Gora Errepublika?!
Ekainaren 2an Juan Carlos erregeak abdikatzeko asmoa zuela plazaratu zuenetik, errepublika eta monarkiaren arteko eztabaida bilakatu da antza elkarrizketa eta eztabaida gai nagusia Espainian. Hori ikusita, burura datorkidan lehen galdera honakoa da: Batzuk ez al dira konturatu azken 36 urte hauetan Espainia monarkia parlamentarioa izan dela? Egia esan, harrigarria da lokartuta zeuden joerak nola astintzen diren ikustea. Oso lokartua zeuden behintzat orain Diputatuen Kongresuan Alderdi Sozialistaren erabakien kontra jarduten duen Diputatu donostiarraren joerak. Donostiako alkate izandakoak ez zuen arazo handiegirik izan 20 urtetan erregearen erretratua gure Pleno Aretoko buruan edukitzeko. 20 urte asko dira hura han zegoela ez ikustekoa.
Bildu etorri behar izan zen ditxosozko koadro hori kentzera. Ez daukagu argi ordea zergatik kendu ote zuen, gerora Udaletxearen balkoian espainiako bandera errepublikarra jartzeko halako joera adierazi izan baitu. Bilduk, abdikazioaren berri izan bezain laster egindako keinuekin erabat bat datorren joera. Batzuk ez zuten inolako erreparorik izan Estatuak izan beharreko gobernu formari buruzko eztabaidan buru-belarri sartzeko. Egunetik gauera, inposatua omen den Hegoaldeko Euskal Lurraldeen errealitate administratiboa ez onartzetik, Espainiarentzat egokiena den gobernu erregimenaren eztabaidan sutsuki parte hartzera. Ene bada! Eskerrak azken unean ideologoren/komisarioren batek agindua eman duela, errepublika izenari “euskal” abizena jartzeko agindua. Ordurako ikusi dugu ikusi beharrekoa ordea.
Laster Felipe VI. etorriko da, gero baliteke Leonor izatea. Eta espainolek nahi izan ezkero, baita errepublika ere. Erabaki nahi badute egin dezatela. Ongi deritzot, baina benetan, nik ez daukat horri buruz erabakitzeko interes berezirik. Nahiago dut nire Herriaren, Euskadiren inguruan erabakitzea, bakean, askatasunean eta berdinetik berdinera. Hori adierazi zuen aurreko igandean Durangotik Iruñara milaka euskaldunek osatu genuen kateak. Ikusiko dugu orduan, beraien erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duten errepublikarren gurearekin zer egiten duten. Ea errespetatzeko gai diren. Edo honetaz hitz egiteko beste norbaitek abdikatu behar izango ote du?