Inbertsio-maila handiko eta zerbitzuak hobetuko dituen aurrekontua

Aurtengoa Donostiako Udalak historian izan duen aurrekonturik handiena izango da. %8,73 handiagoa izango da, ematen diren zerbitzuen kalitatea bermatzeko gastu arrunta handituko delako.

Aurtengoa Donostiako Udalak historian izan duen aurrekonturik handiena izango da. %8,73 handiagoa izango da, ematen diren zerbitzuen kalitatea bermatzeko gastu arrunta handituko delako.

Aurrekontu proiektuak 39,7 milioi euro aurreikusten ditu hirian babestutako etxebizitza gehiago egitea ahalbidetuko duten hainbat garapen egiteko. Besteak beste, Lorategi Hiria, Inpernua, Illarra edo Apostolutza errealitate bihurtzen hasiko dira 2023an. Eta horiekin batera, Loiolako Kuartelen salerosketa burutuko da urtean zehar. Bertan, etxebizitza garapen handia egin ahal izango da datozen urteetan.

Inbertsio-maila handiko aurrekontua izango da. 56,9 milioi euro bideratuko dira garatzen ari diren proiektuekin jarraitzeko zein proiektu berriei ekiteko. Eremu ezberdinetan hainbat hobekuntza egiten lagunduko duten inbertsioak.

Guztira 90 aurrekontu-sail daude 2023 aurrekontu-proiektuan inbertsioetara bideratuta. Besteak beste, 23,2 milioi euro zenbatzen dituzten hainbat aurrekontu-sail daude ingurumen arloan inbertsioak egiteko.

 

Aurrekontuak 1,5 milioi euro bideratuko ditu hiritarrek proposatutako hainbat proiektu garatzeko. Gainera, aurten 2024 eta 2025eko aurrekontuak ostatzeko partehartze prozesua martxan jarriko dugu hiritarrek proiektuak proposatu ditzaten.

Altzak hainbeste merezi zuen kiroldegia

Altzako kiroldegia zabalik da. Apirilaren 20an ireki ditu ateak auzoak hainbeste desiratzen eta merezi zuen instalazioa. Kiroldegi berria estreinatzeko ibilbidea luzea izan da, baina emaitza ezinhobea da. Aurki ere kanpoko igerilekuak prest izango ditugu. Ondo bidean udaran estreinatu ahal izango ditugu.

Kiroldegi berriak puntako instalazioak ditu:

  • Bi igerileku, horietako bat waterpoloa praktikatzeko prestatuta
  • 400 metro karratuko gimnasioa, eremu funtzionala, kardiobaskularra, muskulazio gunea eta pisu libreko gunearekin.
  • Kirol anitzak praktikatzeko pista: saskibaloia, gimnasia-erritmikoa, areto futbola, eskubaloia, etabar.
  • Hiru jarduera areto, horietako bat ziklo indoor egiteko prestatuta.
  • Kirol klubentzako bulegoak eta bilera gela.

Irekieraren albiste ezinhobearekin batera, beste albiste on bat izan dugu azken asteetan. Izan ere, 2019an Eraikuntzaren Institutuan ireki genuen behin behineko udal gimnasioa irekita mantenduko da. Judo Clubarekin lortutako akordioari esker, arte martzialen bigarren gune bat izango dugu hirian, eta bertan matenduko den gimnasioan Kirol Txartelarekin sartu ahal izago da. Maiatzaren 2tik aurrera zabalik egongo da berriro behar diren egokitzapen lanak egin ondoren.

Erronka solidarioa

Ikeriera ospatzeko erronka solidarioa antolatu dugu, Ukraniako herriaren aldeko erronka. Apirilaren 21etik 23ra Altza eta Txernobyl arteko joan-etorria egin dugu ziklo-indooreko bizikletak erabiliz, 6.000 kilometro baino gehiago. Helburua izan da, Asociación Chernobil Elkarteari laguntzea, Ukraniako haurrekin egiten ari den lana eskertzea eta diru-bilketa egitea. Eta horretarako Donostiako Kirol klub ezberdinen laguntza ere izan dugu, baita egunero kiroldegia erabiliko duten ehunka erabiltzaileena ere. Eskerrik asko guztioi zuen elkartasunagatik.

Orain, kiroldegi berriaz disfrutatzeko unea iritsi da. Lehen egunak eta asteak egokitzeko izango dira seguru asko, baina ziur naiz Altzak lehen kiroldegiaren inguruan zuen auzo giro bikaina izango duela. Osasunez urratu!

