San Sebastian 2022: itxaropena izateko eguna

Spread the love

San Sebastian bezpera egun handia izaten da donostiar guztiontzat. Aurten, betiko lekuan eta betiko moduan ez bada ere,  Victoria Eugenia Antzokian Urrezko Danborra eta Merezimendu Dominak eman ditugu.

Ekitaldia ospatu izanda ba da azken bolada hontan azpimarratu daitekeen gertakaria. Denok  gogoratzen dugu pasa den urtean ezin izan genuela ospatu, indarrean zeuden neurriak direla-eta.

Uste dut guztiok bat etorriko gerala  iazko San Sebastian Eguna tristea izan zela esaterakoan.

Oso urte gogorra igarotzetik gentozen eta gainera ezin izan genituen Dominik eta Urrezko Danborrik eman, ez ekitaldirik egin , ezta Konstituzio plazan banderaren igotzeaz  eta jeisteaz gozatu ere…. Soziedadetan ez zen afaririk izan, eta, garrantzitsuena: hiriak ezin izan zuen Danbor hotsik entzun.

Isiltasunak festa baztertu zuen; jendez lepo egon ohi diren kaleak, hutsik ikusi genituen. Alaitasuna tristura bilakatu zen.

Batzuetan badirudi guk bizitzen duguna dela historian gertatutako bakarra. Baina hori ez da horrela. Duela ehun urte, Espainiar gripea zeritzanaren garaian ere, antzeko egoeran zegoen gure hiria. Orduko pandemiak ere bizimodua erabat baldintzatu zuen. Eta seguruenik, ordungoek ere zalantzaz eta arduraz beterik ikusiko zuten  etorkizuna.

Orain, mende bat geroago, antzerako trantzean dago gure belaunaldia. Osasuna lehenetsi behar dugu bestelako nahi eta desioen gainetik. Hori egitea tokatzen zaigu, etorkizun hobe baten esperoan.

Baina gauzak horrela izanda ere, gauzak perspektibarekin begiratzen baditugu, konturatuko gara, aurten iaz baino hobeto gaudela.

Pasa den urtean ezin izan genuen ezer ospatu. Aurten, Festa erabatekoa ez bada ere, patroiaren egunaren bezperan, hiriarentzat garrantzitsua den egun hau, gure eguna dela adierazi dugu. Eta San Sebastian egunean, gure kaleetan berriz ere entzun ditugu Danbor hotsak eta Sarriegiren doinuak, umeen danborradak kalera irten direnean. Beraiek izan dira donostiar guzti-guztion ordezkaririk bikainenak.

Aurten haur danborradak izan dira gure itxaropenaren ikurra. Hiri osoaren itxaropenarena. Aurten iaz baino pixkat hobeto gaudela, eta hurrengo urtean hobeto egongo garela pentsarazten digun itxaropena.

Zalitasun uneak gainditu egiten dira. Hala egin izan dugu beti. Eta horrela egingo dugu orain ere.

San Sebastian eguna, nahi baino lehenago izango da donostiar guztiok guztiz disfrutatu nahi dugun San Sebastian eguna. Osagai guztiekin, hau da, danborradak kaleak betez, eta jendea alaitasunez eguna bizitzen, beti egin izan dugun moduan.

Egun hori iritsiko da. Espero dut hurrengo urtean izatea. Eta orain bizitzen ari garen egoera gure memorian gelditzea bizipen moduan.

Urrezko Danborra

Urrezko Danborrari buruz hitz egin baino lehen, aukeraz baliatu nahi dut duela egun batzuk utzi gintuen Tomas Hernandez Mendizabal artista donostiarra omentzeko. Langile nekaezina eta Urrezko Danborrarekin lotura oso estua izan du. Duela bi urte utzi zion danborra egiteari, eta Iñigo Aristegik hartu dio lekukoa. Goian bego Tomas.

Guztiok nahi genuen egun garrantzitsu horretan Urrezko Danborraren protagonista Esther Ferreren partaidetzaz gozatzeko aukera izatea. Baina osasun egoeraren ondorioz ezin izan du Donostian egon.

Esther artista handia da, ibilbide luzearekin. Eta pena handia sentitu dugu hemen etorri ez izanaz, bere hiriak, Donostiak, berataz harro dagoela erakusteko, izan ere, oztopo guztiak gaindituta, nazioarteko artean erreferente da.

Estherrek badu Urrezko Danborra etxean, bere palmaresa handituko duen danborra. Donostiak baditu izen handiak kultura eta artearen arloan, eta orain bere esker ona adierazi dio hiriko sortzaile berezi, probokatibo eta abangoardista bati.

Zorionak Esther.

Hiritar Merezimendu Dominak:

Eta zer esan gure aurtengo bost Dominen inguruan:

Añorga Kirol eta Kultur Elkartea, ehun urte Añorga auzoan eta auzotik lanean, hainbat alorretan, komunitatea egiten, Hiriari, auzoari zerbitzua eskainiz, apal baina harro, auzoa eta auzotarrak inplikatuz eta Añorgaren eta hiri guztiaren kirol eta kultur bizitza aberastuz.

Bidegin elkartea, bere buruaz beste egin dutenen gertukoek sufrimendua arintzen eta bidelagun izaten lan eskerga egin duen elkartea. Unerik zailenetan laguntza eskainiaz, alboan egoten, bidea egiten laguntzen.

Josemari Leclerc, ixiltasunean, baina lan handia eginda, hiriko historian murgildu da, eta bereziki, une latzenetako batean, hain zuzen ere, 1813ko setioan eta suntsitzean.

Kresala Zinekluba, Zinearen hirian aitzindari izan zen zinekluba, urteak eta urteak zinearen ametsak milaka zaletuei helaraziz eta gure hirian afizioa sortuz.

Eta Zurriola Antzerki Eskola, antzezleen harrobi, Grosetik hiri osora antzerkiaren majia zabalduz, euskarazko antzerkiaren majia, etorkizuneko kulturaren oinarri sendoak lantzen.

Guzti guztiei, zorionak, eta milesker egiten duzuen lanagatik. Pertsona askoren bizitzak hobetzen dituzue, eta horri esker, gure hiria hobeagoa da.

Jarraitu ezazue lanean. Lan ixilarekin, gauza ustez txikiekin ere jendearen bizitza hobetu eta alaitzen duzuelako.

Itxaropena

Azkenik, ilusio eta itxarpen mezua luzatu nahi dizuet. Haurrek euren danborrekin eman diguten itxaropen eta ilusioa

Sinistuta nago datorren urtean gure hiriko Festa nagusia, San Sebastian eguna, guztiok nahi dugun bezala ospatuko dugula:  guztiok elkarrekin, festa giroan eta danborra joaz.

Bitartean, zaindu gaitezen elkar, eta eutsi diezaiogun ilusioari eta umoreari.

Mila esker guztioi eta GORA DONOSTIA!