San Sebastian bezperan hiriaren urteko egunik garrantzitsuenaren atarian, Hiritar Merezimenduren Dominak emateko ekitaldia egiten dugu. Oso ekitaldi sentitua izaten da, Udalak, hiriak, bere alde lan egiten duen jendea eta elkarteak saritzen dituelako.
Aurtengo bost sarituak hauek izan dira: Asociación Mestiza, Banco de Alimentos, Contxu Uzkudun, Iñaki Almandoz eta Radio San Sebastián. Ondo egindako lanak, urtetako izerdiak eta empeñoak, sari hau jasotzera ekarri ditu.
Mila esker hiri osoaren izenean zuen lanagatik. Espero dut urte askotan horrela jarraitzea, izan ere, horrek esanahai bat du: Donostia bizirik jarraitzen duela eta donostiarrok zuen lanari esker hobeto bizi garela.
Bihar agur esango diogu 2024.urteari eta etzi ongietorria emango diogu 2025ari, hain zuzen ere, erronkaz eta aukerez betea dagoen urteari. Eta erronka eta aukera horiek aitzindiariak izango dira. Gaur, zuekin partekatu nahi ditut martxan ditugun lehentasunezko proiektuak eta elkarrekin aurre egingo diegun erronkak.
Martxan dauden proiektuak eta datozen urteetan hasiko direnen azterketa objektiboa egiten badugu, ikusiko dugu Donostia inbertsio handiak egiten ari dela eta herritarren erabilerarako oinarrizko azpiegituren berrikuntza sakoneko une batean dagoela. Hiri bat eraikitzen ari gara, hain zuzen ere:
– garraio publiko gehiago eta kutsadura gutxiago auto gutxiago dituen hiria.
– Donostiarren bizi-kaliteta nabarmen hobetzeko oinarrizko azpiegitura berrituak dituen hiria.
– kirol- eta kultura-instalazioen erreferentzialtasuna berreskuratzearen aldeko apustua egiten duena.
– adin guztietarako etxebizitza irisgarrien parkea handitzeko ahalegina egiten duena.
– kalitatezko enplegu iraunkorrak sortzeko proiektu traktorieak bultzatzen dituena, ahalik eta pertsona gehienentzako aukerak sortzearen aldeko apustua eginez.
2025.urtean, Topoaren igarobideko tunela induskatzen amaituko da eta orain arte eragozpenak jasan dituzten eremuak urbanizatuko ditugu. Obra horrek, gure hiriaren konektibitatea hobetzeaz gain, garraio jasangarria erraztuko du eta gure kaleetan pilaketa murriztuko du.
Illunbe erabilera anitzeko pabiloi bihurtzeko proiektuak aurrera egingo du eta proiektuaren ezaugarriak ezagutu ahal izango ditugu. Haizearen Orraziaren birgaitzeak lehentasuna izango du 2025ean, baita segidako proiektuek ere: Emisio Txikiko Eremua abian jartzea, 17. linean BEI proiektua hastea, Martuteneko espetxea Eskusaitzetara lekuz aldatzea eta Txominenea II abian jartzea, Ibaetan IBMren ordenagailu kuantikoa ezartzea, eta berrikuntza-zentro berriak irekitzea, hala nola Mubil Eskusaitzetan, GOe Grosen eta Ikerbasque Ibaetan.
Auzoetan ere hainbat proiektu garatzen hasiko dira, baita donostiarrentzako kalitatezko zerbitzu berriak ere, hala nola Udalinfoko bulego berria, hiru haurreskola berri, Villa Salia edo Erdialdeko zahar-etxea birmoldatzeko obrak. Eta horrekin batera, Illarra, Inpernua eta Añorga bezalako hirigintza-garapenetako obrak hasiko dira, hain zuzen ere, donostiarrentzat etxebizitza aukera berriak sortuko dituzten garapenak.
Proiektu horiek erakusten dute Donostia modernoagoa, sozialki kohesionatuagoa, jasangarriagoa eta abegikorragoa izateko dugun konpromisoa. Elkarrekin, erronka horiei aurre egingo diegu eta guztiontzako hiri hobea eraikiko dugu, hain zuzen ere, bizirik dagoen hiria, aukerak sortzeko eta talentua eta inbertsioak erakartzeko gaitasuna izango duen hiria.
Gure helburua eta nahia da gure seme-alabei jaso duguna baino hiri hobea uztea. 2030eko eta hurrengo hamarkadetako Donostia gaur egun eraikitzen ari da.