Osasun larrialdiaren aurreko egoerara itzultzeko bidea ezarriko duen aurrekontua

Donostiako Udalak 424,8 milioi euroko aurrekontua kudeatuko du 2022an, hain zuzen ere, iaz baino %6,21 handiagoa. Eta aurrekontu honek aurrekontuak COVID19aren osasun larrialdia atzean uzteko eta egoera normalizatura itzultzeko aurrera pausoak emateko aukera emango digu.

Zalantza handi bi urte bizi izan ditugu, eta denbora horretan COVID19aren osasun larrialdiak utzitako ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialei aurre egin behar izan diegu, betiere martxan zeuden hiri proiektuak albo batean utzi gabe. Orain lehengo egoerara itzultzeko bidea ezarriko duen aurrekontu proiektua egin dugu.

Gizarte sustapenerako eta babeserako aurrekontu-sailak handitu ditugu; donostiarrek jasotzen dituzten zerbitzuen kalitatea bermatzeko udal erakunde eta sozietateen aurrekontuak ezhoiko ekarpenekin osatu ditugu;  eta hiria garatzen lagunduko duten inbertsioentzako aurrekontu-sailak handitu ditugu, eta bertan Next Generation funtsetatik finantziazioa jaso dezaketen proiektuak ere kontuan hartu ditugu.

Une zailak pasa ditugu eta, zorionez, osasun larrialdiaren aurretiko egoerara itzultzeko aurrera pausoak ematen ari gara. Horregatik, uste dugu behar gehien dutenei laguntzen jarraitu behar dugula, gizarte kohesionatu bat izaten jarraitzeko.

Udalak inbertsioak egiteko 54,4 milioi euro izango ditu, hasitako proiektuak garatzen jarraitzeko, eta 2022an proiektu berriak martxan jartzeko. Eta, era berean, behar diren tresnak prest utzi ditugu, baldin eta Next Generation programatik funtsak iritsiko balira aurrekontuan sartu ahal izateko.

Aurrekontuak 100 aurrekontu-sail baino gehiago ditu inbertsioak egiteko. Eta horien artean, donostiarrok martxoan hasi eta ekainean amaitu zen prozesu partehartzailean bozkatutako hainbat proiektu garatuko dira.

Informazio gehiago: www.donostia.eus

2021eko aurrekontu-proiektua: Hiria suspertzeko aurrekontu zuhurra

 

COVID-19k sortutako pandemiak eragindako ziurgabetasunak ez digu aukera eman 2021eko aurrekontua urtea hasi aurretik onartzeko, 2015etik egin dugun bezala.

 

Pandemiak eragindako ondorio desberdinei aurre egiteko 2020ko aurrekontuari hainbat doikuntza egin behar izan genizkion. Horiei esker,  urtea modu orekatuan itxi ahal izan dugu. Aldi berean, aurrekontu zuhur bat egin ahal izan dugu 2021erako, eta horrek aukera emango digu doikuntzak eta egokitzapenak egiteko, baldin eta bizi dugun egoera  denboran luzatzen bada.

Baina aurrekontuaren ezaugarri nagusia bere handinahia eta malgutasuna da. Eta helburua da, hiria berraktibaziorako prestatzea. Eta horretarako, inbertsio-kapitulu oso indartsua dugu – nahiz eta, aurrekontua %8 txikiagoa izango den, diru-sarrerak murriztu direlako eta Udalak bere mendeko sozietateei ekarpena handiagoa egin beharko dielako -. Guztira 80 milioi euro inguru kudeatu ahal izango ditugu (2021eko 39 milioi eta 2020ko gerakinari dagokion 40 milioi), zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzen jarraitzeko.

Hiriak aktibo jarraitzen du, eta asko dira hiri gisa ditugun erronkak, hain zuzen ere, gauzatzen jarraituko ditugun erronkak. Baina horien artean garrantzitsuena, zalantzarik gabe, jarduera suspertzea da. Eta erronka horretan eragile aktiboa izango gara, eta ez dugu inor atzean utziko. Horiek horrela, aurrekontu-proiektuak % 4,9 handitzen ditu gastu sozialera bideratutako aurrekontu-sailak, 33,4 milioi eurora iritsi arte, eta era berean, Ekonomia Suspertzeko Plan berri bat jasotzen du, hiriaren muskulu ekonomikoa berreskuratzeko eta indartzeko, batez ere pandemiaren ondorioz krisia lehen pertsonan pairatzen ari diren sektoreei laguntzeko.

