COVID-19aren ondorioz Donostiako Ekonomia Suspertzeko Plana

 

Badirudi laster garai berri bati ekingo diogula, eta garai berri horretara egokitzeko mezu argia luzatu nahi dizuet. Egoera ez da erraza izango. Eta Donostiako Udalak hiria berriro suspertzeko baliabide guztiak jarriko ditu.

Baina baliabide horiek guztiak ez dira nahikoak izango, baldin eta gutako bakoitzak gure hiriarekiko konpromisoa ez badugu hartzen. Erabateko inplikazioa erakusteko garaia da; hiriko saltokietan, tabernetan eta jatetxeetan kontsumitzeko garaia, eta hiriaren motore izateko garaia.

Eta hori guztia gure esku dago, gure ardura da, eta beharrezkoa da guztiok batera egoerari heltzea eta konpromisoa adieraztea. Eta hori da, hain zuzen ere, eskatu nahi dizuedana: guztion ekarpena egoerari aurre egiteko, eta hori hala izango da guztion inplikazioarekin.

Egoera zail honi aurre egiteko ekitzetako bat da Donostiako Udalak prestatu duen Ekonomia Suspertzeko Plana. Bertan, hainbat premiazko neurri hartu dira hiriko ekonomia suspertzeko eta, beraz, osasun-larrialdiaren eraginari aurre egiteko.

Eta helburua da, beste hainbat erakunde eta entitaterekin batera plangintza bat garatzea, krisiaren eragina gutxitzeko eta konfiantza sortzeko.

Guztion artean lortuko dugu!

Informazio gehiago: https://labur.eus/pZMQj

Keinu erraz batek pertsona ugariri lagundu diezaieke

Udala 65 urtetik gorako 30.000 donostiar baino gehiagorekin jarri da harremanetan. Ekintza honetatik informazio baliagarri asko jaso da. Horietako bat, hirian egun dauden laguntza baliabideak identifikatzeko eta ordenatzeko beharra izan da.

Konfinamenduaren ondorioz, administrazioa, elkarteak, erakunde profesionalak, enpresak zein herritarren sareak baliabide berriak martxan jarri edo lehendik zeudenak indartzen ari dira, beharra duten pertsonei laguntza eskaintezeko

Beraz, ekintza honekin helburu bikoitza dugu:
1. Herritarrei informazio sinple eta ordenatua ematea.
2. Kohesioa eta komunitatea indartzeko baliabide guztiek egiten duten lana ikusaraztea eta aitortzea.

Horretarako, dokumentu bat sortu da, konfinamendu-egun hauetan ohikoenak diren egoerei aurre egiteko eskura dituzun baliabide guztiak biltzen dituena.

Zabaltzen lagunduko diguzu?

– Sar zaitez donostia.eus/covid19 -en.
– Deskargatu zerrenda.
– Inprimatu zure etxean.
– Ipini ezazu etxeko atarian ikusgai egon dadin.

Keinu errazek pertsona ugariri lagundu diezaieke.

LagunKate: 30.000 dei baino gehiago 65 urtetik gorako donostiarrei

LagunKate: 65 urtetik gora eta bakarrik bizi diren 30.000 pertsona baino gehiagorekin harremanetan jartzeko Donostiako Udalak martxan jarri duen ekimena da.

65 urtetik gorako bakarrik bizi diren edo adin bereko edo adineko pertsonekin bizi diren pertsonei laguntzeko deiak dira.

Pertsona hauei hurbiltasuna erakustea da Udalaren helburua. Eta ondorioz, #COVID19.ak sortutako egoerak nola eragiten dien ezagutzea. Hau da, oinarrizko beharrak asetzeko baliabiderik baduten jakitea eta behar izanez gero, dauden baliabideetara bideratzea.

Auzoka antolatu diren deiak dira, hiriko ikuspegi orokorra lortzeko, baina auzoetako errealitate desberdinak aztertzeko ere balio digu. Jasotako informazoa, landu eta kudeatu egiten da.

Behin harremana eginda, pertsona hauen jarraipena egiten da, horrela nahi bada.

Ekimen hau Donostia Lagunkoiari zor diogu. Bertan parte hartu duten 140 udal langileei esker izan da posible. Gure aitortza eta eskerrik beroena guzti guztioi. Eskerrik asko.

COVID-19: Maria Cristina hotela Osakidetzaren zerbitzura

 

DonostiakoUdalak Osakidetzaren esku jarri du Maria Cristina Hotela COVID-19 duten gaixo arinak sendatzeko. Donostiako Sustapenak, hotelaren zuzendaritzaren eta Marriot Internationalen kudeaketari esker, euskal osasun sistemaren esku jarri dira bertako 120 oheak.

Sinbolismo handiko albistea da: gure hiriko hotelik klasikoenak, zine zein musika izarren hotela, behar handiena duten pertsonen zerbitzura jartzen da une gogor batean.

Hiriko nortasun ezaugarri diren elkartasuna eta konpromisoa ezin hobeto adierazten ditu. Bere zuzendaria, Ned Capelerisi, esker ona adierazi nahi diogu, baita Marriot International enpresari ere, erabaki hau hartzeko orduan eman dizkigun erreztasunengatik.

Gaixo arinentzat ezarri den baliabidea da. Euren etxean egon daitezkeen gaixoak dira. Baina senideak ez kutsatzeko edo baldintza egokiak ez dituztelako euren etxeetan, hotelera bideratuak izango dira.

Ospitalizatuak izateko beharra ez duten gaixoak, baina segurtasunagatik eta egun batzuetan jarraipena egiteko ezarri da.120 logela bikoitz dira eta Osakidetzak egingo du jarraipena.

COVID-19: mezua donostiar guztioi

Ezohiko uneak bizi ditugu. Inoiz ez genuen espero horrelakorik biziko genuenik. Eta ezohiko une honetan Donostiako Udala elkarlanean ari da gainerako erakundeekin egoerari aurre egiteko.

Gure hiria eredu izaten ari da jarrera zibiko, arduratsu eta helduagatik.

Momentuz ez da egon gertakari negatibo azpimarragarririk, eta hiritarrak, saltokiak, enpresak eta elkarteak erakundeetatik hartu ditugun neurriak betetzen ari dira.

Eskerrik asko hiritar guztioi erakusten ari zareten konpromisoagatik. Eta bereziki, elkarlanean ari diren zerbitzu guztiei ezohiko egoera honi aurre egiteko. Udaletxeko langile guztiei, hala Dbuseko gidariei, Udaltzaingoari, Mugikortasun agenteei eta gainerako udal langileei. Eta nola ez, osasun arloko langile guztiei, baita euren zerbitzuak ematen jarraitzen duten saltoki eta enpresa guztiei ere.

Era berean, eskertu nahi diet etxetik lanean jarraitzen duten hiritar guztiei. Eta azkekin, udal-taldeei egiten dituzten ekarpenengatik eta hiria martxan jarraitzeko lanean diharduten teknikariei ere.

Amaitzeko, lasaitasun mezua bidali nahi dut. Isolamendu garai honetan garrantzitsua da batera egotea. Elkarrekin lortuko dugu egoera honi aurre egitea, eta normaltasunera itzultzea, hiri hobeagoa egiten jarraitzeko.