Kanpoko arazoak direla-eta, bereziki pandemiak eragindako ondorioak direla-eta, ezin izan dugu azken urteetan hurrengo ekitaldirako aurrekontua urtea amaitu aurretik onartu. Aurten, beraz, esan dezakegu, normaltasunera itzuli garela.
Baina, nola azaldu dezakegu Udal aurrekontua zenbaki handietan galdu gabe? Bideo honetan saiatu gara aurrekontuaren ildo nagusienak minutu batean laburbiltzen:
Ikusi duzuen moduan, aurrekontuari esker gehien behar dutenei lagundu diezaiekegu, autobus elektriko berriak kaleetan zirkulatzen ikusi ditzakegu, kaleak zainduak eta garbiak izan ditzakegu, parkeak eta lorategiak zainduak, kiroldegiak eta kultur etxeak funtzionatzen, edo udaltzainak eta suhiltzaileak zerbitzu ematen Donostia hiri segurua izateko.
Era berean, behar diren baliabideak ematen dizkigu proiektu berriak garatzeko, hain zuzen ere, hiria zein auzoetako – eta bereziki gehien behar duten auzoetako – bizi kalitatea hobetzeko proiektu berriak.
Eta besteak beste, proiektu horiek honakoa bilatzen dute: etxebizitza berria sortzea – donostiarrek duten behar eta kezka nagusienetako bati, etxebizitza beharrari, erantzuteko -, Anoetako miniestadioa edo Haizearen Orrazia birmoldatzea, Bretxako Arraindegia eraikinaren obrak amaitzea, edo hirian hiru Haurreskola berri jartzea. Hementxe dituzue garatuko diren hainbat proiektu:
Guztira, Udalak 517,4 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du, eta horri esker segidako helburuak betetzen saiatuko gara:
1- Inor atzean ez uztea: Gizarte Ekintzako departamentuak 37,4 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du;
2- Mugikortasun jasangarria sustatzea: 71 milioi euro bideratuko dira garraio publikoa bultzatzeko autobus elektrikoak erosiz eta tarifen beherapenak mantenduz;
3- Hiri zaindua eta kalitatezko zerbitzuak izaten jarraitzea: Hiri-Mantentze eta Zerbitzuetako departamentuak 105,4 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du, eta hainbat zerbitzutan langile berriak kontratatuko dira;
4- Hiri segurua izatea: Udaltzaingoaren eta Suhiltzaileen aurrekontua %5,8 eta %6,6 handituko dira, hiritarrei zerbitzua emateko erabiltzen duten materiala berrituz eta euren instalazioetako ekipamenduak hobetuz.
Donostia hiri bizia da, eraldaketa etengabean dagoena eta erritmo onean aurrera egiten jarraitzen duen hiria da. Hiri kohesionatua, aberastasuna sortzen duena eta hiritarrei bizi kalitatea eskaintzen diena euren bizitza proiektuak hirian egiten jarraitzeko, eta beti, behar gehien dutenei lagunduz.
Espero dut aurrekontu proiektu berri hau modu erraz eta ulergarrian azaldu izana. Aurrekontu honi esker Udalak behar dituen tresnak izango ditu harro sentiarazten gaituen hiria izaten jarraitzeko.
Politika Orokorreko urteko adierazpena egin dugu gaur. Bertan, luze eta zabal hitz egin eta eztabaidatu dugu hiriaren egoerari buruz. Nire hitzaldian zehar eduki dudan asmoa ez da izan “idilikoa” den Hiria irudikatzea, guztiok kezkatzen gaituzten gai nagusiei ekitea baizik. Eta horretarako, duela gutxi ezagutu genuen pertzepzio inkestaren emaitzaz baliatu naiz, izan ere bertan adierazten diren kezkak hurrengo urteetarako ditugun erronkak direlako.
Hiru dira une honetan hiritarrek adierazten dituzten kezka eta erronka nagusienak: Etxebizitza, Segurtasuna eta Turismoa. Horiek eta beste hainbat kontuan hartuta, 2030.urtera begira eraiki behar dugun Donostiaz hitz egin dut. Uste dut, gai horiekin batera, 2030.urtera begira eraiki nahi dugun Donostiak ezagutza eta zientziaren aldeko apustua egiten, Mugikortasun eredu berria sustatzen, eta hiri kohesionatu, abegikor eta inor atzean uzten ez duen politiken aldeko apustua egiten jarraitu behar duela.
