginen, guztion konpromisoa behar duen aroa.

Donostia beti izan da aitzindari hizkuntza politikan. Eta aitzindari izaten jarraitu nahi badu ezinbestekoa da euskara biziberritzea. Horretarako Etorkizuneko Euskara Zerbitzua diseinatzeko gogoeta prozesuari ekin diogu.

Mugikortasuna, ingurumena eta auzoetan inbertsioak

Aldaketa klimatikoaren aurkako borroka eta mugikortasunaren eraldaketa bi ardatz nagusi izango dira hurrengo urteetan. Oinezkoa protagonista den hiria nahi dugu. Eta horretarako ezinbestekoa da guztiok elkarlanean aritzea etorkizuneko mugikortasun ereduaren diseinuan.

Altzako kiroldegia, Marrutxipiko lotunea, Añorgako bulebarizazioaren bigarren fasea, Astiñeneko zubia eta beste hainbat inbertsio ditugu martxan hiriko auzoetan. Horiek guztiek donostiarren bizi kalitatea hobetzen lagunduko dute.

Osasuna, partaidetza

Osasun fisikoa zaintzeko kirola sustatzea ezinbestekoa da. Eta osasun mentala zaintzeko hirian zabaldu diren eta zabalduko diren osasun zentro berrietan horretara bideratutako guneak egongo dira. Horiekin batera, uraren eta airearen kalitatea hobetzeko lanean dihardugu. Horiek eta zarata gutxitzeko martxan dauden egitasmoak donostiarren osasuna hobetzera bideratuta daude.

Hiritarren partaidetza hainbat politika diseinatzeko orduan ezinbestekoa da. Amara Berri eta Loiolako erriberetan eratu diren Auzo Mahaiak martxan jarri dira, eragile ezberdinekin elkarlanean auzoen ongizatea hobetzeko. Gure asmoa da ekimena auzo guztietara hedatzea.

Era berean, izaera berezia duten hainbat eremuetako deszentralizazioa sustatzen jarraituko dugu. Ekialdeko Barrutiko, Zubietako eta Igeldo Tokiko Entitate Txikia abian jartzeko ekimenek aurrera pauso nabarmenak eman dituzte.

Aurrera begiratzen duen hiria

Estrategia 2030 lantzeko unea da. Donostiak 15 helburu jarri ditu, hain zuzen ere, hiriko motorea izango diren helburuak. Eta horiek lortzeko hiriko eragile ezberdinekin elkarlanean aritu behar dugu.

Gure helburua da donostiarren bizi kalitatea hobetzea. Eta hori lortzeko elkarlanerako prest gaude, gure ondorengoek hiri irekiago, erosoago eta modernoagoa ezagutu dezaten. Giza balioetan eraikitako hiria. Aurrera begiratzen duen hiria.

Osasun larrialdiaren aurreko egoerara itzultzeko bidea ezarriko duen aurrekontua

Donostiako Udalak 424,8 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du 2022an, hain zuzen ere, iaz baino %6,21 handiagoa. Eta aurrekontu honek aurrekontuak COVID19aren osasun larrialdia atzean uzteko eta egoera normalizatura itzultzeko aurrera pausoak emateko aukera emango digu.

Zalantza handi bi urte bizi izan ditugu, eta denbora horretan COVID19aren osasun larrialdiak utzitako ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialei aurre egin behar izan diegu, betiere martxan zeuden hiri proiektuak albo batean utzi gabe. Orain lehengo egoerara itzultzeko bidea ezarriko duen aurrekontu proiektua egin dugu.

Gizarte sustapenerako eta babeserako aurrekontu-sailak handitu ditugu; donostiarrek jasotzen dituzten zerbitzuen kalitatea bermatzeko udal erakunde eta sozietateen aurrekontuak ezhoiko ekarpenekin osatu ditugu;  eta hiria garatzen lagunduko duten inbertsioentzako aurrekontu-sailak handitu ditugu, eta bertan Next Generation funtsetatik finantziazioa jaso dezaketen proiektuak ere kontuan hartu ditugu.

