Eusko Ikaskuntza. Urrezko domina.

Spread the love

XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen lehen urteetan nabarmena zen euskara eta euskal kultura suspertzeko ahalegina. Helburu horixe zuten elkarteak sortu ziren, Eskualzaleen Biltzarra, edo Euskal Esnalea lekuko. Baita aldizkariak ere, horien artean, Euskal Erria. Lore-jokoak antolatzen ziren Ipar eta Hegoaldean… RIEV (Revista Internacional de Estudios Vascos) 1907an sortua zen…

Giro horretan, aurrerapauso nabarmena izan zen 1918an Oñatin antolatu zen Eusko Ikaskuntzen Kongresua. Hego Euskal Herriko lau Aldundiek eta hiru elizbarrutitako apezpikuek egindako deiak erantzun zabala izan zuen. Hara bildu ziren garai hartako intelektual, akademiko, artista, eta jakintsu gehienak; Arraza, hizkuntza, historia, artea, irakaskuntza, gizarte zientziak eta zientzia politikoak, eta eusko ikasketak izan zituzten aztergai. Hizlarien artean: Barandiaran, Aranzadi, Urquijo, Elizalde, Azkue, Etxegarai, Campion, Pedro Muguruza, aita Donostia, Angel Apraiz…

Haren arrakasta ikusirik erabaki zen jarraipena ematea eta Eusko Ikaskuntza /Sociedad de Estudios Vascos sortzea. Donostian, Foru Aldundian, kokatu zen erakunde berriaren egoitza.

Helburu horri erantzuteko ahalegina argi eta garbi ikusten da hurrengo kongresuetako gaietan: elebitasuna irakaskuntzan, eta, horri loturik, auzo eta ingurune marjinatuetara eskolak eramatea, euskal unibertsitatea errebindikatzea, euskal arrantzaren egoera aztertzea, euskal arte herrikoia lantzea, Natur zientziak eta medikuntza… Lehen Uda Ikastaroak sortu zituzten, geroko ikastolen oinarri teorikoak ezarri, euskarazko lehen eskola-liburuak eginarazi… Emakumea aintzat hartu eta 200 emakume erakarri zituzten.

Aldi berean, alderdien gaineko izaera zuen Autonomia Batzorde batek euskal historiaren lehen proiektu autonomikoa aurkeztu zuen 1931ko maiatzean, Lizarrako Estatutua izenez ezaguna dena.

Ia lau mila bazkide zituen 1936an, euskal kulturaren alde inoiz elkartu den talderik handiena.

Gerra Zibilak eten zuen hura guztia.

Egoitza Donostian izateaz gain, hainbat donostiar ospetsu ere izan ziren Eusko Ikaskuntzako kide 1918-1936 tartean: Fausto Arocena, Aita Donostia, Adrian de Loyarte, Juan Olazabal, Benigno Oreja, Francisco Urcola Lazcanotegui, Jesus Maria Leizaola eta beste hainbat. Bereziki aipatu nahi ditut Migel Muñoa, 1914an Donostian eskolaurretik lehen hezkuntzara arte euskaraz soilik irakasten zuen lehen eskola sortu zuena. Eta Elbira Zipitria, gerra ondoko ikastolaren hazia sortu zuena 1940ko hamarkadan zehar.

Eta nola ez gogoan izan 1931ko udan egindako Elebitasunaren Kongresua, Xabier Lizardi olerkaria buru izan zuena, Donostian irakaskuntza publiko eta pribatuko ehunka irakasle bildu zituena.

Gerra ondoren Iparraldean antolatu ziren kongresuei esker jarraitu zuten hasierako helburuak betetzeko ahaleginean. Horri esker lortu zen Iparraldeko kide gehiago biltzea.

1976tik aurrera hasi zen berriro Hegoaldeko jarduna, indarberritzea. Miramar Jauregia egoitza harturik, donostiar kide ezagun asko Eusko Ikaskuntzaren bigarren aroan ere: Jesus Mª Alkain, Iñaki Barriola, Carlos Blasco Imaz, Juan Pablo Fusi, José Antonio Garmendia Elosegi, Slvaro Navajas Laporte, Imanol Olaizola, Miguel Pelay Orozco, Vicente Zaragueta, Agustín Zumalabe…

Ehun urte igaro ondoren, euskal lurralde guztietan hedatuta dagoen diziplinarteko erakunde bakarra da.

Baina orain, sortu zenean ez bezalako gizartean egin behar ditu ekarpenak: Eusko Jaurlaritzaz eta Nafarroako Gobernuaz gain, Euskal Elkargoa ere sortu da Iparraldean. Unibertsitate publiko eta pribatuak ditugu. Irakaskuntza elebiduna errotua dago hasi haurreskolatik eta unibertsitateraino. Ekosistema horretan zer leku duten gogoeta eginik, guztiok ikusi dugu horren emaitza mendeurren honetan zehar: gaur, 1918an bezala, gizarte-erronka estrategikoen azterketa eta hausnarketa bultzatu, erantzun berritzaileak ematen saiatu. Horren lekuko da Geroa Elkar-Ekin lemapean amaitu berri den XVII. Kongresua, lurraldez lurralde osatu dena.

Gaurko Euskal Herria ulertzeko ekarpen berebizikoa egin du Eusko Ikaskuntzak. Donostia hasieratik izan da bazkide, eta hainbat donostiar izan ditu bidelagun. Argi dago, beraz, zergatik erabaki duen Donostiako Udalak urrezko domina ematea Eusko Ikaskuntzari: mende osoan zehar euskal kultura garatzeko egindako lana aitortu, estimatu eta eskertzeko modua baino ez da. Eskerrik asko! Eta zorionak!