EAJk defendatuko ditu Donostiaren interesak Madrilen

Spread the love

Loiolako Kuartelen aurrean Madrilgo Diputatuen Kongresuan Donostiako agendari buruzko mezua bidali nahi izan dugu: EAJ izango da Madrilgo diputatuen kongresuan Donostiaren interesak eta agenda defendatzen jarraituko duena.

 

Aitor Esteban EAJ-PNVren bozeramailearekin batera egindako ekitaldian, Madrilgo taldeari eskatu diogu gure eskabideen zerrendan lehenetsi ditzatela Donostiarentzat garrantzitsuak diren gaiak.

 

Hala, Espainiako Gobernuak oraindik Donostian egiteke dituen aferak zerrendatu ditugu. Espainiako Armadak Loiolan hartzen dituen lurrak Udalaren esku uztea eta Martuteneko kartzela ixtea dira Donostiarentzat lehentasun goreneko auziak, izan ere, horrek Urumea ibarra hiriarentzat berreskuratzen jarraitzea eta milaka etxebizitza egitea ahalbidetuko luke.

 

Horrekin garrantzitsua da Espainiako Gobernuak Amaran duen Ordezkariordetzaren eraikina erabilera publikoetara bideratzea; horretarako, Estatuak Udalaren esku utzi beharko luke, honek Amara Berriko Kultur Etxea eraiki ahal izan dezan.

 

Oraindik badira pertsonen eguneroko bizitza baldintzatu eta auzoetan kaltea eragiten duten zenbait elementu. Kuartelak eta Ordezkariordetza dira adibide argiak, donostiarren bizi-kalitatea hobetzen nabarmen lagunduko luketenak.

 

Bestalde, Aitor Estebani eskatu diogu Madrileko Kongresuko Euskal Taldeak kamiseta txuri-urdinarekin defenda ditzala Donostiaren interesak, neurri zehatzekin bultzatzeko berebiziko garrantzia duten gaiak: Hondarribiko aireportuaren eraginkortasuna hobetzea, Loiolako Erriberetako aldageltokiaren eraikuntza edo Habiadura Handiko Trenaren iritsiera.

 

Aurreko legegintzaldian Donostiak lorpen zehatz eta baliotsuak izan zituen, EAJk PPren eta PSOEren gobernuekin aurrekontuei buruz izaniko negoziaketei esker: bost milioi euro CIDETEC zentroak bateria elektrikoen alorrean ikerketa garatu dezan; milioi eta erdi euro Kontxako baranda berritzeko; Abiadura Handiko Trenaren geltokiaren eraikuntza arintzeko konpromisoa; Martuteneko trenbide-pasaguneak ezabatu; Zinemaldiaren eta Musika Hamabostaldiaren gisako kultur ekintzen finantzaketa hobetzeko bideak.

 

Sánchezen bisita

 

Horrez gain, Pedro Sanchezen jarrera deitoratu dugu, izan ere, azken hilabetean bi aldiz etorri da Donostiara, eta haren ahotik ez dugu entzun Gobernuak gure hiriarekin inolako konpromisorik hartu duenik.