Donostia 💙 Txirrindularitza

Spread the love

99 egun gelditzen dira Frantziako Tourra Donostiara iristeko. Ez da, ordea, lehenengo aldia izango, baizik eta hirugarrena.

 

1949.urtean iritsi zen lehendabiziko aldiz Frantziako Tourra Donostiara. Uztailaren 9a zen eta Bordelen hasi zen 228 kilometrotako etapa iritsi zen Donostiara. Louis Caput frantziarrak irabazi zuen etapa hura. Hurrengo egunean, uztailaren 10ean, Tourra Donostiatik abiatu zen Paue-rantz. Fausto Coppi txirrindulari italiarrak irabazi zuen urte hartako Tourra.

1992.urtea arte itxaron behar izan genuen berriro ere Tourrari harrera egiteko. Baina nolako harrera! Uztailaren 4tik 6ra eman zuen Frantziako Tourrak gure artean. 8 kilometrotako erlojuaren kontrako etapa, Donostia – Donostia 194,5 kilometrotako bigarren etapa, eta Paue-rantz abiatu zen hirugarrena hartu genituen.

 

Orduan izan ziren gurean Miguel Indurain txapeldun handia – lehenengo etapako garaile -, Dominique Arnould – bigarren etapako garaile -, Alex Zulle – bigarren etaparen ostean maillot horia jantzi zuen -, Claudio Chiappucci, Laurent Jalabert, Stephen Roche, Laurent Fignon, eta beste hainbat izar. Udaletxeko albo batean dagoen plaka batek gogoratzen digu egunero irteera hura.

 

Uztailaren 2an Tourrak hirugarren aldiz bisitatuko du Donostia. Hirugarren aldiz zuzenean kirol munduan dagoen ikuskizun handienetako batekin gozatu ahal izango dugu. Baina ez da bakarra izango, aurretik Emakumeen Itzulia, eta ondoren, Donostiako Klasikoa ere izango ditugulako, Donostiak Txirrindularitzarekiko duen pasioa erakutsiz.

Donostia txirrindularitza gabe ez litzatekeelako berdina izango. Egunero ikusten ditugu dozenaka txirrindulari entrenatzen. Eta lan handia egiten duten hainbat talde zikloturista ditugu, baita txirrindularitza eskola bat ere – Donostialdea Bizilketan –, harrobia lantzen duen txirrindularitza eskola.

 

Euskadik 2023ko Grand Depart-a hartuko du, hortaz, Euskadi osoak, baita Donostiak ere, mundu osoan isla izango du. Gure Herria, Hiria eta nortasuna erakusteko aukera paregabea izango dugu. Eta nortasun horren adibide txirrindularitzarekiko dugun maitasuna dago.

 

Beraz, OngieTOURri eta goza dezagun ikuskizunaz!