Gazteen konpromisoa eta ekarpenak funtsezkoak hiriak aurrera egiten jarrai dezan
Hainbat gaztek antolatutako topaketan parte hartzeko aukera izan dut gaur. Eta bertan, Donostiak dituen erronkei buruz luze eta zabal hitz egin dugu.
Gazte donostiarrek funtsezko papera dute hiriaren etorkizuna definitzeko eta eraikitzeko. Konpromiso handiko hiritarrak dira, eta harro egoteko modukoa da ikustea nolako inplikazioa eta konpromisoa duten kirola, ekonomiaren sustapena, ingurumena, hezkuntza edo hiriko ohiturak bultzatzeko eta mantentzeko lan egiten duten elkarte zein taldetan.
Hiriaren etorkizuna eraikitzeko gazteen konpromisoa giltzarria izango da, eraiki nahi dugun hiria arrakastatsua izan dadin. Izan ere, euren sormena, gogo handia eta konpromisoa funtsezkoak dira hiri jasangarriago, oparoago eta inklusiboagoa lortzeko.
Mugimendu politiko berriei buruzko kezkak azaldu dizkidate, hots, populismoa, ideologia zeinahi den ere, erabiltzen duten alderdiei buruzko kezkak. Argi daukat Donostiak eta donostiarrok ditugun erronkei ezin diegula helu gehiegikeria erabilita, pentsatu gabeko erantzun azkarrak emanez. Aurrean ditugun erronkek oinarri sendoak dituzten erantzun kolektiboak eskatzen dituzte.
Hurrengo urteak funtsezkoak izango dira hiriak aurrera egiteko, eta beste behin ere, etorkizuneko Donostia eraikitzeko giltzarri izango da hiritar guztien inplikazioa, eta bereziki, gazteena. Eta horretarako hurrengo urteetarako Plan Orokor berriaren onarpenari esker, gazteek hirian euren bizitza proiektua garatzeko duten beharrari erantzungo zaio.
Eskerrik asko gaurko topaketara gonbidatzeagatik. Plazerra izan da zuek entzutea. Eskerrik asko zuen kezka eta zalantzak partekatzeagatik. Zuen konpromisoa eta ekarpenak garrantzi handikoak dira Donostia bizitzeko, elkar bizitzeko, lan egiteko eta disfrutatzeko Europako aukeren hiriburu izan dadin.