Donostiak zeregin handia du Euskadin eta aurrera jarraitu nahi dugu Bilbo eta Vitoria-Gasteizekin elkarlanean
Zein da Donostiaren papera Euskadin? Galdera horri erantzun behar izan diot gaur goizean Bilboko Ercilla Hotelean egin den Nueva Economía Forum Tribuna Euskadi foroan.
Argi daukat Donostiak, Bilbo eta Vitoria-Gasteizekin batera euskal hiri bat osatzen dugula, eta hiri horrek muduan leku bat izateko lehian dihardu, baina beti hiru hiriburuok elkarlanean. Izan ere, nahiz eta ezberdinak garen, erronka antzekoak ditugu.
Zientzia eta ezagutzaren hiria
Gure apustu nagusienetako bat zientzia eta ezagutzaren eskutik dator. Egun Donostian zientzia eta ezagutza protagonista handiak dira. 5.000 ikertzaile ditugu hirian lanean, eta biozientzien arloa da azken urteetan gehien hazi den arloetako bat.
Hortaz, lanean jarraitu behar dugu bertako talentua mantentzeko eta kanpokoa erakartzeko ekosistema bat sortzeko. Zumeak baditugu, teknologia eta ikerketa zentroak; jarrai dezagun Donostia zientzia eta ezagutzan hiri erreferenteagoa egiten.
Turismo jasangarria
Donostia hiri erakargarria da. Ezagutza erakartzeko gaitasuna dugu, eta eragile askoren eskutik ere ekitaldi ugari antolatzen ditugu. Eta ekitaldi horiek guztiak milaka pertsona erakartzen dituzte. 2011tik bisitari kopuruaren eboluzioa hazi da eta, egun, mundu osoan ere gertatzen ari den fenomeno baten islada da, hau da, gero eta jende gehiago mugitzen da mundu osoan zehar.
Eta fenomeno horri jasangarritasunaren aldetik heldu behar diogu. Eta horretarako helmuga zaindu behar dugu, hainbat erabaki hartuz, esaterako, ostatatzeak limitatzeko eta, hortaz, hirian desorekak ekiditeko. Horiek horrela, azken urteetan pisu turistikoen jarduera arautu dugu, Parte Zaharra eremu saturatua izendatu dugu, bizitegi-eraikinak hoteletan ez bihurtzeko mugak ezarri ditugu. Eta orain, Plan Orokorraren eskutik beste hainbat neurri hartuko ditugu.
Zerbitzuen kalitatea bermatzeko tasa turistikoa
Turismoa aberastasuna eta lanpostuak sortzen dituen iturria da, eta horrek Udalari esfortzu berezia eskatzen dio, donostiarrei zein bisitariei eskaintzen dizkien zerbitzuen kalitatea mantentzeko. Horregatik, Udalak ahobatez adierazi zuen tasa turistikoaren aldeko iritzia.
Argi dugu ere, tasa turistikoa jartzeko gure erabakiak ez duela zertan eraginik izan behar beste batzuengan. Guk nahi duguna da udalerri bakoitzak erabakitzeko eta tasa horren bidez dirua-biltzeko gaitasuna izatea; izan ere, udalerria da zerbitzuak mantentzeko esfortzu gehien egiten dituena.
Etxebizitza
Turismoa etxebizitzaren garestitasunarekin eta hiriak izan ditzakeen gainerako gaitzekin lotzea ez da bidezkoa. Etxebizitzaren arazoa beti egon da Donostian. Inork ez du ukatzen arazo bat dagoenik, baina mundu guztiak ez du konponbiderik planteatzen. Guk argi daukagu: gure apustua da, besteak beste, eraikita dagoen ondarean eragitea, etxebizitzen bereizketarekin edo erabilera aldaketarekin. Ildo horretan, nabarmendu behar da azken urteetan sortutako etxebizitzen laurdena segregazioaren edo erabilera-aldaketaren ondorio dela.
Gainera, baldin eta gaur egun Loiolako Kuartelek okupatzen dituzten lurrak hirirako berreskuratzea lortuko bagenu, hiriak espazio berri bat izango luke, zalantzarik gabe Urumea ibaiaren inguruan zentralitate berri bihurtuko den eremua, eta, gainera, Loiola, Txominenea eta Intxaurrondo auzoen arteko loturak hobetuko dituena, Ametzagaina parkearen bidez. Mugarri bat izango litzateke, zalantzarik gabe, hain zuzen ere, hiria eraldatuko lukeen eta kohesio handiagoa emango liokeen mugarria.
Mugikortasuna
Aldaketa prozesuak zailak izaten dira. Pixkanaka egin behar diren prozesuak izaten dira. Eta Donostian mugikortasunaren lotura duten aldaketak pixkanaka egin behar dira, emisio txikien eremua sortzeko eta, beraz, oinezkoentzat guneak irabazteko. Uste dut inor ez lukeela ulertuko Loiola kalea, Foru aldundiaren ingurua edo Parte Zaharra lehengo egoerara itzuliko balira, eta autoen menpe egongo balira.
Behin lehendabiziko aldaketak eginda, argi dugu entzute-prozesu bat egitea beharrezkoa dela, ekarpenak jaso ahal izateko, baina beti kontuan hartuta helburua hiri jasangarriago bat lortzea dela, hain zuzen ere, bizikletak, oinezkoak eta garraio publikoa protagonista diren hiri jasangarriago bat.
Baina Donostia ez da mugikortasun ohituren gaineko aldaketei aurre egin behar dien hiri bakarra. Hiri guztiei eragingo dien zerbait da. Baita Bilbo eta Vitoria-Gasteizeri ere. Hiru hiriburuek dugun erronka komunetako bat da, hain zuzen ere, elkarlanean aurre egin nahi diogun erronka komunetako bat.