Donostiar estimatuak, iritsi da 2016a
Aurten Europako Kultur Hiriburua izango gara. Gure hiria eredu izango da Europarentzat, herritarrek elkarbizitzarako eta parte hartzeko duten gaitasunaren eredu.
Europako Kultur Hiriburua da Donostia. Gure hiriarentzat urte garrantzitsua da, baina bereziki, aukera aparta da. Elkarrekin bizitzen ikasteko erronka dugu aurrean, kultura bitartekari dugularik. Guztiok batera gainditu beharreko erronka zoragarria.
Gure hiria balioetan aberatsa da. Hiri honetako jendeak beti izan du gogoa eta gaitasuna, gure hiria bizitzea eta gozatzea merezi duen leku ederra izan dadin. Horretarako, funtsezkoa da elkarrekin bizitzeko dugun gaitasuna.
Elkarrekin bizitzea horixe baita, ondokoaren ezaugarri eta pentsakerak onartzen jakitea. Desberdintzat ditugunekin harmonian bizitzea, aliantza berriak sortzea, oihu gutxiago egin eta gehiago entzutea, proposamen berrietara zabaltzea, jarrera dogmatikoak, konplexuak edo sektarismoak bazterrean uztea, elkarlana, laguntza eta bitartekaritza bezalako hitz berriengatik ordeztuz. Eta hori guztia gure nortasunari uko egin gabe.
Gaur egun, gure kaleetan hizkuntza asko entzuten eta kultura desberdinak ikusten dira. Donostia aldatzen ari da, mundua aldatzen ari da, baina nortasunak, bere horretan dirau. Nortasun aberatsa, geurea, baina truke eta igurtzi bidez hornitua, ikasten eta gehitzen dugunarekin aberastua.
Donostian 2016 honen ondare moduan zer geratuko den galdetzen dute maiz. Nik oso garbi dut: bizikidetasunean oinarritutako kultura partekatu bat. Hiri irekiagoa, pluralagoa eta abegikorragoa. Elkartasunezkoa eta eskuzabala. Donostia atsegina eta bizitzeko aproposa.
Donostia / San Sebastian 2016 Fundaziotik gogotsu egin da lana, eta sortutako ikusmina gainditzeko programa zabala garatu da urte hauetan. Hiria prest egon dadin, esfortzu berezia egin du Donostiako Udalak, urte honek eskatzen dituen beharrei erantzuteko. Hainbat urteko lanaren emaitza da, eta elkarlanean aritu gara honetan ere. Hori dela eta, aipatu eta aitortu nahi dut nire aurretik Alkate izandako Odon Elortza eta Juan Karlos Izagirreren lana.
2016. urtean ekitaldietan, turismoan eta gure hiriaren ikusgarritasunean gora egingo dugu. Gure lurraldea, gure kultura eta gure hizkuntza, euskara, mundu zabalean gehiago ezagutaraziko ditu. Baina, batez ere, hobetzeko aukera emango digu. Elkarrekin.
Horregatik guztiagatik, energia olatu handi hau aprobetxatu eta elkarrekin aritu behar dugu helburuak arrakastaz betetzeko. Baldin eta ilusioz jarduten badugu -eta badugu aurrez esperientziarik-, ziur naiz hurrengo urtean ozenago abestuko dugula “Donosti bat bakarra munduan!”
Gora Donostia!