Loiolako kuartelak: Lortu dugu!

Spread the love

Gaur bai, esan dezakegu urrats historiko bat eman dugula, hiriaren etorkizuna marraztu ahal izateko. Eguerditik aurrera, egun Loiolako kuartelak dauden lurrak hiriaren jabetzakoak dira. Orain bai, esan dezakegu lortu dugula!

Askotan esan ohi dugu, gertaera garrantzitsuak daudenean, hiriaren historia markatzen duten mugarriak bizitzen ditugula, eta, batzuetan, gauza horiek gehiegi esaten ditugula. Baina oraingo honetan, Loiolako Kuartelak sinatuta eta eskuratuta, hiriaren etorikizuna markatuko duen mugarri baten aurrean gaudeda sinesten dut. Eta etorkizun hori irekiagoa, irisgarriagoa, hobeto konektatua eta zerbitzu berriak eskaintzen duen etorkizuna da.

Atzera pixka bat begiratzen badugu eta XIX. eta XX. mendeei begiratzen badiegu, ikusiko dugu horrelako erabaki eta mugarri garrantzitsuak direla gaur egun ezagutzen dugun hiria osatu dutenak. Urgull mendiaren edo gaur egun hiriaren parte den San Telmo Museoa  erosi izana edo hiriaren zabalgunea eragin zuten harresien eraistea, Donostiako historiaren mugarriak dira. Horiei esker, hiria orain den bezalakoa da.

Kuartelak eskuratzea beste mugarri bat da, gure seme-alabek ezagutzen duten hiria, zalantzarik gabe, etorkizuneko Donostia izan dadin. Gaur atzerako kontaketa bat hasiko da eremu berriaren garapenarekin hasi ahal izateko. Eremu horrek garapen urbanistiko garrantzitsuenetako bat izango du, eta, horri esker, donostiarrentzat zuzendutako 1.700 etxebizitza babestu berri eraiki ahal izango ditugu.

Datozen lau urteetan, orain bertan bizi diren militarrak bertatik aterako dira, eta une horretan hasiko dira garapen berria gauzatzeko lanak. Hirirako eremu itxi bat izatetik eremu ireki bat izatera pasako da, hain zuzen ere, irisgarriagoa eta orain gertu egon arren oso urrun daudela diruditen auzoak lotzeko aukera emango duen eremu irekia.

Gaurkoa urte askotan zehar jende askok eta korporazio askok bilatutako albiste bikaina da. Hiriaren lorpen kolektiboa da, korporazio osoarena. Eta ez dut aukera hau galdu nahi hainbat hamarkadatan egindako lan guztia eskertzeko, baita azken aro honetan Udaleko zinegotziek eta langileek egindako ahalegina eskertzeko ere, euren kudeaketa bikainari esker Loiolako Kuartelen Donostiarentzat berreskuratu dugulako.

Zorionak Donostia!