Horrela, 2021eko udal aurrekontua onartzeko prozesua abiatu da, eta martxoaren 31n amaituko da. Proposamenak egiteko, elkarbanatzeko eta negoziatzeko unea da. Horretarako, udal talde guztiei luzatzen diegu eskua. Ziurgabetasun handiko une zailak bizi ditugu, baina hitz egiteko prest gaude hiria hobetzen lagunduko duten proposamenak gehitzeko.

 

Informazio gehiago: 2021AurrekontuProiektua

Donostiak 1.036 milioi euroko eskaera egingo dio Europar Batasunari 78 proiektu egiteko

 

Covid-aren eraginez eta ondorioz sorturiko krisialdiari aurre egiteko, Europar Batasunak NEXT GENERATION programa martxan jarri du. Bertan, arlo jakin batzuetako egitasmoak bultzatu nahi dira. Horretarako, funtsak bideratuko dira, nahiz eta oraindik diru hori nola banatuko den argi ez dagoen. Hori bai, diru iturri hori ez da amaitezina izango, eta irizpide eta baldintza oso argi eta zorrotz batzuekin banatuko dira.

 

Ekonomiaren arlo zehatz eta jakinetan jarri du fokoa Europar Batasunak: transizio enerjetikoa, teknolojikoa, dijitala, ekolojikoa, mugikortasuna eta hirigintza azpiegiturak. Eta euskal erakundeek egitasmo horiek prestatzeko konpromisoa hartu dugu.

 

Donostian ere etxekolanak egin ditugu eta txosten  mardul bat prestatu dugu, Donostiako Sustapenak koordinatuta. Bertan, 78 proiektu identifikatzen dira, Europar Batasunak jarri dituen irizpideekin bat datozenak, eta guztira 1.036 milioi euro batzen dituzten proiektuak.

Hiriaren proiektuak dira. Donostiak egun begiz jota, identifikatuta, martxan dituen edo jarriko dituen proiektuak dira, eta 7.500 lanpostu sortzea suposatu lezakete.

 

Lankidetza publiko-pribatuaren arteko proiektuak dira, hau da, Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak edo bestelako eragile batzuek (BIODonostia, CIDETEC, Tecnun, Adegi eta beste hainbat….) landutakoak. Eta Donostiaren Plan Estrategikoa osatzen duten proiektuak dira.

 

Besteak beste, honako proiektuak dira:

 

  • Bigarren Talent House-a

 

  • Tenbide ezberdinei loturiko azpiegiturak

 

  • Hriko transformazio proiektuak (peatonalizazioak, tarteko)

 

  • Etxebizitzen reabilitazio energetikoarekin lotutako proiektuak

 

  • Osasunaren arloan bultzatzen ari garen egitasmoak, Miramongo parkean kokaturikoak

 

  • Mugikortasun elektrikoarekin zerikusia duten proiektuak

 

  • Hiriaren garraioa elektrifikatzeko proiektuak

 

Funtsak jasotzeko hautagai asko izango dira, eta oraindik ez dago argi zenbat diru izango den, eta zein irizpideen arabera banatuko den. Beraz, oraindik badugu lana egiteko, eta horri ekingo diogu hurrengo hilabeteetan. Helburua da, Donostia eraldatuko duten proiektuak egiteko finantzaketa lortzea.

San Joan bezpera

Udaburuan gaude, udako solstizioan. Argia iluntasunari gailendu zaio. Luzeagoa da eguna gaua baino. Horrek bizitza hobearen itxaropena dakarkigu, eta arbola hau horren ikurra da.

 

Ez da erraza garai hauetan horrelakorik sinestea. Zenbat sufrimendu ezagutu den azken hilabeteetan gure artean. Gure pertsona maiteak gaisotu, hil, ezin era egokian agurtu… Ez genuen uste halakorik gerta zitekeenik. Baina gertatu da. Miraria ere zertu da: borondate oneko zenbat pertsona lanean jardun diren gogor eta sutsu, euren osasuna ere arriksuan jarririk, besteei laguntzeko. Guztiak gogoratu nahi ditugu, joan direnak eta geratu direnak. Arbola honek denak ordezkatzen ditu.

 

Etorkizunean zuekin, arbolarekin bat etorri nahi dugu, denok naturaren atala garela sentitu. Elkar zaintzen saiatuko garela zin egiten dugu. Eta horren adierazgarri biziaren ura zabaltzen dugu, dantzatuko dugu guztien oroimenez eta su garbitzailearen sinboloa ere piztuko dugu.

 

Gure herrian ohitura izan denez, esperantzaren arbolaren inguruan dantzatuko gara. Bizitza bera dantza baita. Donostiarrak: uda on izan dezagula