
San Bartolome: beharrezko erabakia
Ez da erraza izan, baina uste dut San Bartolome Muinoa sozietatearen kontseiluari merkataritza-gunea eta aparkalekua egiteko kontratua eteteko proposamena egiteko erabakia hartzea beharrezkoa dela. Horrenbestez, ibilbide berri bati hasiera eman diogu, hain zuzen ere, ondorioak izango dituen eta beste hainbat erabaki hartzera eramango gaituen ibilibdea.
Historia pixka bat
Baina egin dezagun historia pixka bat. San Bartolome eremuaren birrantolaketaren gaineko hainbat epairen ondoren, 2008an San Bartolome Muinoa sozietatea eratzeko erabakia hartu zen eremu horretan jabetzak zituzten pertsona eta erakundek parte-hartzearekin. Horien artean Odon Elorzaren aginteko Udala zegoen, %37ko partaidetzarekin. Sozietate horretan asmo handiko proposamena egin zen: 174 etxebizitza eta local eraistea, Polizia Nazionalaren kuartela kentzea eta Compañía de Mariarentzat eraikin berria egitea.
Operazio horrek sozietatea hainbat erabaki hartzera behartzen zuen, betiere, kontuak atera zitezen. Eta sozietateak operazioari heldu ahal izango zion, baldin eta egiten ziren etxebizitza libre berriak 9.000 euro metro karratuko prezioan saltzen baziren, eta 100 milioi euroko mailekua hartzen bazen.
Inork ez zuen espero, ordea, 2008an munduko ekonomia kolokan jarri zuen krisi-egoera. Krisialdiak proiektuarentzat kolpe latza suposatu zuen. Izan ere, proiektuaren egikaritzea hasita zegoen eta hainbat familia etxetik kanpo zeuden eraisteak hasita baitzeuden. Krisi hau hurrengo udal gobernuak kudeatu behar izan zuen, hain zuzen ere, Juan Karlos Izagirreren aginteko udal gobernuak.
Egoera zailari irtenbideak
Sozietatea porrot egiteko arriskuan zegoen, izan ere, etxebizitzen salmenta geldi zegoen eta saltzen zirenak 5.000 euro metro karratuko saltzen ari baitziren (aurreikusitako 9.000 euro metro karratuko preziotik oso urriti). Horrek, egoerari aurre egiteko planteamendua egiteko beharra ekarri zuen, eta planteamenduan kontuak orekatu ahal izateko hiru elementu sartu ziren:
- San Bartolomeren komentu zaharran hotela egitea.
- Easo eta Estella-Lizarra kale kantoian zegoen Bainu-Etxe zaharran etxebizitza-eraikina egitea.
- Muinoaren magalean merkataritza-gunea eta aparkalekua (egoiliarrentzat zein rotaziorako) egitea.
Erabaki hau 2014an hartu zen eta udal talde politikoetako bozeramaileok egoera ulertu genuen, udal gobernuari babesa helarazi genion eta Plan Orokorrak behar zuen aldaketa aho batez onartu genuen.
Azken urteetan, zuzendu dudan udal gobernuak ardura izan du erabaki hori aurrera eramateko. Egun, aipatutako hiru elementu horietatik bi eginda daude, eta merkataritza-gunea eta aparkalekua zen egiteke zegoen bakarra.
Erabakia
2014.urtean genituen egoera, balorazioak eta iritziak gaur oso bestelakoak dira. Azken hilabeteetan pertsona eta elkarte askorekin hitz egiteko aukera izan dut; aldeko zein kontrako iritzi asko entzun ditut, eta uste dut egun merkataritza-gunea edo rotazio parkina egiteko dagoen baloraioa oso bestelakoa dela, eta are gehiago, erdialdean sartzen diren ibilgailu pribatuen kopurua gutxitzeko hartzen ari garen erabakien kontra egiten duela.
Gainera, merkataritza-gunea eraikitzeko lanak auzotarrengan eragin zuzena izan behar zuen, eta dagoeneko eragin handiak izan dituzte Topoa bezalako proiektu garrantzitsuaren lanak direla eta. Hortaz, horrek guztiak eraman gaitu erabakia hartzera, hain zuzen ere, San Bartolome Muinoaren kontseiluari merkataritza-gunea eta aparkalekua eraikitzeko kontratua eteteko eskatzeko erabakia.
Orain, hausrnarketarako prozesua irekiko da, muinoaren magalarekin zer egin erabakitzeko. Izan ere, uste dut ezin duela dagoen egoeran gelditu. Eremuari irtenbide egokia eman behar zaio proiektu egoki batekin, eta hor guztion ekarpenak ezinbestekoak izango dira. Donostiak aurrera egiten duelako elkar hitz egiten, entzuten eta adosten dugunean.
Jarrai dezagun guztion artean Donostia elkar-bizitzeko, lan egiteko eta disfrutatzeko munduko hiri onena egiten.