Une zailak pasa ditugu eta, zorionez, osasun larrialdiaren aurretiko egoerara itzultzeko aurrera pausoak ematen ari gara. Horregatik, uste dugu behar gehien dutenei laguntzen jarraitu behar dugula, gizarte kohesionatu bat izaten jarraitzeko.

Udalak inbertsioak egiteko 54,4 milioi euro izango ditu, hasitako proiektuak garatzen jarraitzeko, eta 2022an proiektu berriak martxan jartzeko. Eta, era berean, behar diren tresnak prest utzi ditugu, baldin eta Next Generation programatik funtsak iritsiko balira aurrekontuan sartu ahal izateko.

Aurrekontuak 100 aurrekontu-sail baino gehiago ditu inbertsioak egiteko. Eta horien artean, donostiarrok martxoan hasi eta ekainean amaitu zen prozesu partehartzailean bozkatutako hainbat proiektu garatuko dira.

Informazio gehiago: www.donostia.eus

Donostiak gehiago nahi du

Legealdiaren erdia igaro da eta bi urte bizi hauetan gertatutaka aztertzeko unea da. 2019an legealdiari ekin genion hurrengo 4 urteetarako proiektu batekin, landutako bide orri zehatz batekin hiriak dituen erronka berriei zein etorkizun hurbilean izango dituenei aurre egiteko. Eta horretarako `Batera Bagera, Donostia Quiere Más´goiburua erabili genuen, hain zuzen ere, gaur inoiz baino gehiago bizirik dagoen goiburua.

Duela urtebete baino gehiago genuen norabidea egokia zen, baina aitzitik, ustekabeko gertaera batek gauzak guztiz aldatu ditu, eta gure esfortzu guztiak egoera zail hau kudeatzera bideratu ditugu. COVID-19aren osasun larrialdiak guztiok jarri gaitu frogan , bai hiritarrok baita erakundeok ere, eta `Batera Bagera´goriburua kudeaketaren erdian jarri du.

Batera Bagera, osasun larrialdiak eragin duena ezingo litzatekeelako kudeatu kompromiso handiko hiritarrik gabe. Batera Bagera, Udalaren antolaketa guztiaren inplikaziorik gabe, hau da, udal langileen inplikaziorik gabe, donostiarrentzako erakunde gertukoenak ezingo zukeen egoera zail honi heldu.

Hilabete zailak pasa ditugu. Proiektu estrategiko askoren kudeaketa moteldu da. Hala ere, uste dut legealdiaren hasieratik hiriko auzo guztietan hainbat proiektu garatu ditugu, eta horiei esker, donostiarron bizi kalitatea hobetu da edo laster hobetuko da.

Eta horre adibide mapa honetako proiektuak:

Eta orain zer?

Txertatzeak aurrera jarraitzen du eta hiriko jarduera berreskuratzen lagunduko du. Azken hilabeteotan kontratazioa azkartu ahal izan dugu, eta beraz, aurreikusita genituen proiektu nagusienak garatzen jarraitzeko aukera izango dugu.

Dena den, bizi dugun egoeraren ondorioz ingurumen jasangarritasunarekin lotura duten hainbat gaiek garrantzi handia hartu dute. Eta horren adibide dira, garraio moduen aldaketa edo oinezkoentzako guneen berreskuratzea. Topoaren igarobideak, Abiadura Handiko Trenaren iritsierak edo Loiolako aldageltokia eraikitzeak hiria hobetuko dute.

Era berean, esfortzu handia jarriko diogu esku artean dugun beste erronka handi bati: Plan Orokorraren berrikustea. Hirigintzaz baliatu nahi dugu egun erabilgarri dauden hiriko hainbat gune birsortzeko. Horren harian, gure helburu nagusienetako bat da Loiolako kuartelen birsortzea, Urumeako ibarra garatzen jarraitzeko, eta hain urruti diruditen baina hain gertu dauden Intxaurrondo eta Loiola auzoen arteko lotura hobetzeko. Eta gauza bera Easoko trenbideen gunearen birtsotzearekin, hain zuzen ere, Erdialdea, Morlans eta Amara arteko lotunean bilakatuko den eremuarekin.

