Euskararen erabilera politikoa
Ramón Labayen hil zenean, EAJ-PNVren Udal taldeak pentsatu zuen Donostiako Alkate izandakoak gure Hiriaren txoko batetan oroitua izatea merezi zuela. Proposamena aurkezterakoan egin genuen lehen gauza familiarekin hitz egitea izan zen, ez genekielako bere abizena nola jarri behar ote genuen, alegia, Labaien edo Labayen. Familiak garbi esan zigun: “Aitak Labayen jartzen zuen beti, horrela nahi zuen”. Eta Plenoak horrela jartzea erabaki zuen: “Plaza Alcalde Ramón Labayen – Ramon Labayen Alkatea plaza”.
Adibide hau jartzen dut, gure kaleen euskarazko izenak zeintzuk izan behar duten erabakitzea ez dela gauza erraza adierazteko. Nik neuk zalantzak izan ditut Kontxaren kasuan, eta ez nago euskararen kontra, Alkateak gaur esan duen moduan.
Udal Gobernuak gure Hiriko ia 300 kaleren izenen euskarazko bertsioak onartzeko erabakia aurkeztu zigun orain dela hiru aste. Beste gauza askorekin gertatu ohi den bezala, lehenik egunkarien bitartez izan genuen horren berri. Bilduk euskararen “txapa” jarri nahi zuen baina tira, horraino ez daukagu eragozpenik.
Donostiako zinegotzia eta euskaltzaina den Miren Azkaratek, gaiari ekin bezain pronto adierazi zidan gaia ez zela erraza izango, Gobernuak berak aurkeztutako proposamenean bertan irizpide kontrajarriak zeudelako eta ezinbestekoa zelako kasuak banan bana eta zorrotz aztertzea. Horrelaxe adierazi genion Udal Gobernuari Irailaren 15ean ospatu genuen Udal Batzordean. Kezka hori adieraztearekin batera, hilabeteko epea eskatu genuen, lantaldea osatu eta Urriaren 30eko Plenoan erabakiak behar bezala hartzeko. Ezezko borobila jaso genuen eta ondorioz, aurkezten zitzaigun proposamenaren aurrean abstenitu egin ginen, zuzenketak aurkeztuko genituela adieraziz.
Segituan konturatu nintzen Bilduk ez zuela kaleen euskarazko izenak nola idazten diren inguruko kezka handiegirik, gai hau politikoki erabiltzea zen bere asmo nagusia. Segituan hasi ziren Donostian ohikoak diren Bilduko bozeramaleak egurra ematen eta EAJ-PNV Donostiako kaleak euskaratzearen aurka zegoela esaten.
Batzordean gertatutakoaren ondoren, Miren Azkaratek egindako lan itzelari esker, gure Udal Taldeak 48 zuzenketa aurkeztea lortu zuen Iraiaren 19rako. Gobernu ardura duen Bildu taldeak berak 47 aurkeztu zituen! Egindako jatorrizko proposamenarekin Bilduk berak zalantza handiak zituenaren adierazgarri hoberik?
Behin eta berriro esan diogu Alkateari gaiak adostasuna kudeatzeko beharra zuela eta zuzenena Urriaren 30eko Plenora eramatea zela, aldez aurretik egin beharreko guztiak eginda. Horrela esan diogu Bozeramale batzordean, atzo bertan bere bulegoan eta gaur Plenoan. Baina erabakia hartuta zegoen, eta berriro agerian geratu da eztabaida ez dela gure kale izendegia modu txukunean itzultzeari buruzkoa. Plenoaren gehiengoak eskatutakoari muzin egin dio Alkateak, baina larriagoa dena, Plenoko Idazkariari hitza ukatu dio. Zergatik? Nire susmoa da Alkateak ezin zuela puntu hori mantendu Plenoaren gehiengoak bertan behera uztea eskatzen zuenean, baina Alkateak berak nahi zuena egin nahi zuen eta idazkariari hitz egitea debekatu dio. “Hemen nik agintzen dut!”. Ez da hau entzuten dugun lehen aldia.
Gai honen inguruan Bilduk egin nahi zuena berriro agerian geratu da. Eztabaida ez da gure kale izendegia modu txukunean itzultzeari buruzkoa. Euskara Bilduk bakarrik maite duela eta Bilduri bakarrik axola zaiola esatea baizik.
Alkateak berak prentsaurrekoan esan dituenak entzutera joan gara zenbait zinegotzi, azkenaldi honetan prentsaurrekoak baitira Udaletxe honetan esan nahi diguna esateko erabiltzen duen bidea. Han esan digu euskaren kontra gaudela. To! Nire aldamenean nuen euskaltzaina infiltratua ote Euskaltzaindian?
Tristea eta kaxkarra. Hori da jokabide honek merezi duen izena. Bilduk erabaki badu gai hau guri egurra emateko erabili behar duela, ba bejondeiola! (hau idazten dudan bitartean nire eskukoan ikusten ditudan twitterreko txioek hori adierazten didate).
Konsignetaz haratago, norbaiti interesatzen baldin bazaio Donostiako kale izendegia euskaraz eta gazteleraz behar bezala jartzea, utzi diezaiotela euskara tresna politiko gisa erabiltzeari eta ekin diezaiogun lanari. Hori da zalantzarik gabe euskarari eta gure hiriari egin diezaiokegun mesederik handiena.