2023: ilusio handiko erronkak

Spread the love

Ohi dugunez, urtearen lehenengo astean 2022ak utzi dizkigunak eta 2023ak ekarriko dizkigunak errepasatzeko tartea hartzen dugu.

 

2022a modurik onenean bukatu ez bazen ere Eguberri egunaren goizaldean izandako gertakaria dela-eta, urteak hainbat gauza positibo utzi ditu; hain zuzen ere, COVID19aren osasun-larrialdiaren eraginak gutxinaka atzean gelditzen ari direla erakusten dituzten hainbat gauza.

 

Eta besteak beste, ekarri du Altza kiroldegiaren tamainako proiektuen amaiera; donostistiarroi eskaintzen zaizkikgun hainbat zerbitzu eta azpiegitura hobetzea; eta hiriaren etorkizunerako ezinbestekoa izango den Loiolako Kuartelen lur-sailaren salerosketa egiteko Defentsa Ministerioarekin lortutako akordioa.

2023a aldiz, ilusio handiko erronkez beteta dator, hain zuzen ere, Donostia hiri erakargarria, aberatsa eta hainbat arlotan erreferente – ikerketa, zientzia eta teknologia, kultura, kirola edo Giza Eskubideen defentsan – izaten jarraitzen ahalbidetuko duten erronkak.

 

Etorkizuneko garapenak

 

Amaitu berri den urtean hainbat hirigintza plangintza onartu dira. Eta horiei esker, 2023an besteak beste Inpernuaren edo Lorategi Hiriaren eremuetan lanak hasiko dira.

 

Halaber, behin Loiolako Kuartelen salerosketa egiteko akordioa iragarrita, 2023an salerosketa sinatu egingo da, jabetza Udalari emango zaio eta auzo berria diseinatzen hasiko da. Eta diseinu hau Plan Orokorraren berrikuspenaren bidetik egingo da. Horretarako, urtearen lehen seihilekoan Plan Orokorraren berrikuspena egiteko Aurrerapen dokumentua onartuko da, eta bertan, Easoko trenbidearen eremua, Antzita, Sarrueta edota Txominenearen jarraipena – behin kartzela Eskusaitzetara lekuz aldatzen denean – ere aztertuko dira.

Martxan dauden proiektuak

 

Era berean, 2023an egun hasita dauden hainbat proiektu garatzen jarraituko dira. Eta horiei esker, azpiegitura berriak sortuko dira, erakargarritasun historikoa dituzten lekuak berreskuratu ahal izango dira, eta donostiarrei ematen zaizkien zerbitzuak hobetuko dira. Eta horren adibide, Bretxa izango da, non eta betiko merkatuak protagonismoa hartuko duen, eta aldi berean Parte Zaharrerako eta Erdialderako osasun zentro berri eta modernoa egingo den.

 

Gainera, hirian honako proiektuak garatzen joango dira ere: San Bartolomen kokatuta dagoen bigarren Talent House eraikina; hiriko sarrerak eta irteerak hobetzen lagunduko duen Marrutxipiko lotunea; familientzako hainbat arreta zerbitzu eta etxerik gabeko pertsonentzat eguneko zentroa hartuko dituen Villa Salia; hipodromoaren ondoan egiten hasi diren hockey zelaia; eta Anoetako inguruko urbanizazio lanak, non eta ETSk Anoetako geltokia hobetu eta bigarren sarrera egingo duen.

 

Anoetan, Estadio Txikia berritzearekin batera, gure erronka handienetako bat izango da Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlarittzarekin akordioa lortzea, kirol-hirian dauden instalazioak berritzeko oinarriak ezartzeko.

Mugikortasun jasangarria

 

Mugikortasunaren arloan, 2023an Udalak Isuri Txikiko Eremua sortu beharko du Europako Batasunak aginduta, 50.000 biztanle baino gehiago dituzten gainerako udalerriek bezala.

 

Gainera, eremu horren kudeaketa egiteko sistema teknologikoa ezarri beharko dugu, eta oniezkoentzako eremu berriak definitu beharko ditugu. Eta hori guztia, garraio publikoaren, bizikletaren eta oinezkoentzat izango diren eremu berriak sortzearen alde egiten dugun apustua berretsita.

 

Dbusek ibilgailu elektriko berrriak erosiko ditu, Europatik jasotako diru-laguntzez baliatuta. Eta horri esker, konpainiak bere flota handituko du, jasangarriagoa eginez, eta instalazioetan hainbat berritze-lan egin beharko ditu ibilgailu berri horietara egokitzeko.

 

Gainera, dBizi zerbitzuak hirian zabaltzen jarraituko du, geltoki eta bizikleta berriekin; eta Taxiaren sektorearekin elkarlanean jarraituko dugu zerbitzua hobetzeko.

Ekitaldien hiria eta hiri-erreferente

 

2023an Donostiak erreferente izaten jarraituko du kirol, kultur eta gizarte-ekitaldiak direla eta. Agendaren parte garrantsitzua izango dira eta gure nortasuna munduan zehar zabaltzen lagunduko dute.

 

Horrenbestez, ohiko kirol  eta kultur-ekitaldiez gain, Donostiak nazioarte mailako bi kirol ekitaldi hartuko ditu: Frantziako Tourraren bigarren etaparen amaiera, eta Errugbiko Top14ko bi final erdiak.

Era berean, Donostia Gizarte Ekonomiaren hiriburu izango da, hiria sektore horretan lan egiten duten enpresa eta erakundeentzako erreferente gisa sendotuz, eta babes handia suposatuko du Donostiak gizarte- eta ekonomia-arlotan izan dezakeen zereginean.

 

Azkenik, 2024an Eduardo Chillida eskultore handiaren jaiotzaren mendeurrena ospatuko da, eta beraz, 2023a ospakizun hori behar bezala antolatzeko urtea izango da.