Ideiak oso argi ditugu eta bide orria dugu. Donostiak Gehiago Nahi Du, aurrera egiten jarraitu nahi du eta hiri bizi bat izaten jarraitu nahi du, donostiarrok bezala. Eta hori izango da gure konpromisoa: donostiarrekin batera hiria egiten jarraitu nahi dugu, bizi garen hiria, imaginatzen dugun hiria.

Kultura udan: Osasunez gozatu!

Hiriko udako kultur jarduerein buruz luze eta zabal hitz egiteko aukera izan dugu gaur goizean hiriko kultura eragile esanguratsuenekin egin dugun lan-bileran. Urtea zaila izaten ari da, eta beraz, eskerrak emateko unea ere bada: alde batetik, eragile guztiei egindako lanagatik, eta bestetik, publikoari egindako kultura eskaintzari hain ondo erantzuteagatik.

Osasun-larrialdi honetan hirion erresilentziari buruz asko hitz egin da. Eta uste dut esan dezakegula Donostia ederki baino hobeto aurre egiten ari zaiola egoerari. Ziur naiz hiria indartua aterako dela egoera honetatik, eta balioak, elkartasuna eta enpatia duen hiri bezela ikusiko gaituztela. Hortaz, uste dut hiriaren erresilentzia-dibidendua garrantzitsua izango dela.

Iaz, gaurko egunez, Victoria Eugenia Antzokia berriro zabaldu genuen osasun-langileei eskainitako gala batekin. Egun, tunelaren amaiera ikusten ari gara, baina ezin dugu erlaxatu eta, beraz, iaz kultura agertokiak zabaldu genituenean eman genuen mezu bera errepikatzeko unea da: kultura osasunez goza dezagun.

Donostia kultura hiria da, eta uda honetarako kultura eskaintza zabala prestatu dugu, betiere, egoerari egokituta. Izan ere, ezin dugu ahaztu kulturak aberastasuna sortzen duela, bai ekonomikoa, baita ezagutza eta aberastasun emozionala ere.

Hori dela eta, lau ardatza landu ditugu:

1- Zuhurtzia: hortik Osasunez gozatu goiburua.

2-Dinamismoa: egoerari egokitutako plangintza ezberdinak prest ditugu.

3- Hiria inoiz baino gehiago kultura agertoki batean bilakatuko da, hain zuzen ere, hiriko leku eta paisai guztiekin jokatzen duen agertokian.

4- Denboraldiko eta gertuko eskaintza, baina beti, munduari irekitako eskaintza.

Uste dut pasa duguna eta bizi duguna ikusita, donostiarrok uda berezia merezi dugula, kultura jarduera aberats eta anitzez beteta, guztiok goza dezagun, eta era beran, bisitatuko gaituztenek gure nortasuna errespetatuz ere goza dezaten.

Donostiak udako kultur denboraldia ireki du eskaintza aberats, oparo, anitza eta irisgarriarekin, hau da, publiko guztiontzako eskaintzarekin. Eta eskaintza hori dinamikoa izango da, hurrengo hilabeteetako osasun-egoerara egokituta egongo delako.

Eskaintza gaindiezina, osatua eta anitza izango da, hain zuzen ere, modu askotan eta leku askotan gozatu ahal izango den eskaintza. Eta era berean, kultura sektorearen eta zerbitzu-osagarrien jarduera bizirik mantentzen lagunduko du.

Beraz, une zail batean Donostiak kultur jarduera mantentzearen alde egiten du, hain gaizki pasatzen ari den sektoreari laguntzeko. Eta sektore horri egin diezaiokegun ekarpenik onena programatzea da.

Uda honetan, kultura osasunez gozatu!