“Auzo Txukuna” ekimena sortuko dugu hiri-mantentzea hiritarren beharretara gerturatzeko

Udalan gehien jasotzen digun eskaerak hiri-mantentzearekin lotura dute. Horregatik, hiri-mantentzeari buruzko auzo bakoitzaren eskaerak lehen eskutik ezagutzeko eta hobeto eta azkarrago erantzun ahal izateko Auzo Txukuna ekimena sortuko dugu hurrengo legealdian.

 

Ekimenaren helburua honakoa da: Hiriko auzo guztien zaintza eta mantentze-lanak areagotzea, auzo bakoitzak duen berezitasunak, errealitatea eta beharrak kontuan hartuta. Izan ere, hiriaren zaintza eta garbiketa hobetu behar da, kalez kale, plazaz plaza. Eta hori auzotarrekin elkarlanean egingo dugu, lanak hobeto identifikatzeko eta lehentasunak ezartzeko.

Horretarako, plangintza bat egingo dugu, eta hiritarrei denborarekin abisatuta, auzoz auzo lan zehatza egiteko dauden beharrak jasoko ditugu eta urgentzia dutenak lehenbailehen egingo ditugu, martxan dauden beste hainbat lan amaitu arte itxaron gabe.

 

Giza-baliabide eta baliabide material bereziak bideratuko ditugu auzo bakoitzetik egiten diren eskaerak eta proposamenak xehetasunez erantzuteko. Beraz, “Auzo Txukuna” ekimenak Auzoetako, Hiri Partaidetzako eta Hiri-mantentze eta zerbitzuetako departamentuen arteko elkarlana sendotuko du, izan ere, modu koordinatuan lehentasunak ezarri eta  erabakiak hartuko dira.

 

Ekimenak egutegi jakin bat izango du, eta martxan jarri aurretik, auzotarrei ezagutzera emango zaie, jakin dezaten noiz helduko zaien euren auzo edo eremuari konponketak egiteko garaia.

Oso harro gaude gure kale, plaza eta parkeez, eta leku horiek guztiak garbiak, irisgarriak eta atseginak izatea nahi dugu. Dena den, eskaera guztiak erantzutea ez da erraza izaten, izan ere, asko eta mota ezberdinetakoak izaten dira. Baliabideak mugatuak dira, baina gure beharra da eskera horiek guztiak hartzea, entzutea, eta ahal bada erantzun egokia ematea.

 

Hori da hartuko dugun konpromisoa, hiri atsegina eta zaindua izateko. Helburua da, Donostia Europan parerik izango ez duen hiria izatea; bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko.

Garraio publikoa, soziala eta berdea bultzatuko dugu

 

Kanpainako azken asteari heldu diegu, eta gaurkoan mugikortasunaren gaineko gure konpromisoak aurkeztu ditugu. Hiriko eta hiriarteko zirkulazioaren behar eta erabilera berrietara egokitutako mugikortasun jasangarriaren alde lan egiten jarraituko dugu.

 

Hortaz, hurrengo legealdirako honako apustuak egiten ditugu: dBusen flotaren elektrifikazioa handitzea, dBizi bizikleta publikoaren zerbitzua urrunago dauden auzoetara eta ekialdera hedatzea, eta trenbidearen igarobidea amaitu ondoren Topoa martxan jartzea. Horrek guztiak garraio “publiko, sozial eta berdearen” sistema bat eratuko du, ibilgailu pribatua erabiltzeko alternatibak eskainiz.

 

Hiriko mugikortasuna berrantolatu behar da, betiere oinezkoak erdian jarriz, garraio publiko jasangarriago batekin. Izan ere, horrek hiria hobetzeko azpiegitura berriei etekina aterako die, herritarrei egonaldirako eta gozamenerako espazio osasungarri eta seguruak emanez.

Donostiako autobus konpainia kalitatezko garraio kolektiboaren eskaintzaren adibiderik onena da, zalantzarik gabe, eta Europako eraginkorrenetako eta aurreratuenetako bat da. 2025ean, dBusek 12 metroko 41 autobus % 100 elektrikoak izango ditu, hau da, ezaugarri horiek dituen flotaren % 45. Europako finantziazioa duen proiektu honi esker, flotaren eraldaketa ekologikoaren prozesua burutuko da, eta 2025ean flotaren % 55  hibridoa izango da, eta, beraz, 12 metroko flotaren % 100ak teknologia jasangarria izango du.

