Donostiarron kezkak, elkarlanean heltzeko erronkak
Politika Orokorreko urteko adierazpena egin dugu gaur. Bertan, luze eta zabal hitz egin eta eztabaidatu dugu hiriaren egoerari buruz. Nire hitzaldian zehar eduki dudan asmoa ez da izan “idilikoa” den Hiria irudikatzea, guztiok kezkatzen gaituzten gai nagusiei ekitea baizik. Eta horretarako, duela gutxi ezagutu genuen pertzepzio inkestaren emaitzaz baliatu naiz, izan ere bertan adierazten diren kezkak hurrengo urteetarako ditugun erronkak direlako.
Hiru dira une honetan hiritarrek adierazten dituzten kezka eta erronka nagusienak: Etxebizitza, Segurtasuna eta Turismoa. Horiek eta beste hainbat kontuan hartuta, 2030.urtera begira eraiki behar dugun Donostiaz hitz egin dut. Uste dut, gai horiekin batera, 2030.urtera begira eraiki nahi dugun Donostiak ezagutza eta zientziaren aldeko apustua egiten, Mugikortasun eredu berria sustatzen, eta hiri kohesionatu, abegikor eta inor atzean uzten ez duen politiken aldeko apustua egiten jarraitu behar duela.
Eta kohesio hori bermatzeko, ezinbestekoa da, Gizarte Zerbitzuak indartzen jarraitzea. Eta bide horretan gure konpromisoa irmoa da, eta datuek hala erakusten dute. 2023An 172,19 euro bideratu genituen hiritar bakoitzeko. Eta gizarte zerbitzuen karterak ezarritakoarekin betetzen jarraitzen dugu, eta hori ezin dute esan Gipuzkoako udalerri gehienek.
Etxebizitzak Donostiarren kezka nagusienetakoa izaten jarraitu du. Gure lehentasuna izan behar du mota ezberdinetako eskaintza sustatzen jarraitzea eta bereziki babestutako etxebizitza egiten jarraitzea. Eta horretarako, ezinbestekoa dugu Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzea. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko eskua zabaldu digu eta prest gaude elkarlanean aritzeko hirian eskaintza berria sortzeko, eta hiritarrek duten kezka nagusi horri erantzunak emateko.
Segurtasunaren gaineko kezka asko nabarmendu da hiritarren artean azken urteetan. Arazoa ez da neurririk ez dela hartzen. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak bere lana egiten ari dira, baina hiritaren artean inpunitate sentsazioa da nagusi, eta hori arazoa bihurtu da. Gure jarrera irmoa izaten jarraituko du delituen aurka, baina ezinbestekoa da ondorengo kateak ondo funtzionatzea, inpunitate sentsazio horrekin amaitu ahal izateko.
Turismoa da hiritarrek adierazten diguten hirugarren erronka. Azken urteetan turismoari buruzko kudeaketa eredua aldatu da. Erakartzea sustatzetik kudeaketa eta zaintza sustatzera pasa gara. Eta gainera, urteak daramatzagu jarduera arautzeko neurriak hartzen, eta hiriaren turismo estrategia hiriaren garapenari lotzen, eta beti, donostiarrak lehenetsiz.
Aldaketa klimatikoak asko kezkatzen gaituen gaia da, eta horretarako hiri bezala apustu sendoa egiten ari gara energia berriztagarrien alde, baita benetako garraio publiko jasangarri baten alde, non eta trena eta autobus elektrikoen bidezko zerbitzuek ardatz izango diren. Gainera, Ixuri Gutxiko Eremua aurrerapena izango da aldaketa klimatikoaren erronkari hiri bezala aurre egin ahal izateko.
2016an elkar bizitzeko kultura leloa erabili genuen balioen hiria, Giza Eskubideen eta demokraziaren aldarrikapena egiteko. Mezu ezkor eta nostalgikoak ari dira gailentzen. Eta horiei aurre egiteko komunitate sentimenduaren defentsa egitea ezinbestekoa da.
Hirian hizpide diren gai nagusienak aukeratu ditut aurtengo Politika Orokorreko adierazpena egiteko. Gure atentzioa eta ekintza merezi dituzten gaiak dira. Eta horiei heltzeko, gure borondatzea da elkarlanean aritzea, betiere, hiri hobeagoa egiteko.