Eta kohesio hori bermatzeko, ezinbestekoa da, Gizarte Zerbitzuak indartzen jarraitzea. Eta bide horretan gure konpromisoa irmoa da, eta datuek hala erakusten dute. 2023An 172,19 euro bideratu genituen hiritar bakoitzeko. Eta gizarte zerbitzuen karterak ezarritakoarekin betetzen jarraitzen dugu, eta hori ezin dute esan Gipuzkoako udalerri gehienek.
Etxebizitzak Donostiarren kezka nagusienetakoa izaten jarraitu du. Gure lehentasuna izan behar du mota ezberdinetako eskaintza sustatzen jarraitzea eta bereziki babestutako etxebizitza egiten jarraitzea. Eta horretarako, ezinbestekoa dugu Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzea. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko eskua zabaldu digu eta prest gaude elkarlanean aritzeko hirian eskaintza berria sortzeko, eta hiritarrek duten kezka nagusi horri erantzunak emateko.
Segurtasunaren gaineko kezka asko nabarmendu da hiritarren artean azken urteetan. Arazoa ez da neurririk ez dela hartzen. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak bere lana egiten ari dira, baina hiritaren artean inpunitate sentsazioa da nagusi, eta hori arazoa bihurtu da. Gure jarrera irmoa izaten jarraituko du delituen aurka, baina ezinbestekoa da ondorengo kateak ondo funtzionatzea, inpunitate sentsazio horrekin amaitu ahal izateko.
Turismoa da hiritarrek adierazten diguten hirugarren erronka. Azken urteetan turismoari buruzko kudeaketa eredua aldatu da. Erakartzea sustatzetik kudeaketa eta zaintza sustatzera pasa gara. Eta gainera, urteak daramatzagu jarduera arautzeko neurriak hartzen, eta hiriaren turismo estrategia hiriaren garapenari lotzen, eta beti, donostiarrak lehenetsiz.
Aldaketa klimatikoak asko kezkatzen gaituen gaia da, eta horretarako hiri bezala apustu sendoa egiten ari gara energia berriztagarrien alde, baita benetako garraio publiko jasangarri baten alde, non eta trena eta autobus elektrikoen bidezko zerbitzuek ardatz izango diren. Gainera, Ixuri Gutxiko Eremua aurrerapena izango da aldaketa klimatikoaren erronkari hiri bezala aurre egin ahal izateko.
2016an elkar bizitzeko kultura leloa erabili genuen balioen hiria, Giza Eskubideen eta demokraziaren aldarrikapena egiteko. Mezu ezkor eta nostalgikoak ari dira gailentzen. Eta horiei aurre egiteko komunitate sentimenduaren defentsa egitea ezinbestekoa da.
Hirian hizpide diren gai nagusienak aukeratu ditut aurtengo Politika Orokorreko adierazpena egiteko. Gure atentzioa eta ekintza merezi dituzten gaiak dira. Eta horiei heltzeko, gure borondatzea da elkarlanean aritzea, betiere, hiri hobeagoa egiteko.
Aurtengo maiatzetik uztailera bitartean herritarren pertzepzioari buruz egindako inkestaren emaitza ezagutu berri dugu. Inkesta horrek etengabe eboluzionatzen ari den hiri bizi baten argazkia uzten digu, duela zazpi urteko hiriaren antzekoa dena, baina beste lehentasun, larrialdi eta premia batzuk dituena.
Oro har, donostiarrak oso pozik gaude hemen bizitzearekin, baina, era berean, zenbait gai hobetzeko eskatzen diegu erakundeei, hala nola hiriaren zaintza edo osasun-arreta. Eta gure kezken artean bi daude: etxebizitza eskuratzea eta segurtasunik ezaren sentsazioa.
Inkestaren emaitzak irakurri eta sakon aztertu ondoren, kontuan hartzen ditugu herritarren pertzepzioak, eta esan dezaket, hain zuzen ere, gure ekintza- eta kudeaketa-lehentasunen artean daudela herritarrek finkatzen dituztenak.
Etxebizitza:
Etxebizitza-parkeari bultzada bat eman nahi diogu, eta garapen asko ditugu bultzatzear. Loiolako kuartelek etxebizitzari ematen zaion irtenbidearen zati bat ematea dute helburu. Eta horrekin batera, beste garapen batzuk daude: Infernua, Igara, Illarra edo Lorategi Hiria. Horietako batzuetan hasi dira etxebizitza berriak eraikitzeko lanak, eta beste batzuetan aldiz, laster hasiko dira.
