Garraio publiko eta iraunkorrari bultzada emango diogu

Spread the love

Iñigo Urkullu lehendakariarekin igaro dugu arratsaldea Eider eta biok Easoko tren geltokian eta inguruan, Donostian eta Gipuzkoan egiten dugun garraio jasangarriaren aldeko apustua berresten. Eta apustu hori benetakoa izateko trena da indartu beharreko garraioa. Izan ere, hiritik trafikoa gutxitzeko alternatibarik onena da. Horregatik, Lehendakariaren laguntzaz gaurkoan Topoaren eta Abiadura Handiko Trenaren aldeko apustua berretsi dugu.

Argi dugu, Topoaren igarobidea, Abiadura Handiaren iritsiera, autobus elektriko eta garbien hedatzea eta bizikleta publikoaren sistema indartzea dira gaur egun eraikitzen ari garen hiri konektatuaren zutabeak. Eskema berri horrek donostiarron eta bisitatzen gaituztenen mugitzeko modua aldatuko du eta hirigunean espazio zabalak eraldatzea ahalbidetuko du, oinezkoentzako eremuak irabazi ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren eskutik hiria egiten ari den apustuetan trenbide bidezko hiri garraioa indartu behar da, Topoaren igarobidearen obrarekin. Horri esker, Irun eta Zumaia lotuko dira, tartean Donostiaik igarota. Azpiegitura horrekin batera, Loiolako Erriberako aldageltokiak Topoa eta Renferen Irun-Brinkola zerbitzuaren prestazioak biderkatuko ditu, bi zerbitzuak elkarrekin konektatuz eta bi lineak moldakorragoak eginez. Azkenik, Abiadura Handiko Trena hirira iristeak triangelu hori itxi egingo du eta tren bidezko garraioa funtsezko pieza bihurtuko da Donostiarako eta Donostiatik egindako mugikortasunerako.

Helburu horretan aurrera egiteko, mugikortasuna berrantolatzea ezinbestekoa da. Oinezkoek izan behar dute hiriaren protagonistak, garraio publiko jasangarriago eta garbiago batekin. Horri esker, hiritarrei euren eguneroko bizitzarako eta gozamenerako espazio osasungarri eta seguruak itzultzeko aukera izango dugu.

Era berean, Topoa zabaltzeak donostiarrentzako lur gaineko espazioak berreskuratzea ahalbidetuko du, modu berezian Easoko trenbidean sortuko diren 21.000m2. Bertan, Arabako parkea zabaltzeko lan egingo dugu, hiriaren erdiguneko biriketako bat zabalduz, eta etxebizitzaren garapena eta Kontserbatorio berriaren kokapen posiblea bultzatuko ditugu.

Anoeta eta Errondo pasealekuaren artean Topoaren trenbidearen lurperatzea lortzeko konpromisoa hartuko dugu; baita Anoetatik Loiolako Erriberako aldagailuaren artean trenbidearen soinu-inpaktua minimizatuko duten hesi akustikoak ezartzeko ere. Horrela, Amarak espazio atseginagoak izango ditu.

Tren bakoitzak 400 pertsona eraman ditzake, hau da, 5 autobus edo 100 auto pribatu adina, horrek kutsaduran duen eragin guztiarekin. Gainera, gainazal azpiko garraioa izateak fidagarritasun handiagoa ematen dio, ez baitago baldintzatuta hiriko bizitzaren funtsezko uneetan bestelako jarduerek sor ditzaketen trabetara.

Hori guztia, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren eskutik lortuko dugu. Elkarlanean etorkizuneko mugikortasunari,  hain zuzen ere, garraio publiko eta iraunkorrari bultzada berri bat emango diogu.