Jesus Maria de Leizaola Lehendakariaren eskultura Euskadi plazan

Spread the love

Gaurko egunez, duela 86 urte, Jesus Maria de Leizaolak, gizon-emakume askok bezala, bere sorterri maitatua, Donostia, uztera behartua ikusi zuen bere burua, ordurako sarraski handiak eragin zituen Gerra Zibilaren ondorioz.

Egun señalatu hori aukeratu dugu hemen, Euskadi plazan, olibondo baten parean, Sebas Larrañagak egindako eskultura dotore hau jartzeko. Hirian, jendearen artean, izango dugu aurrerantzean gure lehendakari zaharra. Ziur naiz berari leku hau asko gustatuko zitzaiola, hemen jendearen joan etorria handia delako, eta bera ere horixe zelako azken finean, beste donostiar bat.

Eskerrak eman nahi dizkiot Gipuzkoako Foru Aldundiari eskultura hau Donostiari lagatzeagatik, eta gune publikoan jartzeko aukera emateagatik.

Gatazka Zibilak, urte luzez, pertsona askoren ametsak zapuztu eta herri honen etorkizuna baldintzatu zituen. Leizaolak berak horrela jasan zuen. Izan ere, 4 hamarkada igaro behar izango ziren Euskadira itzuli ahal izateko.

Gaurkoa, ordea, 1936 urteko irailak 12 hartan bizitakoaren kontrakoa da. Joan-etorria. Itzulera. Gaurkoan, Leizaola gogora ekarri nahi dugu eta.

Con mi llegada hoy a Euskadi, cumplo y doy fin a una misión que se me encomendó (…) Pido a los vascos la reconciliación y la paz, ese objetivo que ha movido mis gestos y actuaciones en los últimos diez años.

40 urtez erbestean egon ostean, 1979an, euskal lurrean, hori da Leizaola lehendakariak ozen aldarrikatu zuena: Adiskidetzea eta bakea. Horiek izan ziren bere desirak, eta horiegatik borrkatu zuen bere bizitza guztian.

Ezin ditugu ahaztu, Leizaola lehendakariak bezala, euren bizitzak eman zituzten pertsonak testuinguru historiko zail batean askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatuz eta horiek babestuz. Haiek izan ziren bakea eta askatasuna desiratzen zuten pertsonen salbazio taulak.

Geuri, hemen gauden guztioi, dagokigu haiek hasitako bidean jarraitzea. Gu gara amaitu gabeko lanean jardun behar dugunak. Geuri dagokigu Bakearen, Askatasunaren eta Adiskidetzearen bidean aurrera egitea.

-Hemen duzue olibondoa: Bakearen ikur.

-Hemen dugu plaza, Euskadi Plaza: lur Askearen aldarri.

-Eta hemen Leizaola lehendakariaren begirada: Zubirantz begira. Adiskidetasuna oinarri duen zubi sendoari begira.

Denok gara gure aurrekoen eta ondorengoen zubi. Belaunaldien arteko lotura. Baina zubiek ere baliatzen digute bestearen tokian jartzea. Ezberdin bizi, pentsatu, maitatu edo sinesten dutenek elkar ulertzeko bideak jarriz.

Onartuko dizuet Jesus Maria de Leizaolari, geure Lehendakari Zaharrari, beti izan diodala miresmen eta kariño pertsonal handia. Alde batetik, jaiotzez donostiarra zelako. Bere ibilbidean asko egin zuen berak hiri honen alde. Eta bestetik, bera bezalako gizon-emakumeek ezin hobeto ordezkatzen dutelako zer den herrigintza, zer den benetako politika egitea, zer den herria eta aberria maitatzea.

Aurten ere, gure hiriko beste ikur baten 125.urteurrena ospatzen dugu, Pablo Sorozabal konpositorearena. Bere lanen artean “Gernika” kantata dago, gure herriaren bizirauteko gogoari eskainitako lana.

Doinu horren lerro batzuk horrela diote.

Haritza bezain lerden eta zutik, gero eta indartsuago.

Arrano beltzak alferrik datoz, lainoak baino gorago.

Euskal gaztedi guztiok erne, etsaia borrokatzeko

Hiltzaile horiek inoiz ez dute haritzik lurperatuko.

 

Hautsi gure kateak

piztu euskal legeak

ta hil artean bizi askatasunean

eta pakean.

Adiskidetzea eta pakea.

Eskerrik asko, Jesus Maria de Leizaola.

Eskerrik asko bihotz-bihotzez, Lehendakari Zaharra.

Izan zirelako gara!