Lehendakariaren bisita Arzak bere saltsan erakusketara
Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera Arzak, bere saltsan erakusketa bisitatu dugu San Telmo Museoan. Erakusketak Donostiako sukaldari ospetsuaren ibilbidearen errepasoa egiten du, Euskal Sukaldaritza Berriaren aita izan den Juan Mari Arzak-en ibilbidea, hain zuzen ere.
Gurekin batera Elena Arzak izan da. Juan Mari Arzaken alabak erakusketaren edukia eta Mirakruz gainean familiak duen jatetxearen historia azaldu dizkigu. Erakusketa honekin Arzaki berari omenaldia egiten zaio eta, era berean, hiriak berarekin duen zorra kitatzen du, bere lan eta izenak hiri hau munduko gastronomiaren mapan jarri dutelako.
Lehendakariak Juan Mari Arzakek euskal sukaldaritzari eta Euskadik munduan duen irudiari egindako lana eta ekarpena goraipatu ditu. Urkulluren esanetan, erakusketa mundu mailako ospea duen sukaldari baten lana aitortzeko modua da.