Gune estali berriak, zerbitzuen modernizazioa eta Intxaurrondora sarrera eta irteera berria

Spread the love

Donostiako alkategai Eneko Goiaren hautagaitzaren kideek Intxaurrondoko auzotarren proposamenak eta iradokizunak jaso dituzte Sagastieder plazan. Donostiako EAJ-PNVren hautagaitza-zerrendako kide Nekane Arzallusek azpimarratu du, Intxaurrondo auzo zabala eta anitza dela, gizarte zerbitzu ugari dituela, eta auzotarrekin elkarlanean aurre egin behar diegun beharrak dituen auzoa dela.

 

Horiek horrela, gune estali berriak sortzearen alde egin du, egun auzoari bizitza handia ematen dioten jarduerak eguraldi txarra egiten duenean ere egin ahal izateko. Hortaz, aditzera eman du, Donostia Kirola Zarategi pasealekuan petankan aritzeko gunea estaltzeko proiektua egiten ari dela. Izan ere, gune hori intxaurrondotarren elkargunea da. Eta era berean, gogorarazi du udan Intxaurrondo Ikastolako patioa estaltzeko lanak egingo direla, eta gunea eskola ordutik kanpo erabilgarri egongo dela.

 

Marrutxipiko lotunea eta irisgarritasuna

 

Era berean EAJ-PNVren hautagaiak pozik agertu dira Donostiako saihesbidetik auzoko sarrera eta irteera hobetzeko emandako irtenbidea dela-eta Marrutxipiko lotunearen bidez. Izan ere, lotuneak auzotarrek eskatutakoari erantzuten die, saihesbidearen bi norabideekin egingo da, eta ez die eraginik sortuko Etzieta eta Castelao parkeei.

 

Horren harian, egungo Mugikortasun zinegotzi eta jeltzaleen hautagaitzako kide Pilar Aranak honakoa esan du: “Egun auzora sartzeko Garberako biribilgunea erabili behar da, eta bertan trafiko handia egoten da. Beraz, lotune berriari esker trafikoa arinduko da. Gainera, Intxaurrondoko beheko aldeko auzotarrek azkarrago sartu eta irten ahal izando dute.

 

Gainera, Aranak nabarmendu du, auzoaren irisgarritasuna hobetzea dela hurrengo legealdirako Udalak izango duen erronketako bat. Eta helburua da Intxaurrondo Zaharra, Ipar Intxaurrondo eta Hego Intxaurrondoren arteko kohesioa hobetzea. Horrenbestez, adierazi du, mugikortasun bertikalaren zuzendaritza planaren bitartez Udala lanean ari dela irisgarritasuna segidako lekuetan hobetzeko: Zubiaurre pasealekua, Luistarrak eta Zarategi pasealekuaren artean; eta Zubiaurre pasealekua eta Mons pasealekuaren artean Irurak Taldearen bidez.

 

Kultur Etxeak eta Intxaurralde Zahar Etxea

 

Halaber, Jon Insaustik, egun Kultura zinegotzia eta Eneko Goiaren hautagaitza-zerrendaren kide, esan du, lanean jarraituko dutela Intxaurrondoko bi Kultur Etxeetan ematen diren zerbitzuak modernizatzeko eta hobetzeko.

 

Alde batetik, Larrotxene Kultur Etxearentzat plana dutela esan du: “Larrotxene erreferente da, batez ere, ikusentzunezkoan. Kultur Etxeak hobekuntzak behar ditu eraikinaren barruan, baita bideo zerbitzuan ere. Azken hau, gainera, gazte askok erabiltzen dute euren proiektuak garatzeko”. Bestetik, Felix Gabilondo plazan dagoen Kultur Etxeari buruz, honakoa adierazi du: “Behin ikusita 2018ko udan irekitzeak emaitza ona eman zuela, 2019an ere udan irekitzeko asmoa dugu”.

 

Azkenik, hautagai jeltzaleek garrantzia eman diote adineko pertsonentzako zerbitzuak hobetzeari. 2017ko irailean Intxaurrondo Zaharreko Aitona-Amonen Etxeak egoitza berria estreinatu zuen. Egoitza hori auzotarren elkargunea da. Eta orain, Udala lanean ari da Intxaurralde Jubilatuen Elkarteak egoitza berria izan dezan. Egun Txara I-eko lokal batean daude, eta egoitza berria Zarategi pasealekuan egingo da, lokal handiago eta berri batean. Horretarako, Udalak 472.000 euroko aurrekontua du.