 

Donostiarrok mugikortasun garbi, osasungarri eta jasangarriaren alde egiten dugu. Eta horretarako hirian dugun beste zerbitzu arrakastatsuenetako bat dBizi da, eta indartzearen alde egiten jarraituko dugu, ekialdera eta Añorga auzora zabalduta. Guztira 23 geltoki berri ezarriko dira eta 257 bizikleta elektriko gehituko dira, erabiltzaileek gehien eskatzen dituztenak. Eta horrekin batera, bidegorrien sarea zabaltzeko lan egingo dugu, eta Loiola eta Herrera, Altza edo Intxaurrondo, lotzeko beste lotura bat proiektatu dugu, Loiola eta Herrera arteko Topoaren trazadura zaharraren tunelaren bitartez.

 

Topoaren saihesbidearen iritsierak hiriko mugikortasuna eraldatzeko aukera emango digu. Hiru geltoki berriei esker konexioak handituz zerbitzua hobetzeaz gain, hirian ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko eta, ondorioz, ingurumenerako kaltegarriak diren emisioak murrizteko tresna izango da.

Topoa zabaltzeak donostiarrentzako lur gaineko espazioak berreskuratzea ahalbidetuko du, hala nola Easoko trenbide-hondartzan lortuko diren 21.000m2-ak. Bertan, Arabako parkea zabaltzeko lan egingo dugu, hiriaren erdiguneko biriketako bat zabalduz, eta etxebizitzaren garapena eta kontserbatorio berriaren kokapen posiblea bultzatuz.

 

Anoeta eta Errondo pasealekuaren artean Topoaren trenbidearen trazadura lurperatzea bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu, baita Anoetatik  Loiolako Erriberako Topoaren eta Renferen Aldiriko trenen lineen arteko etorkizuneko aldageltokira trenbideko trafikoaren soinu inpaktua minimizatuko duten hesi akustikoak ezartzeko konpromisoa ere.

 

Horiek dira mugikortasun arloan hartu ditugun konpromisoak, hain zuzen ere elkarlanean burutuko ditugunak, Donostia Europan parerik izango ez duen hiria izan dadin; bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin gozatzeko.

Kultur-gune berriak bertako sormena sustatzeko

Kultura da zalantzarik gabe Donostiaren ezaugarri nagusienetako bat. Izan ere, gure nortasunaren adierazle da. Beraz, ezinbestekoa da sortzaileak babesten jarraitzea, Donostia kultur erreferente izaten jarrai dadin. Kultura hiriko ekonomia- eta gizarte-motoreetako bat izan da, egun da, eta izaten jarraituko du. Eta horretarako, oinarrizko kultura indartzen jarraitu behar dugu.

 

Kultur Etxeen zein Liburutegien sarea hobetu behar dugu. Izan ere, hiritarrek asko maite duten zerbitzua da. Eta zerbitzu horrek partekatutako hausnarketa bat egin behar du aro berriei egokitzeko modu berritzaileak bilatzeko . Hori dela eta, hurrengo legealdian Liburutegi Nagusia berritzeko konpromisoa hartzen dugu, baita Bidebietako Kontadores eraikina hiriko Kultur Etxeen sarean integratzeko ere, etorkizuneko Kultur Etxea nolakoa izango den proiektatzeko. Eta era berean, Espainako Gobernuari Pio XII. Eraikinaren lagapena eskatzen jarraituko dugu, Amaran kulturaren erreferente izango den zentroa egiteko.

 

Argi dugu, bertako sortzaileek izan behar dute gure kultur eskaintzaren protagonistak. Hala izan ziren pandemia garaian, kultura jarduerak eta hiriko festibalak berreskuratzeko egin genuen apustuan, eta horrela izaten jarraitu behar du, Donostia euskal sortzaileen erakusleiho handi bat da eta programadoreen erreferente izaten jarraitzeko. Eta horretarako, San Telmo Museoa eta Tabakalerak paper garrantzitsua jokatuko dute.

