Elkarlana Donostiak aurrera egiten jarraitzeko
Gaurkoa egun pozgarria izan da. Gipuzkoako Diputatu Nagusi Eider Mendozaren bisita ofiziala jaso dugu Udaletxean. Baina ez da kortesiazko bisita bat izan. Izan ere, Foru Aldundiak eta Udalak baditugu hainbat erronka eta proiektu komunak, eta horiek guztiak aurrera ateratzeko hainbat kronpomiso hartu ditugu.
Lehenik eta behin, bi erakundeok adostu dugu lantalde partekatu egonkor bat eratzea komunean ditugun proiektu horiek lantzeko. Eta lantalde hau ez da gaurko iragarpenean geldituko den zerbait, izan ere, maiztasun jakin batekin batzartuko den taldea izango da, eta bertan, proiektu bakoitzerako eskumena duten arloetako arduradunek parte hartuko dute.
Ekonomiaren sustapena
Horien artean, bultzada ekonomikoarekin zerikusia duten gaiak egongo dira. Eta horien barruan Eskusaitzetako industrialdea garatzen jarraitzeko eta Miramongo Parke Teknologikoa handitzeko elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dugu. Zalantzarik gabe, bi proiektu hauek garrantzi handiko proiektuak dira hiriarentzat. Eta pozgarria da ikustea Foru Aldundiaren eskutik lan egiten jarraituko dugula hauek gauzatzeko, hiriarentzat onura handiak ekarriko dituztelako.
Anoetako kirol hiria hobetzeko konpromisoa
Era berean, Anoetako Kirol Hiriko azpiegiturak berritzea bi erakundeek landu beharreko beste lehentasun bat izango dela adostu dugu. Eta horretarako, aipatutako lantalde egonkor horretan kirol-instalazioak berritzeko beharrezkoak diren inbertsioen egutegia eta periodifikazioa landuko dugu.
Puntako instalazioak ditugu, hain zuzen ere, Donostiako zein Gipuzkoako hainbat klub eta kirol eragilek erabiltzen dituzten instalazioak. Beraz, hiritik harago doan erabilera dagoela ikusita, bi erakundeen artean puntako kirol instalazio horiek berritzeko eta garaira egokitzeko behar diren inbertsioak egiteko konpromisoa hartu dugu.
Mugikortasuna eta bide azpiegiturak
Mugikortasunean eta garraio-azpiegiturekin lotutako hainbat gai elkarrekin landuko ditugu, besteak beste, GI-20ko saihesbidea egokitzea eta modernizatzea; Marrutxipiko lotunea amaitzea hiriko sarrera eta irteerako hobetzeko; Lurraldebuseko autobus-fluxua aztertzea; Dbizi sistema inguruko herrietara hedatzea; edo Donostiako bidegorrien sarea Chillida Lekurekin lotzea.
Aurretik lau urte ditugu elkarlanean aritzeko, eta gogotsu arituko gara. Koordintatuta, donostiarren zein gipuzkoarren bizi kalitatea hobetzeko.