Zure botoak indar handia du aurrera egiten jarraitzeko

Spread the love

Kanpaina aurrera doa. Egun gutxi falta dira gure Hiriak erabaki dezan. Eta erabakia garrantzitsua da. Oso garrantzitsua.

 

8 urte eman ditugu gogor lanean gure Hiriak aurrera egin dezan. Gaur Donostia, etorkizunari beldurrik gabe begiratzen dion Hiria da. Oinarri sendoak dituena, eta horiek, guztion artean egin ditugu posible.

 

Dena gaizki dagoela ikustarazi nahi dutenen aurrean ozen eta argi esan beharra daukagu: harro egoteko moduko hiria dugu, eta horrela izaten jarraitu nahi dugu.

Datuek gezurtatzen dute ezkortasunean, kritikan eta populismoan murgilduta daudenek sinistarazi nahi digutena. Guk aurrera egiten jarraitzeko hautua egiten dugu. Eta horretarako ezinbestekoa da aitortzea ondo egindakoa, baita gaizki egindakoa ere. Izan ere, apaltasunez egindako aitortza hori aurrera egiteko eta hobetzeko lehen pausoa da.

 

Baina gaur utziko didazue aurrean daukaguna erretratatzen, donostiarrok argi izan behar dugulako zer dugun jokoan. Aurrean EH Bildu dugu, hain zuzen ere, proiektu guztien aurka dagoen EH Bildu. Horrek erakusten du Donostia oso gutxi maite dutela, eta ez dutela hiriak aurrera egitea nahi. Guztiari ez esaten diote. Ez, ez, ez, ez eta ez.

 

Bere goiburuak dio “Donostia berreskuratu” nahi dutela. Ez zaituztela engainatu. Ez dute “Donostia berreskuratu” nahi. Bakarrik beraientzako berreskuratu nahi dute. Beraien Donostia, ez guztiona.

Horregatik hauteskunde hauetan Bilduk aliatu bat du, abstentzioa. Hau da, Bilduk eta Abstentzioak koalizioan aurkezten dira hauteskundeetara. Eta zergatik egiten dute? Badakitelako zure botoak erabakitzeko gaitasuna duela. Horregatik, Bilduk ez du nahi zu bozkatzera joaterik. Etxean gelditzea nahi du. Bozka ematea erabakitzea da, baina ez ematea ere bada erabakitzea.

 

Beraz, gaurkoan dei bat egin nahi dizut,  zure botoak duen indarra baliatzea Donostiak aurrera egin dezan. Eta horretarako konfiantza eskatzen dizut. Proiektua dugu, ilusioa eta gogo handiak ere. Eta zurekin, elkarlanean, Donostia aurrera egiten jarraitu nahi dugu.

 

Batera Batera! Aurrera Batera!