 

Beraz, gure apustua argia da: eragile publiko eta pribatuen arteko sinergiak indartzearen alde egiten dugu, bertako sortzaileen alde egiten duen hiri-erreferente izaten jarraitzeko.

Donostia eta artea

 

Hurrengo urteetan hirian bi mugarri izango ditugu, hain zuzen ere, Donostia artean erreferente izaten lagundu duten bi bertako sortzaile unibertsaleen lana goraipatuko duten bi mugarri: Esther Ferrer eta Eduardo Chillida.

 

Lehenengoak, Zenbaki lehenen poema artelana estreinatuko du, Abiadura Handiko Trenaren geltokiaren gainean sortuko den Gipuzkoa plazaren tamaina duen lorategi plazan. Bigarrena, aldiz, protagonista izango da, 2024ean bere jaiotzaren mendeurrena ospatuko dutugulako. Eta horretarako, Chillida Bidea sortuko dugu, hau da, Haizearen Orrazia eta Chillida Leku oinez zein bizikletaz lotuko dituen bidea. Helburua da bide horretan zehar dauden eskulturen balio artistiko eta arkitektonikoa, artea eta eraikin bereziak balioan jartzea.

Elkarlana arrakastaren giltzarri

 

Kultura sortzen eta eskaintzen duten eragileen arteko elkarlana da hiriak duen kultura-eskaintza handiaren arrakastaren giltzarria. Hortaz, erronka bat jarri dugu hurrengo legealdirako: Donostia ikus-entzunezko edukien sorkuntzaren hiria izatea. Eta horretarako, EiTB, Tabakalera, Zienamaldia eta Donostia Kulturaren parte hartzea izango lukeen ikus-entzunezko Hub-a sustatuko dugu.

 

Eta hori guztia hiriko Arte Galerien arteko elkarlana; edo arte, musika, dantza, antzerkia, zinea edo beste hainbat adierazpen artistiko berrien jarduerak egitearen alde jarraitzeko apustua ahaztu gabe. Izan ere, Donostiaren irudia, nortasuna eta kulturaren proiekzioa indarzen dute.

 

Hiriak mota guztietako kultur adierazpenak behar ditu. Eta horiei , eskaintza publikoak sortzen dituenei eta Udalak lagundu behar dituen eskaintza berriei esker, donostiarrok kulturarekin gozatzeko aukera izaten jarraituko dugu.

 

Aukeren hiria bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko

Goiza hainbat gazterekin pasatzeko aukera izan dut Loiolan, euren beharrei buruz hitz egiten. Gauza askori buruz hitz egin dugu, baina bereziki etxebizitza beharrari buruz, euren bizitza proiektuak hirian egiten jarraitu ahal izateko.

 

Horren harian, laster hasiko dira 2.000 etxebizitza eraikitzen hainbat eremutan, eta Loiolako Kuartelen salerosketari esker beste 1.700 egingo dira, eta asko babes publikoko etxebizitzak izango dira. Horretarako, Udalak 73 milioi euroko inbertsioa egingo du, eta bertan, auzo moderno bat sortzeko aukera izango dugu,  XXI. mendeko arkitekturarekin, berdeguneekin, Intxaurrondo eta Erdigunearekiko loturarekin, Urumearekin integratuta eta ekipamendu publikoak eta zerbitzuak sortzeko aukerekin.

Eta hori lortzeko, nazioarteko arkitektura-lehiaketa bat sustatuko dugu, eremu horrek merezi duen kalitatearekin eta altuerarekin definitzen eta diseinatzen lagunduko diguten hirigile onenek parte hartu dezaten.

 

Lau seme-alabaren aita naizen aldetik, gazteek gure hirian beren bizi-proiektua egiteko zailtasunak izateak kezkatzen nau, eta, beraz, hurrengo belaunaldiari zentzu horretan ondare bat uztearekin tematuta nago.

 

Gainera, beharrezkoa da etxebizitza berri horiek familia mota ezberdinak hartzeko egokiak izatea, izan familiabakarra, bi senidez osatuak; eta mota ezberdinetako etxebizitzak izan behar dira: publikoak, tasatuak, jabetzan, iraupen laburreko edo luzeko alokairuan, errenta altu, ertain edo baxuetarako, dauden tipologia eta eskaera desberdinei erantzun ahal izateko.

