Donostiak 187.850 biztanle ditu

Donostiak 187.850 biztanleekin itxi zuen 2021.urtea. Hala diote demografia datuek. Bigarren urtez jarraian biztanlerian jaitsiera txikia izan dugu, eta ondorioz, 188.000 biztanletik jaitsi gara (2019an historian lehen aldiz gainditu genuen muga hori).

Datuak aztertuta honakoa ondorioztatu daiteke: biztanle-kopuruan jaitsierak bi fakotrek eregin dutela, alde batetik, 2020an COVID-19agatik izandako heriotza-tasaren handitzeak; eta bestetik, larrialdi egoera batek – osasun-larrialdia kasu honetan – eragin dezakeen mugikortasun eteteak.

Atzerritarren igoera

Azken urteetako joerari helduta, jaiotzez donostiarrak garenok zaharragoak gara, seme-alaba gutxiago ditugu, eta heriotzek eragindako galera ez dugu jaiotza berriekin konpentsatu. Hortaz, biztanle-kopuruaren jaitsiera txikiagoa izatea eragiten duena atzerritar kopuruaren igoera da.

2021aren amaieran atzerritar kopurua %1,7 igo zen, eta beraz, egun Donostiako biztanleen %8,7 atzerritarra da. Guztira, 16.277 atzerritar daude Donostian. Jatorri nagusienak Honduras, Nikaragua eta Moroko izaten jarraitzen dute, eta Kolonbiatik, Italiatik eta Venezuelatik etorritakoak dira gehien hazi direnak. Dena den, nahiz eta atzerritarren kopurua igo den, ez du konpentsatu eragin den biztanle-kopuruaren galera.

Hainbat indize

Hiriko adinak pixkanaka igotzen jarraitzen du eta alde handia dago jatorriz donostiarrak direnen eta atzerritarren arteko batez besteko adinaren artean. Hiriko batez besteko adina 46 urtekoa da (48 urte emakumeen kasuan eta 44 gizonezkoen kasuan), eta atzerritarrena bakarrik hartzen badugu 35 urtekoa da (35 emakumeen kasuan eta 34 gizonezkoen kasuan). 100urtetik gorako 125 pertsona daude, eta donostiar helduenak 110 urte ditu.

Zahartze indizieak ere gora egiten jarraitzen du, eta ondorioz, egun 65 urtetik gora 1,98 pertsona daude 15 urtetik beherako bakoitzeko. Eta jaiotza-tasa ere gero eta txikiagoa da eta datuak gordetzen direnetik historian izandako baxuena da (6,14).

Familia mota

Donostian 79.254 familia bizi gara. Eta gainerako datuen antzera, bizi diren familia motek gero eta pertsona gutxiagok osatzen dituzte. 2021ean batez beste 2,37 pertsona bizi ziren etxebizitza bakoitzean, eta gero eta pertsona gehiago bakarrik bizi da, guztira 24.114 pertsona bakarrik bizi da, hau da, familia guztien %32,1.

Datu guztiak ikusteko: www.donostia.eus

Altzak hainbeste merezi zuen kiroldegia

Altzako kiroldegia zabalik da. Apirilaren 20an ireki ditu ateak auzoak hainbeste desiratzen eta merezi zuen instalazioa. Kiroldegi berria estreinatzeko ibilbidea luzea izan da, baina emaitza ezinhobea da. Aurki ere kanpoko igerilekuak prest izango ditugu. Ondo bidean udaran estreinatu ahal izango ditugu.

Kiroldegi berriak puntako instalazioak ditu:

  • Bi igerileku, horietako bat waterpoloa praktikatzeko prestatuta
  • 400 metro karratuko gimnasioa, eremu funtzionala, kardiobaskularra, muskulazio gunea eta pisu libreko gunearekin.
  • Kirol anitzak praktikatzeko pista: saskibaloia, gimnasia-erritmikoa, areto futbola, eskubaloia, etabar.
  • Hiru jarduera areto, horietako bat ziklo indoor egiteko prestatuta.
  • Kirol klubentzako bulegoak eta bilera gela.

Irekieraren albiste ezinhobearekin batera, beste albiste on bat izan dugu azken asteetan. Izan ere, 2019an Eraikuntzaren Institutuan ireki genuen behin behineko udal gimnasioa irekita mantenduko da. Judo Clubarekin lortutako akordioari esker, arte martzialen bigarren gune bat izango dugu hirian, eta bertan matenduko den gimnasioan Kirol Txartelarekin sartu ahal izago da. Maiatzaren 2tik aurrera zabalik egongo da berriro behar diren egokitzapen lanak egin ondoren.

Erronka solidarioa

Ikeriera ospatzeko erronka solidarioa antolatu dugu, Ukraniako herriaren aldeko erronka. Apirilaren 21etik 23ra Altza eta Txernobyl arteko joan-etorria egin dugu ziklo-indooreko bizikletak erabiliz, 6.000 kilometro baino gehiago. Helburua izan da, Asociación Chernobil Elkarteari laguntzea, Ukraniako haurrekin egiten ari den lana eskertzea eta diru-bilketa egitea. Eta horretarako Donostiako Kirol klub ezberdinen laguntza ere izan dugu, baita egunero kiroldegia erabiliko duten ehunka erabiltzaileena ere. Eskerrik asko guztioi zuen elkartasunagatik.

Orain, kiroldegi berriaz disfrutatzeko unea iritsi da. Lehen egunak eta asteak egokitzeko izango dira seguru asko, baina ziur naiz Altzak lehen kiroldegiaren inguruan zuen auzo giro bikaina izango duela. Osasunez urratu!