Erronka eta helburu partekatu bat: hurrengo belaunaldiei hiri hobea uztea
Legealdi berria hasi dugu, hiriak dituen erronkak bere horretan mantentzen badira ere. Donostia hiri anitza da. Ezberdinen arteko akordioa eta elkarlanari esker hiriak egonkortasuna du eta aurrera egiten jarraitzen du.
Donostia aukerak sortzen dituen hiria da, nahiz eta batzuek kontrakoa irudikatu nahi duten. Enplegua sortzeko eta jarduera eta talentua erakartzeko gaitasuna dugu. Egia da ere arazoak eta erronkak ditugula, eta horiei aurre egiteko Gobernu Programa diseinatu dugu.
Donostiarrak eta Donostia-ko auzoak jardun politikoaren erdigunean kokatu nahi ditugu, eta horretara bideratuta dago Gobernu Programa. Hirtarren neurrira egindako hiri baten alde lanean jarraituko dugu, auzo gizatiar, atsegin eta irisgarriekin; hain zuzen ere, bertan bizi diren pertsonak zaintzea lehentasuna duten auzoak. Eta Gobernu Programak, 126 hiri proiektu eta 69 helburu estrategiko proposatzen ditu.
Erakartzeko eta enplegua sortzeko gaitasuna duen Donostia
Donostia kohesionatu bat izateko lan egiten jarraituko dugu, eta horretarako ezibestekoa da kalitatezko enplegua sortzea. Miramonto Parke Teknologikoa handitzea eta Eskusaitzetara zein beste hainbat eremutara jarduera erakartzea garrantzitsua izango da.
Ikerketa eta ezagutzaren alde egiten jarraituko dugu: Talent House II, ordenagailu kuantikoa edo DIPCren eraikin berria horren adibide dira. Baina ezin dugu ahaztu Donostia zerbitzu hiria dela, eta beraz, merkataritza eta ostalaritza sustatzen jarraitu behar dugu.
Etxebizitza berriak eta bertako sormenaren aldeko apustua
Aurrean dugun erronka handienetako bat da etxebizitza berriak sortzea. Gure helburua da 2033rako 6.000 etxebizitza berri sustatzea. Eta horretarako ezinbestekoa izango da plan orokor berria onartzea. Dagoeneko hori lortzeko prozesua hasi dugu. Bidea luzea izango da, eta aukera handiak emango dizkigu ideia eta proiektu askori buruz hitz egin eta eztabaidatzeko.
Horrekin bartera, bertako sorkuntza sustatzea da kulturan jarri dugun helburuetako bat. Kultur etxeek, museoek eta musika eta dantza eskolek paper garrantzitsua dute helburu hori lortzeko. Egun udal egoitzen berrantolaketa aztertzen ari gara, eta horri esker, Eusko Jaurlaritzari Eason lekua eskaintzeko aukera dugu Francisco Escudero Kontserbatorioa lehenbailehen handitzeko.
Hiri osasuntsua eta anitza
Donostia hiri osasuntsua izaten jarraitzea nahi dugu. Horrek eskatuko digu dauden kirol-azpiegiturak hobetzea, besteak beste Anoetako kirol hiria eta bere ingurua. Gainerako erakundeekin elkarlana hasi dugu hori lortzeko, baita kirol-eragileekin Donostiara lehen mailako ekimenak erakartzeko.
Donostia hiri anitza da. Hori horrela izanik, ezinbestekoa da partehartzea sustatzea eta demokrazia etengabe lantzea. Ideiei eta proiektuei buruz eztabaidatzea ona da, baita sistema demokratikoak ezarritako arauak errespetatzeko gai izatea ere.
Gobernu onaren aldeko apustua berresten dugu, euskararen normalizazioaren alde eginaz, zailtasunak zailtasun eta epaiak epai. Giza Eskubide guztien, Berdintasunaren eta bizikidetzaren defentsak gure kudeaketa-politiken ardatza izaten jarraituko du.
Hiri iraunkor, berde eta irekia
Garapen iraunkorraren aldeko apustua egiten dugu. Eta horretarako mugikortasun jasangarri baten alde egitea ezinbestekoa da. Egun garraio publikoak duen garrantzia handiagoa izateko lan egingo dugu. Horrenbestez, aldaketa klimatikoaren erronkari erantzun eraginkorra eman ahal izango diogu.
Gune ireki eta irisgarrien alde egiten dugu. Hiri seguru bat. Iraunkortasunaren alde egiten duen hiria. Hiri berdea; zientzia eta ezagutzaren hiria; aukerak sortzen dituen hiria gazteek euren bizitza proiektua garatu ahal izateko.
Loiolako kuartelak: etorkizuneko hiria
Horretarako, oso garrantzitsua da Udalaren finantza-egoera ona izatea. Egun horrela da, eta horri esker Loiolako Kuartelen lur-saila erosteko aukera ematen digu. Erosketak Ministroen Kontseiluaren oniritzia jasoko du azaroaren 7an.
Udal korporazioa osatzen dugun zinegotzi guztiok ardura handia dugu. Baita helburu komun bat ere: hurrengo belaunaldiei hiri hobea uztea. Ziur naiz guztion artean lortuko dugula.
Hitzaldi osoa irakurtzeko esteka: 2023ko Politika Orokorreko urteko adierazpena
Gobernu Programa irakurtzeko esteka: 2023_2027_GOBERNU_PROGRAMA