Aukeren hiria

 

Lan egiteko hiriak eskaintzen dituen aukerei buruz ere hitz egin dugu. Donostiak Euskadiko eta Estatuko langabezia-tasa baxuena duen hiria izaten jarraitzen badu, gazteek hemen lan egin ahal izango dute. Horrekin batera, etxebizitza berriak egiteko gai bagara, gazteak hemen bizi ahal izango dira. Eta hemen lan egiten badute eta hemen bizi badira, hemen gozatu ahal izango dute.

 

Hortaz, konpromiso argia hartu dugu: Hiri oparo bat izateko lan egiten jarraituko dugu, kalitatezko enplegua eta aukerak sortzen dituen hiria, hainbat arlotan erreferente den hiria. Horretarako osagaiak baditugu, izan ere, Donostia bizitzeko, gozatzeko, kirola egiteko, gastronomiaz eta kulturaz gozatzeko hiria da, eta hala izaten jarraitzeko lan egingo dugu.

 

Gure helburua da aurreko belaunaldiek gurekin egin zuten bezala, ondorengo belaunaldiei hiri hobeagoa uztea.

Anoetako kirol instalazioen berritze-lanei ekingo diogu

Anoetako instalazioak ikusten egon gara gaur, hain zuzen ere, hurrengo legealdian berritze-lanei ekingo diegun instalazioak. Donostiak bere tamainako hiri askok eduki nahiko luketen instalazioak ditu. Baina aitzitik, zaharkituak gelditzen ari dira. Horregatik honako konpromisoa hartu dugu: Anoetako kirol hiria modernoa eta puntakoa izatea, eta bertan, Illunbeko erabilera anitzeko instalazioa integratzea.

Aurreko legealdian Anoeta Estadioaren txanda izan zen, eta gutxi gorabehera 78 milioi euroko inbertsioa egin zen. Urte amaieran miniestadioa berritzeko lanei ekingo diegu, atletismoa eta errugbia hartzeko instalazioa izango da, eta udan zehar Hipodromoaren ondoan hiriak hainbeste behar duen hockey zelaiaren lanak amaituta egongo dira.

Hortaz, behin horiek amaituta edo martxan jarrita, beste hiru instalazio berritzeko helburua dugu: lehena, Illunbe, hiriak behar duen erabilera anitzeko instalazioa izateko; bigarrena, Gasca kiroldegia eta Atano III pilotalekua; eta hirugarrena, Belodromoa – atletismo pista berritua duen instalazioa.

Inbertsio handia egin behar da instalazio hauetan guztiean, beraz, dagoeneko Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin hitz egiten hasi gara instalazioen berrikuntzan inplikatzeko. Eta behin akordioa lortuta, hiriko eragileekin egoteko unea izango da euren beharrak kontuan hartuta instalazio horiek berritzeko.

Beste hainbat instalazio

Egun Donostiak 17 kiroldegi ditu. Laster Bretxan kirol anitzerako pista berria zabalduko da, eta hurrengo urteetan Merkaer-en kirol instalazio berria egingo da. Era berean, azken urteetan hainbat gimnasio berritu dira – Benta Berri, Paco Yoldi edo Bidebieta – eta asmoa da beste hainbat instalazio berritzen jarraitzea, besteak beste, Etxadi edo Intxaurrondoko gimnasioak edo Antiguo eta Igeldoko frontoiak.

Kirol urbanoa

Halaber, azken urteetan parkour edo kalistenia bezalako modalitate berriak iritsi dira hirira, hain zuzen ere, gazte askok praktikatzen dituzten modalitateak. Eta horiei egokitzeko, hirian hainbat gune sortu dira kirol horiek egiteko, eta laster Benta Berrin edo Arrobitxulon instalazioak ere egingo dira.

Hiria bera kiroldegi handi bat da. Bakarrik ikusi behar da zenbat jendek egiten duen kirola pasealekuetan zein parkeetan, baita Urumean ere. Eta azken hau, arrauna bezalako uretako kirolak egiteko eskaintzen dituen aukerak baliatu behar ditugu, baita surfak kirol-, gizarte- eta ekonomia-ekimenak sustatzeko ematen dizkigun aukerak ere.

