Donostiarako dugun proposamenak proiektu estrategikoak eta auzoen zaintza batzen ditu

Spread the love

EAJk datozen lau urteetarako aurkeztuko duen proposamenak hiri gisa hazten lagunduko diguten proiektu estrategikoak jaso ditu, ikuspegi lokalarekin eta auzoen beharretan zentratua.

 

Hautagaitzako kideekin batera, hauteskunde-proposamen nagusien laburpen bat egin dugu, eta garrantzitsuenak iruditzen zaizkigun aspektuak zehaztu ditugu, herritarrek ondo aukera dezaten datozen lau urteetan hiriaren gidaritza nork eramango duen.

 

Kanpainan zehar aurkeztu ditugun proiektu estrategiko nagusiak gogoratu nahi izan ditugu: UNESCOk Haizearen Orrazia Gizateriaren Ondare izenda dezan emandako pausoak; Anoetako kirol instalazioen berriztapena bultzatzeko proposamena, Foru Aldundiarekin batera kudeatuko lukeen partzuergoaren bitartez; nazioarteko lehiaketa bat bultzatzea, Sagues auzoaren behin betiko diseinua zehazteko; 2021. urterako hiritik plastikozko poltsak kentzeko plangintza; nazioarteko ikertzaileei ostatu emango dien bigarren Talent House-a; Loiolako Erriberan tren aldageltokia eraikitzea; Donostia Kulturaren sarearen barruan kultura digitaleko lehenengo etxea sortzea; erabat elektrifikatutako dBus linea bat martxan jartzea; etxebizitza formula berriak bultzatzea; edo Eskusaitzetako industrialdea merkaturatzea, hirira aberastasuna ekartzeko.

 

Orain arte aurkeztutako proiektu horiekin batera, beste egitasmo batzuk ere badaude, Donostiari hiri gisa jauzi bat egiten lagunduko diotenak: AHT-ren geltoki berria eraiki eta Tabakalerako eraikinean integratzea; Easoko trenbide-hondartzan 20.000 m2 berreskuratzea, Topoa lurperatu ondoren hirigune bihurtuko direnak; eta azkenik, Loiolako kuartelak eta Martuteneko kartzelak hartzen dituzten eremuak hiriarentzat bereskuratzeak etxebizitza parkea hobetzen lagunduko lioke Donostiari.

 

225 proposamen auzoetarako

 

Hiri mailako dimentsioa duten garrantzi handiko egitasmo horiekin batera, auzoetarako EAJk diseinatu duen plan anbiziotsua zehaztu dugu. Alderdiaren programak 225 proposamen bildu ditu, auzo guztietara hobekuntza nabarmenak ekartzeko. Begirada makroari “mikroa” erantsi diogu; hirirako plangintza globalari eta proiektu estrategikoei, akupuntura soziala, auzo guztietarako ekintzekin.

 

EAJk auzoetarako jasotako ekintza-programak honakoak zehazten ditu: Aieten bidegorri bat eraikitzea; Bretxako merkatu berria; igogailuak jartzea Larratxon eta Heriz Pasealekuan; Amaran, Isabel II.a oinezkoen eremu bihurtzea; Loiola eta Añorga bulevarizatzea; Grosen haurreskola zerbitzu berria; Bidebietan kultur ekipamendu hobeak; edo Egian Iztueta biaduktuaren berrantolaketa. Horrekin batera, hirirako beste sarbide bat proposatzen du Marrutxipitik, Ilarra eta Infernuko hirigintza-garapenak Antigua-Igaran, eskola-jolaslekuak estaltzea Altzan eta Intxaurrondon, edo Txomin eta Martuteneko trenbide-pasaguneak ezabatzea.

 

EAJk hauteskunde hauetara aurkezten duen programa anbizio handikoa da, hiriarentzat erronka berriak planteatzen ditu eta; orekatua, auzo bakoitzaren beharrak eta egungo egoera kontuan hartzen baititu; eta errealista, izan ere, burutazio xelebre edo proiektu handiez harago, datorren legegintzaldian burutzeko moduko ideiak planteatzen ditu.

 

Uste dugu hiriak aurrerapauso handia eman duela lau urte hauetan, baina aldaketa hori finkatzea beharrezkoa da, lau urtez bakarrik eta akordioetara heltzeko gaitasunik gabe agindu zutenek eraman gintuzten paralisira berriz itzul ez gaitezen.

 

Hori dela eta, berriro alkate izateko aukera emango balitzait, egonkortasuna emango duten akordioak lehenetsiko nituzke.

 

Akordioak programa eta hiri-proiektua oinarri dutela, Udala berriz ere paralisiak jota gelditu ez dadin, gero eta hiri hobea izaten jarrai dezagun.

 

Aldi berean, erakundeen arteko lankidetza aldarrikatu dugu, inbertsio handiak eskatzen dituzten proiektuak martxan jartzea ahalbidetzeko. Adibide gisa jarri ditugu Eusko Jaurlaritzarekin lortutako hitzarmenak -Anoeta Estadioa, Topoa, Eskusaitzetako poligonoa, dBus-en elektrifikazioa-, Foru Aldundiarekin erdietsiak -Elektromugikortasun Gunea, Tabakalerako laborategi gastronomikoa-, edota Espainiako Gobernuarekin lortuak -AHTaren geltokia…-, tamaina handiko proiektuak ekarri eta ekarriko dituztenak, hiria benetan eraldatzen dutenak.

 

Azkenik, hiri osoaren espiritu kolektiboa” aldarrikatu dugu, “horrek eramaten baikaitu helburu berriak finkatu eta gauzatzera.

 

Alkate batek edo udal batek ezin ditu martxan jarri hiri batek aurrera egiteko behar dituen ekimen guztiak. Horrek herritar guztien parte-hartzea eskatzen du. Donostiaren kasuan, ondo baino hobeto erakutsi dute gizarte zibil dinamiko eta kritikoa dela, askotan erakundeen aurretik doana, hiriak etorkizunerako behar dituen erronka berriak planteatu eta exijitzeko orduan.