Kultura udan: Osasunez gozatu!
Hiriko udako kultur jarduerein buruz luze eta zabal hitz egiteko aukera izan dugu gaur goizean hiriko kultura eragile esanguratsuenekin egin dugun lan-bileran. Urtea zaila izaten ari da, eta beraz, eskerrak emateko unea ere bada: alde batetik, eragile guztiei egindako lanagatik, eta bestetik, publikoari egindako kultura eskaintzari hain ondo erantzuteagatik.
Osasun-larrialdi honetan hirion erresilentziari buruz asko hitz egin da. Eta uste dut esan dezakegula Donostia ederki baino hobeto aurre egiten ari zaiola egoerari. Ziur naiz hiria indartua aterako dela egoera honetatik, eta balioak, elkartasuna eta enpatia duen hiri bezela ikusiko gaituztela. Hortaz, uste dut hiriaren erresilentzia-dibidendua garrantzitsua izango dela.
Iaz, gaurko egunez, Victoria Eugenia Antzokia berriro zabaldu genuen osasun-langileei eskainitako gala batekin. Egun, tunelaren amaiera ikusten ari gara, baina ezin dugu erlaxatu eta, beraz, iaz kultura agertokiak zabaldu genituenean eman genuen mezu bera errepikatzeko unea da: kultura osasunez goza dezagun.
Donostia kultura hiria da, eta uda honetarako kultura eskaintza zabala prestatu dugu, betiere, egoerari egokituta. Izan ere, ezin dugu ahaztu kulturak aberastasuna sortzen duela, bai ekonomikoa, baita ezagutza eta aberastasun emozionala ere.
Hori dela eta, lau ardatza landu ditugu:
1- Zuhurtzia: hortik Osasunez gozatu goiburua.
2-Dinamismoa: egoerari egokitutako plangintza ezberdinak prest ditugu.
3- Hiria inoiz baino gehiago kultura agertoki batean bilakatuko da, hain zuzen ere, hiriko leku eta paisai guztiekin jokatzen duen agertokian.
4- Denboraldiko eta gertuko eskaintza, baina beti, munduari irekitako eskaintza.
Uste dut pasa duguna eta bizi duguna ikusita, donostiarrok uda berezia merezi dugula, kultura jarduera aberats eta anitzez beteta, guztiok goza dezagun, eta era beran, bisitatuko gaituztenek gure nortasuna errespetatuz ere goza dezaten.
Donostiak udako kultur denboraldia ireki du eskaintza aberats, oparo, anitza eta irisgarriarekin, hau da, publiko guztiontzako eskaintzarekin. Eta eskaintza hori dinamikoa izango da, hurrengo hilabeteetako osasun-egoerara egokituta egongo delako.
Eskaintza gaindiezina, osatua eta anitza izango da, hain zuzen ere, modu askotan eta leku askotan gozatu ahal izango den eskaintza. Eta era berean, kultura sektorearen eta zerbitzu-osagarrien jarduera bizirik mantentzen lagunduko du.
Beraz, une zail batean Donostiak kultur jarduera mantentzearen alde egiten du, hain gaizki pasatzen ari den sektoreari laguntzeko. Eta sektore horri egin diezaiokegun ekarpenik onena programatzea da.
Uda honetan, kultura osasunez gozatu!