Eta hori guztiarekin batera, emakumeen goi mailako kirolari merezi duen babesa ematen jarraitu behar dugu, eskola kirolatik hasita; kirol txartelaren erabilera sustatzen jarraitu behar dugu; eta nazioarteko kirol-ekitaldiak antolatzeko gai den hiria erakusten jarraitu behar dugu. Hau da, Donostia kirol eta osasun bizi kalitate mailagatik nazioartean erreferente izateko lan egingo dugu.

Garraio publiko eta iraunkorrari bultzada emango diogu

Iñigo Urkullu lehendakariarekin igaro dugu arratsaldea Eider eta biok Easoko tren geltokian eta inguruan, Donostian eta Gipuzkoan egiten dugun garraio jasangarriaren aldeko apustua berresten. Eta apustu hori benetakoa izateko trena da indartu beharreko garraioa. Izan ere, hiritik trafikoa gutxitzeko alternatibarik onena da. Horregatik, Lehendakariaren laguntzaz gaurkoan Topoaren eta Abiadura Handiko Trenaren aldeko apustua berretsi dugu.

Argi dugu, Topoaren igarobidea, Abiadura Handiaren iritsiera, autobus elektriko eta garbien hedatzea eta bizikleta publikoaren sistema indartzea dira gaur egun eraikitzen ari garen hiri konektatuaren zutabeak. Eskema berri horrek donostiarron eta bisitatzen gaituztenen mugitzeko modua aldatuko du eta hirigunean espazio zabalak eraldatzea ahalbidetuko du, oinezkoentzako eremuak irabazi ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren eskutik hiria egiten ari den apustuetan trenbide bidezko hiri garraioa indartu behar da, Topoaren igarobidearen obrarekin. Horri esker, Irun eta Zumaia lotuko dira, tartean Donostiaik igarota. Azpiegitura horrekin batera, Loiolako Erriberako aldageltokiak Topoa eta Renferen Irun-Brinkola zerbitzuaren prestazioak biderkatuko ditu, bi zerbitzuak elkarrekin konektatuz eta bi lineak moldakorragoak eginez. Azkenik, Abiadura Handiko Trena hirira iristeak triangelu hori itxi egingo du eta tren bidezko garraioa funtsezko pieza bihurtuko da Donostiarako eta Donostiatik egindako mugikortasunerako.

Helburu horretan aurrera egiteko, mugikortasuna berrantolatzea ezinbestekoa da. Oinezkoek izan behar dute hiriaren protagonistak, garraio publiko jasangarriago eta garbiago batekin. Horri esker, hiritarrei euren eguneroko bizitzarako eta gozamenerako espazio osasungarri eta seguruak itzultzeko aukera izango dugu.

Era berean, Topoa zabaltzeak donostiarrentzako lur gaineko espazioak berreskuratzea ahalbidetuko du, modu berezian Easoko trenbidean sortuko diren 21.000m2. Bertan, Arabako parkea zabaltzeko lan egingo dugu, hiriaren erdiguneko biriketako bat zabalduz, eta etxebizitzaren garapena eta Kontserbatorio berriaren kokapen posiblea bultzatuko ditugu.

Anoeta eta Errondo pasealekuaren artean Topoaren trenbidearen lurperatzea lortzeko konpromisoa hartuko dugu; baita Anoetatik Loiolako Erriberako aldagailuaren artean trenbidearen soinu-inpaktua minimizatuko duten hesi akustikoak ezartzeko ere. Horrela, Amarak espazio atseginagoak izango ditu.

Tren bakoitzak 400 pertsona eraman ditzake, hau da, 5 autobus edo 100 auto pribatu adina, horrek kutsaduran duen eragin guztiarekin. Gainera, gainazal azpiko garraioa izateak fidagarritasun handiagoa ematen dio, ez baitago baldintzatuta hiriko bizitzaren funtsezko uneetan bestelako jarduerek sor ditzaketen trabetara.

Hori guztia, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren eskutik lortuko dugu. Elkarlanean etorkizuneko mugikortasunari,  hain zuzen ere, garraio publiko eta iraunkorrari bultzada berri bat emango diogu.