Igeldo Tokiko Entitate Txikia: ilusioa sortzen duen bide berria
Gaurko udalbatzarran erabaki oso garrantzitsua hartu dugu: Igeldon Tokiko Entitate Txikia sortzeko erabakia. Eta erabaki hori Igeldoko errealitetak historian zehar gure hiriarekin izandako harremanarekin kokatu nahiko nuke. Izan ere, oso atzetik dator.
Hiriko auzo askok izaera berezia dute, baina Igeldokoa ukaezina da, eta historiari erreparatzen badiogu, ikusi besterik ez dago XIX.mendean, lau urtez besterik ez bada, Udalerri izatera iritsi zela. Ondoren, berriro Donostiako Udalerrian txertatu zen, eta horrela jarraitu du orain arte.
Gertuago etorrita, 2003.urtean izaera berezi horri erantzuteko asmoz, Udalak beste saiakera bat egin zuen Entitate Txikia sortzeko, baina Udalak hala erabakita, bertan behera utzi zuen.
Guztiok dugu gogoan 2011-2015 legealdian gertatutakoa, independentzia aldarrikapena barne. Auzi hori guztia epaitegietan amaituta, gure asmoa eta proposamena izan zen errealitate horri erantzuteko Entitate Txikiaren figura lantzea. Eta bihotzez eskertu nahi dut Igeldoko Herri Kontseiluak berak formula hori lantzeko hasieratik adeirazi zuen prestutasuna. Horrek martxan jarri gintuen luzea eta zaila izan den lan batetan.
Lan handia eginda eta erronka handia aurretik
2019-2023 legealdi osoa horretan lanean jardun genuen. Egia da Pandemiak ez zuela lagundu, baina azkenean argia ikusi du lan handia eskatu duen prozesu luze eta neketsu honek. Horregatik, gaur, Igeldoko Entitate Txikia sortzeko erabakia hartuta, eskertu nahi dut Herri Kontseiluak eta udal langileek egindako lana. Ordu asko sartu dituzte erabaki garrantzitsu hau har dezagun. Eta gainera, adostasun maila oso altua lortu dute, lan ona egin delaren seinale.
Hartu dugun erabakia, erronka handia suposatzen du guztiontzat. Hau hasi besterik ez da egin, eta erabakia errealitatean txertatzea tokatuko zaigu. Udalan gauza asko aldatu beharko ditugu eta lan handia egin beharko dugu, izan ere, ez gaude ohituta horrelako figura batekin elkarbitzitzen, baina ikasiko dugu. Nire prestutasun osoa adierazi nahi dut lan horri ekiteko, eta Igeldoko auzoak kontsulta bidez onartzen badu, hurrengo urteetan Entitate Txiki hori errealitate bilakatzeko bideari ekiteko.
Ilusioa eta herri-kontsulta
Ilusioa eragin beharko lukeen erabakia da gaur hartu duguna. Bide berri baten aurrean gaude. Espero dezagun bide berri honek gure hirian adierazten duen errealitate horri, Igeldoko errealitateari, erantzutea.
Udalbatzar honetan ere, igeldoarrei kontsulta egiteko prozedura onartu dugu. Eta horren arabera, apirilaren 14ean egingo da kontsulta. Bertan, 16 urtetik gorako igeldoarrek iritzia emateko aukera izango dute. Ez da loteslea izango, baina pisu handia izango du emaitzak. Horregatik, parte hartzera animatu nahi ditut igeldoar guztiak.
Jarrai dezagun elkarrekin bidea egiten.