Hiritarren pertzepzio inkesta 2024: hirian bizitzeaz pozik eta hobetzeko tartea
Aurtengo maiatzetik uztailera bitartean herritarren pertzepzioari buruz egindako inkestaren emaitza ezagutu berri dugu. Inkesta horrek etengabe eboluzionatzen ari den hiri bizi baten argazkia uzten digu, duela zazpi urteko hiriaren antzekoa dena, baina beste lehentasun, larrialdi eta premia batzuk dituena.
Oro har, donostiarrak oso pozik gaude hemen bizitzearekin, baina, era berean, zenbait gai hobetzeko eskatzen diegu erakundeei, hala nola hiriaren zaintza edo osasun-arreta. Eta gure kezken artean bi daude: etxebizitza eskuratzea eta segurtasunik ezaren sentsazioa.
Inkestaren emaitzak irakurri eta sakon aztertu ondoren, kontuan hartzen ditugu herritarren pertzepzioak, eta esan dezaket, hain zuzen ere, gure ekintza- eta kudeaketa-lehentasunen artean daudela herritarrek finkatzen dituztenak.
- Etxebizitza:
Etxebizitza-parkeari bultzada bat eman nahi diogu, eta garapen asko ditugu bultzatzear. Loiolako kuartelek etxebizitzari ematen zaion irtenbidearen zati bat ematea dute helburu. Eta horrekin batera, beste garapen batzuk daude: Infernua, Igara, Illarra edo Lorategi Hiria. Horietako batzuetan hasi dira etxebizitza berriak eraikitzeko lanak, eta beste batzuetan aldiz, laster hasiko dira.
- Herritarren segurtasuna:
Segurtasunarekin kezkatuta eta lanpetuta gaude: duela hilabete batzuetatik, Ertzaintzarekiko koordinazioa eta kaleetan egiten den zaintza-lana areagotu ditugu, eta era berean, epaileei eskatu diegu gaiari heltzeko.
Donostia hiri segurua da, baina are seguruagoa izan behar du. Jendeak seguru sentitu behar du, eta hori da gure egitekoa.
Bestalde, donostiarrok gai askori buruzko balorazio positiboa dugu, besteak beste segidakoak: uraren kalitatea, garraio publikoa, bidegorrien sarea, hezkuntza-sarea, kultura-espazioak eta kirol-ekipamenduak, ongizaterako eta gizarte-laguntzarako zerbitzuak, baita espazio publikoak (merkatuak, plazak edo oinezkoentzako eremuak) ere.
Item horiek guztiek % 80tik gorako gogobetetze-maila dute, baina batez besteko horren azpitik bi gauza daude: hiriaren zaintza eta kontserbazioa eta osasun- eta ospitale-laguntza.
Udalaren helburua da donostiarren bizi-kalitatea hobetzea, beraz, okerrera egin duten gaiak hobetzeko lan egiten jarraituko du.
Hobetzeko tartea dugu, eta gure ahalegina da hobetzeko dauden gai horietan sakontzea hiritarren pertzepzioa hobeagoa izateko.