Donostia, 2019ko Europa Saria
Beti pozgarria da sariak jasotzea, baina gaur Donostiak jaso berri duen saria benetan pozik egoteko modukoa da. Izan ere, sari honek Donostiak Europaren eraikuntzan duen konpromisoa eta inplikazioa azpimarratzen ditu.
Europako Kontseiluak egiten dio hiriari errekonozimendua, hain zuzen ere, ibilbide luze baten onarpena, gure hiriak aspaldian egin duen Europa justu eta solidario baten aldeko apustua sarituz. Eta bide honek mugarri batzuk izan ditu, tartean 2016an bizitako Europako Kultur Hiriburutza.
Europako Sariak Kontseiluak ezinbestekotzat jotzen dituen hainbat alorretan hiriak egin duen lana errekonozitzen du, besteak beste elkartasuna, europako hirien arteko lankidetza eta Europako balioen defentsa (demokrazia, giza eskubideak eta eskubide estatua). Donostiak europar eraikuntzan lan egiten duela agerian uzten du sari honek, baita beste hiri askorekin lankidetza ugari ditugula nabarmendu ere. Eta aldi berean, hainbat programa eta erakundeen bitartez elkartasun ekimenetan hiriak duen presentzia ere aitortzen ditu.
Europak kezkatzen gaitu. Hiri hau ez da europarra bere kokalekuagatik soilik, europar sentitzen delako baizik. Egun, munduaren itxaropena diren balio batzuekin identifikatzen gara. Hirien bitartez ditugun gure loturak indartzea ezinbestekoa da, mundu gizatiarrago bat lortzeko, pertsona guztiek bizi baldintza duinetan bizitzeko aukerak eskaintzeko.
Europako Kontseiluaren saria “Europako Egunean” ematen da, eta hiri irabazleak antolatu behar du jasotze ekitaldia. Garaikurra, brontzezko domina, pergaminoa eta gazteentzako ikasketa amaiera ordaintzeko bekak eskaintzen ditu sariak, Europako erakunde nagusiak ezagutzeko helburuz. Beraz, aukera paregabea izango da hiriko gazte askorentzat.
Orain arte, 70 hiriek jaso dute honako sari hau, eta Donostia gaurtik aurrera hiri horren artean dago.
Zorionak Donostia!