Herritarren segurtasuna:
Segurtasunarekin kezkatuta eta lanpetuta gaude: duela hilabete batzuetatik, Ertzaintzarekiko koordinazioa eta kaleetan egiten den zaintza-lana areagotu ditugu, eta era berean, epaileei eskatu diegu gaiari heltzeko.
Donostia hiri segurua da, baina are seguruagoa izan behar du. Jendeak seguru sentitu behar du, eta hori da gure egitekoa.
Bestalde, donostiarrok gai askori buruzko balorazio positiboa dugu, besteak beste segidakoak: uraren kalitatea, garraio publikoa, bidegorrien sarea, hezkuntza-sarea, kultura-espazioak eta kirol-ekipamenduak, ongizaterako eta gizarte-laguntzarako zerbitzuak, baita espazio publikoak (merkatuak, plazak edo oinezkoentzako eremuak) ere.
Item horiek guztiek % 80tik gorako gogobetetze-maila dute, baina batez besteko horren azpitik bi gauza daude: hiriaren zaintza eta kontserbazioa eta osasun- eta ospitale-laguntza.
Udalaren helburua da donostiarren bizi-kalitatea hobetzea, beraz, okerrera egin duten gaiak hobetzeko lan egiten jarraituko du.
Hobetzeko tartea dugu, eta gure ahalegina da hobetzeko dauden gai horietan sakontzea hiritarren pertzepzioa hobeagoa izateko.
Igandean aurtengo Jazzaldiari agur esan genion, eta gaur badatorren hurrengo hitzorduari diosala egin diogu.
2024ko Aste Nagusia begibistan daukagu, eta dagoeneko hiria ari da motorrak berotzen.
Hainbat eta hainbat auzoetan festak egin dituzte dagoeneko, eta hori Abuztuko Festa nagusiaren atarikoa izaten da. Aste Nagusiaren aurretik ia gertukoen ditugun festak, Loiola auzokoak izaten dira. Eta Aste Nagusiaren aurkezpena egiteko Loiolatik oso gertu dagoen Txomineneako ur-parkera etorri gara. Izan ere, Urumea ibaiak protagonismo berezia izango du.
Aurtengo programazioak hainbat ekimen, jarduera eta ekitaldi izango ditu ibaiaren bueltan. Urteak dira garai batean bizkar ematen genion gure ibaiak geroz eta protagonismo haundiagoa hartu duela hiriko bizitzan. Eta 2024ko Aste Nagusiak ibai-hiri izaera horren erakusleiho izango da.
Donostiaren ubidea, Donostiaren ardatza ez da Kontxa bakarrik, ibaia ere bada. Eta orain programak emango ditu hainbat aitzaki ibaiari nagusitasuna emateko eta Donostiak ibaian eta ibaitik disfrutatzeko.
Orain, Parisen Joku Olinpikoak burutzen ari diren honetan, guk ere kirol ikutua eman nahi izan diogu aurtengo Aste Nagusiaren hasierari. Kanoikadaren aurretik Donostiako Klasikoa izango dugu, eta Artillero abesten Bera Berako jokalariek lagunduko gaituzte.
Horren arrazoia ez du azalpen askorik behar: sekulako denboraldia burutu dute, beste askotan bezala, eta Artillero abesteko gonbitarekin gure hiriaren alde egiten duten lan handiari aitortza egin nahi diogu.
Donostiak modu askotan adierazten ditu hiri bezala dituen balioak.
Kirola da gure nortasunaren parte nagusi bat, eta hiri honek asko sinisten du, eta praktikatzen du kirola, bai egunekoan, baita elite mailan ere. Hiri bezala definitzen gaituzten balioetako bat da.
Festa, emakumeen kirola, alaitasuna, bikaintasuna, ondo egindako lana eta dibertsioa. Horik izango dira kanoikadak erakutsiko dituen balioak.
Hortik aurrera, programa zabala, ehundaka ekitaldi, suak, nola ez, musika, sukaldaritza lehiaketak, herri kirolak, zaldi lasterketak, erraldoiak….
Denontzat eta denon nahiak hasetzeko moduko eskaintza izango dugu. Eta hori guztia ez litzateke posible izango DK Festak-en koordinaziopean lan egiten duten profesional eta boluntariorik gabe. Ia 4.000 persona Aste Nagusia ondo garatu dadin.
Uste dut donostiarrok zein bisitan etortzen diren pertsonek aukera izango dugula ondo pasatzeko, katxondeorako eta hiriaz disfrutatzeko. Beraz, guzti guztiak animatu nahi zaituztet errespetuz eta elkar zainduz ondo pasatzera.